Musika

badok

2018.11.14

badok

Aresti musikatu du Joseba Tapiak single berrian

Joseba Tapiak binilozko single bat argitaratuko du datozen asteetan, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen Lokatzetan Play bildumaren barruan. Gabriel Arestiren bi poema musikatu ditu Tapiak single horretan. Horietako bat, Harri eta herri liburuan jasotako “Zornotzako portuan aldarrika” olerki ezaguna da. Kantu hori hirukote formatuan grabatu du Tapiak (ahotsa), Iñar Sastre (pianoa) eta Arkaitz Miner (biolina) musikariekin. Abestia estreinakoz entzun dezakezu hemen.

OB-GD17-001.pdf

Ruben Suarezek egin du singlearen azala.

Bigarren kantuan, “Lotsarik gabe Meabe”, Arestiren 1968ko testu baten gainean Koldo Izagirrek egindako moldaketari ahotsa jarri dio Tapiak, beste musika tresnaren laguntzarik gabe. Horrela diote hitzek:

hitzaren lotsarik gabe
Meabe
ez demanda ez destaina
egiten diat nik galde
Meabe
mundua ote den España

zabal begi biak ezti
Aresti
utzi loa jaiki hadi
ezin diagu amesti
Aresti
herri bihurtu Euskadi

euskal herria gerade
Meabe
lurra, nahia, berba, zaina
esadak gezurrik gabe
Meabe
non sartu gugan España

geroa zagok garesti
Aresti
lizarrak dardara dagi
hator guganantz abesti
Aresti
aurka diagu Euskadi

Une honetan, abenduaren 9an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eskainiko duen Vint Anys kontzertuaren entseguetan murgilduta dago Joseba Tapia. Hogei urte igaro dira Koldo Izagirrerekin ondutako Apoaren edertasuna diskoa kaleratu zuenetik. Geroztik beste sei lan plazaratu ditu, azal eta mami ezberdinetakoak: Quebeceko kantu independentistak ekarri ditu euskarara, Espainiako gerrako abestiak berreskuratu ditu, aurrez aurre jarri ditu karlisten eta liberalen kantuak, Luis Rezola Tximela gudariaren kartzelako bertsoak eman ditu ezagutzera, idazle garaikideak musikatu ditu…

Hogei urteko ibilbide oparoa Vint Anys kontzertuan laburbilduko du Joseba Tapiak, eta emanaldi horretarako talde zabal bat osatu du: Iñigo Telletxea (baxua), Iker Uriarte (jazpana), Arkaitz Miner (biolina eta mandolina), Xabier Leturia (panderoa), Iñar Sastre (pianoa, ahotsa), Nerea Erbiti (perkusioa, ahotsa), Ion Celestino (tronpeta), Garazi Petrirena (tronboia) eta Julen Leuza (tronboi baxua).

Emanaldi honetarako sarrerak dagoeneko salgai daude hemen.

ETIKETAK:Arkaitz MinerGaztelupeko HotsakIñar SastreJoseba TapiaKoldo IzagirreLokatzetan Play