2019.06.27
Arkupehotsak egitasmoaren hirugarren edizioa aurkeztu zuen atzo Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz kooperatibak, Sanagustin kulturgunean eskaini duen agerraldian. Bertan, bigarren edizioan kontzertua jo zuten taldeen artetik eszenatoki handian jotzeko eta bideoklip bat grabatzeko hautatuak izan diren taldeak aurkeztu zituzten, Deus Ez eta Passepartout, hurrenez hurren.
Beste urte batez abian da “musika sortzaile berriak eta garatze bidean dauden proiektuak” bultzatzeko Kulturaz kooperatibak antolatzen duen ekimena. Aurreko edizioetatik ikasitakotik abiatu eta soinu berrien plaza eraginkortzeko, zenbait egokitzapen egin dituzte. Besteak beste, izen-emate epea irekia izango da —urtean bi deialdi egingo dira, bata ekainean eta azaroan bestea—, kontzertuen promozio bideoak grabatuko dira, eta, lehengo hedapen bideez gain, kontzertuetako bideoak Hamaika Telebistan ere eskainiko dira. Egitasmoan interesa duenak izen-emate orria bete beharko du.
Bigarren edizioan jotako taldeen artean, Deus Ez hautatu dute eszenatoki handian bigarren kontzertu bat jotzeko. Passepartout taldeak, berriz, bideoklip bat grabatzeko aukera izango du Arkupehotsak egitasmoari esker.
Aurkezpenean izan ziren Kulturaz kooperatibako Jose Luis Otamendi lehendakaria eta Eusebio Beloki programatzailea, Olatz Prat Azpeitiko Kultur Mahaiko lehendakaria, Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko zinegotzia, Deus Ez taldeko Koldo Sagarzazu eta Passepartout-eko Tomas Lizarazu eta Jontxu Ape taldekideak. Arkupehotsak egitasmoak laguntzaile ditu Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Bidelagun ditu, berriz, BADOK ataria, MusikaZuzenean eta Hamaika Telebista.
Hasieratik, 2011tik, sortzaile berriei babesa eskaintzea izan da Azpeitiko kultur mahaiaren kooperatibaren xedeetako bat. Horregatik, urte hauetan modu desberdin askotan gerturatu da sortzaileengana eta luzatu die eskua bere baliabideen bitartez euren lanari bide emateko (kontzertuak, grabaketak, erakusketak, antzerki sormen egoitza programa…). Arkupehotsak ontzerako garaian bi osagai garrantzitsu uztartu zituen. Batetik, eduki gisa, kultur jarduna modu integralean jorratzeko nahia eta musikaren alorra bere zentzu eta adierazpenik zabalenetan lantzeko ahalegina. Horregatik, programazioaz gain, sentsibilizazioaz, sormen prozesuez, publiko berrien sustapenaz eta formazioaz ere ari da hizketan. Bestetik, baliabide edo egitura-osagai gisa, 2015ean hasi zen Sanagustin kulturguneko aldameneko arkuan eszenatoki formatu berri bat atontzen eta sortzaile berriei plaza eskaintzen. Formatu honek gertutasun gehiagorekin eta modu dinamikoagoan musika, antzerki edo bestelako kultur adierazpenak plazaratzea ahalbideratzen du. Orain, gainera, eszenatoki finkoa jarri dute arkupean.
Beraz, aipatutako bi osagai nagusi horiek uztartuz, orain artean eginiko lana balioan jartzeko asmoz eta ekimenari forma zehatzagoa eman nahian, Arkupehotsak ekimenaren hirugarren edizioa martxan jartzera doaz.