Musika

Jon Eskisabel

2014.10.30

Jon Eskisabel

Arkaitz Minerren bakarkakoa

Azaroaren bukaeran ikusiko du argia Arkaitz Miner (Errenteria, 1976) musikariaren bakarkako lehen diskoak, Esan izenburudunak. Orain arte hainbat kantari eta musikariren diskoetan eta zuzenekoetan entzun ahal izan ditugu Minerren biolina, gitarra eta mandolina; besteak beste Ruper Ordorika, Mikel Markez, Tapia eta Leturia, Rogelio Botanz, Anje Duhalde, Rafa Rueda, Alaitz eta Maider, Petti, Jexuxmai Lopetegi… dira, izen batzuk aipatzearren. Halaber, Aintzina folk taldearekin bi disko grabatu ditu Minerrek, eta beste biolin jotzaile batekin, Juan Arriolarekin (Alboka), Hariari tiraka diskoa kaleratu zuen 2012n.

arkaitzminer

Arkaitz Miner.

Oraingoan ordea, bere kantuak eta doinuak sortu ditu Minerrek, eta etxean grabatu eta nahastu ditu urtean zehar. Grabazioaren zati bat, hala ere, Peio Gorrotxategiren Aieka estudioan egin du, eta masterizazioa Jonan Ordorikaren esku egon da. Esan izeneko diskoan zenbait idazleren testuak musikatu eta abestu ditu —Iñigo Aranbarri, Gotzon Barandiaran, Koldo Izagirre, Nazim Hikmet eta Allen Gingsbergenak—, eta herri musikan oinarritutako doinuak tartekatu ditu.

Gitarra, mandolina eta biolinarekin sortutako doinuak janzteko, Txus Aranburu (Tapia eta Leturia, Eñaut Elorrieta, Maialen Errotabehere…), Amaiur Cajaraville (Igelaren Banda), Xabier Berasaluze Leturia eta Alan Griffinen (Alboka) ekarpena jaso du Minerrek. Ahotsetan laguntzaile berriz, Gotzon Barandiaran eta Jon eta Imanol Miner —Arkaitzen anaiak— aritu dira.

Berrogei minututan ez esateko beldurra aurrerapen kantua entzun dezakezu hemen.

ETIKETAK:AintzinaArkaitz MinerRuper OrdorikaTapia eta Leturia