Musika

badok

2021.06.22

badok

Arkupehotsak egitasmoaren laugarren deialdia abian da

Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz kooperatibak sortzaile berriak bultzatzeko xedez sortutako Arkupehotsak egitasmoaren laugarren deialdia abian da. Datorren larunbatean zuzeneko musika itzuliko da Sanagustin kulturguneko arkupera, Hook eta Ür taldeek emango duten kontzertuarekin. Laugarren edizio honetan parte hartu nahi duten taldeek badute oraindik izena emateko aukera, izen-emate epe irekia baitu egitasmoak.

160998783_105542848286940_7119943615891450576_n

Azpeitiko Hook posthardcore taldeak joko du larunbatean Sanagustin kulturgunean.

Galdera ugari eta erantzun argirik gabeko garai honetan kultura sortzea eta gozatzea “segurua ez ezik osasungarria ere” badela uste dute Kulturaz kooperatiban. “Sortzaile askok hilabeteak daramatzate eszenatokira igotzeke, are gehiago talde txikien kasuan. Baina txikitik egiten den inurri lana izaten da funtsezkoena. Eszenaren iturririk aberatsena da, anitza, gertukoa eta muinetik sortutakoa delako”, azaldu dute Arkupehotsak-en antolatzaileek, eta horregatik egitasmoari eutsi egin nahi diote, “soinu berrien plaza” izaten jarrai dezan.

Aurreko edizioan bezala, izen-emate epea irekia izango da —data kontuan hartuko bada ere— eta egitasmoan interesa duenak izen-emate orria bete beharko du. Talde bakoitzari zuzeneko abesti bat grabatuko diote. Informazio gehiago: www.kulturaz.eus

Datorren larunbatekoaren ondoren, Arkupehotsak-en hurrengo kontzertua irailaren 4an izango da, Etxekalte eta Habi taldeekin. Elkarrekin grabaturiko single bat argitaratu dute bi taldeok aurten, Arimak denboran.

 

ETIKETAK:ArkupehotsakEtxekalteHabiHookKulturazUR