Musika

badok

2020.05.21

badok

Aristiren ‘Euskal kantagintza berria’ liburua berriz kalean

Klasiko bat, euskal kantagintza modernoari buruzko kazetaritza lan aitzindaria, urtetan egon den erreferentziazko liburu bakarra. Duela 35 urte idatzi zuen Pako Aristik Euskal kantagintza berria 1961-1985 liburua, eta aspaldi zegoen agortuta. Erein argitaletxeak berriz argitaratu du orain, eta Jon Eskisabel BADOKeko arduradunak idatzitako hitzaurrea gehitu dio jatorrizko edizioari.

Captura de pantalla 2020-05-21 a las 11.13.02

Pako Aristi idazleak aurkeztu du liburuaren berrargitalpena, Ereinen egoitzan.

Pako Aristik berak aurkeztu du liburuaren berrargitalpena gaur goizean, Erein argitaletxearen egoitzan, on line egindako agerraldi batean bidez. Gogora ekarri duenez, artean kazetaritza ikaslea zela jaso zuen liburua idazteko enkargua, Bernardo Atxagak proposatuta. “21 urte nituen, euskal kantagintza asko entzuten nuen, asko estimatzen nituen kantariak, nire idoloak ziren, eta pozarren hartu nuen liburua idazteko enkargua, oparia izan zen niretzat kantari haiek guztiak ezagutzea”. Euskal kantagintza “oso indartsua” zen garai hartan, “gizartean presentzia eta eragin handia zuen, gaur egun duena baino mila aldiz gehiago. Kantari hauek irudia eman zioten Euskal Herriaren mapari, ezagutu genuen Euskal Herrian bazela Baztan, bazela Zuberoa… Ideologia sustraitzen zuten entzulearengan, funtzio hori izan zuen garai hartan kantagintzak. Eta pil-pilean zeuden gai asko, sozialak, sentimentalak, politikoak, agertu egiten ziren kantetan. Herri bati atxikia izan den kantagintza batek beti agertu du herri horretako kezkak. Jendeak buruz zekizkien liburuan agertzen diren kanta asko, eta hori dena galdu egin da azken urteotan. Alde horretatik, kantagintzak galdu egin du euskal nortasunean eragina izateko ahalmena”.

“Gizartean presentzia eta eragin handia zuen kantagintzak, gaur egun duena baino mila aldiz gehiago. Ideologia sustraitzen zuen entzulearengan”

Erreferentzia falta izan zen liburua idazten hasterakoan aurkitu zuen arazo nagusia. “Kontatzeko modu bat” asmatu behar izan zuen, eta Rolling Stone aldizkariko erreportaietan erabiltzen zuten kazetaritza teknika hartu zuen eredu. “Erreportaia haietan, pertsonaien iritziez gain, non bizi ziren, nola jantzita zeuden, zenbat zigarro erre zituzten… bizitza pertsonaleko zertzeladak ere jasotzen zituzten”. Hortaz, elkarrizketak egiteko kantariak bizi ziren lekuetara joango zela erabaki zuen. Gidatzeko baimena bai baina autorik ez zuenez, Axentxio Ondartzabal Erein argitaletxeko presidentea zenak lagundu zion bidaietan eta biak liburuko pertsonaia bihurtu zituen. Bi alter-ego horiekin “fikziozko istorio xumea” asmatu zuen, elkarrizketetan eta hemerotekan bildutako dokumentazioari forma emateko egitura literario baten barruan.

euskalkantagintzaberria

Berrargitalpenak azal berria dakar.

Mixel Labegerieren lehen grabazioetatik Rock Radikal Vasco mugimenduaren hastapenak arteko garaia hartzen du liburuak bere baitan. “Garai hartan puri-purian” zeuden 15-16 kantari eta talderekin egindako elkarrizketak biltzen ditu, modu zatikatuan emanak gaiaren edota ildo kronologikoaren arabera. “Idazkera kaleidoskopikoa egokia iruditu zitzaidan irakurlea ez aspertzeko”. Besteak beste, Benito Lertxundi, Gorka Knorr, Mikel Laboa, Txomin Artola, Imanol, Hertzainak, Errobi, Izukaitz, Jotakie, Ruper Ordorika edota Xabier Leteren hitzak jasota daude. “Anekdotario handi bat dago liburuan”.

Elkarrizketatuen artean ez zegoen emakumerik eta hutsune horri buruzko aipamena ere egin du Aristik gaurko aurkezpenean. Garai hartan euskal musika “gizonen mundua” zela azaldu du, baina emakumeak egon bazeudela onartu du, eta Amaia Zubiria, Lourdes Iriondo, Odile Kruzeta eta Maide Idirin aipatu ditu. “Aitortu behar dut ez niela merezi zuten garrantzia eman”. Liburua idatzi zuenean bazuen esperantza handik 10 urtera beste norbaitek beste liburu bat egingo zuela, “hau baino sakonagoa eta osatuagoa, liburu honetan egon zitezkeen hutsuneak estaliko zituena, baina ez da gertatu, tamalez”.

ETIKETAK:EreinJon EskisabelKantagintzaLiburuakPako Aristi