2014.06.09
Ezin dira alderatu. Baina tentagarria da. 90eko hamarkada erditik bukaera bitarte argitaratutako hiru diskoek definitu zuten Errenteriako Kashbad taldea. Izaera bereko hiru lan, baina diferenteak. Hardcore bizitik rock indartsura, post rock zein popari kasu egiteraino. Eta orain Arrakala iritsi denean, iragana presente dugu. Zirena dira oraindik, eta ezberdinak ere bai. Txiki, Gorka, Sorkun eta Gorkitaren harra asebete dela esan daiteke. Baliteke behar zuten hori topatu izana. Omenaldi gisa, edo gustura agur esateko, edo zuzenekoekin berriz ere sentitzeko.
Ezin dira konparatu. Baina ahazten ez diren horietakoak dira. Errenteriako gaztetxe zaharrean eskainitako kontzertu hura dut gogoan. Deabruak Teilatuetan eta Berri Txarrak taldeekin jo zuten, oker ez banago. Nerabezaroaren gozoenean izan zen. Aurreneko lerroan, ke artean eta alkoholaren dantzan bizi izan genuen. Hurrengo aukera 2007an iritsi zen. Soilik hiru kontzertu eskaintzeko batu zen laukotea, Bilbo, Gasteiz eta Errenterian. Beraien herriko Zumardian eskainitakoa izan zen ziurrenik bereziena. Horrela sentitu genuen, gaztetxe zaharraren usainaren falta izan arren. Antzeko bi esperientzia, eta ezberdinak ere bai.
«Lehenago esan nahi nizun, baina ez nizun entzun nahi…». Ez da berandu entzuteko. Diskoaren izen bereko kantua ereserki bihur dezake geroz eta entzule gehiago dituen irrati formulak. “Negua joan da ta” fenomenoa errepika daiteke. Tira, hobe lerro hauek irakurtzen ez badituzte. Nolanahi ere, diskoko altxorra da. Lasaia ustez, baina esnatzen dena. Sorkun ahots erregistro diferente batean topatuko dugu, goxoago. Ohikotik, ordea, gehiago kantatzen du, agerian utziz duen abesteko era propioa. “Malabareak” rock kutsukoa bada, “Aita urrea” desertura begira dago. Indie rockaren erritmoekin ere ausartu dira, “Nor gehiago” eredu, eta popak bere lekua du “Lokatz siderala” abestiari esker.
Esan Ozenki garaia bizi izan zutenek “Ni izateko” kantuarekin identifikatuko dute Kashbad, askok. Hardcore bizia eta kontrolik gabeko ahots neurtua. Hasierako sugarra. Horrelakorik ere bada lan berrian: “Erraiak“. Izenburuak adierazten du benetan dena. Horrez gain, bi kantu berezi ere baditu diskoak. “Okila” sentitu bezain zuzenak Aitzol Gogorza preso laguna du gogoan, eta “Zuen eskaparateetan” izenekoa Gaztetxeak martxan bildumarako grabatu zuten. Itzulera ospatzeko, zinez kantu sorta ona bildu dute.
Ezin da gainditu. Hesiak diskoa aurrenekoz entzun nuenean konturatu nintzen kutunen artean geratuko zela. Errenteriako bandaren gailurra izan zen. Proposamen goibel bezain malenkoniatsuarekin, heldutasunera iritsi ziren. Dut taldearen Askatu korapiloa diskoarekin sentsazio bera izan nuen. Eta gainditu ezin badu ere, Arrakala iraganeko hainbat oroitzapen pizteko aproposa da. «Hesiak ditugu, baina bideak jorratuko ditugu…».
(Berria egunkarian argitaratutako kritika)