2014.06.16
«Sabel guztientzat ez den bonboia». Irudi gastronomiko horrekin aski ongi definitu du Naiara Anasagastik zer den Bakelite, Sergio Llanosekin osatzen duen musika bikotea. Goxoa izan liteke, baina baita gordina ere, iradokitzailea bezain garratza. Azeriak lehenengo disko luzean (Borax Ekoizpenak / Frigo Fingers), bi polo horien artean mugitzen da Bakelite, tradizioarekin lotura duten estiloetatik abiatuta —bluesa, folka, rocka—, baina batere tradizionala ez dirudien musika eginez. Perkusioa, gitarra eta ahotsa lagun, bonboi goxo bezain mingotsak eginez.
Llanos (gitarrak, perkusioak) eta Anasagasti (ahotsa, bateria, perkusioak) ez dira hasiberriak. Inondik ere ez. Biek ala biek ibilbide luzea egin dute 90eko hamarkadaren hasieratik hona. Llanos Yogur taldean hasi zen, eta, Atom Rhumba taldearen sortzaile izateaz gain, Bilboko taldearen lehenengo diskoetan parte hartu zuen, 2002an utzi arte. Gerora, Uzi Trio eta Eureka Hot 4n ibili zen. Anasagasti, berriz, Stubborn Daughters punk-rock taldearekin hasi zen 1997an; Stheticiensekin segitu zuen, eta Paniksekin ere ibili zen. «Haurdun gelditzearekin batera», baina, beste soinu batzuekiko interesa piztu zitzaion kantariari: «Anita Lane, Nina Simone, Nick Cave eta Javier Corcobadoren abestiak gehiago heltzen zitzaizkidan une hartan, eta, hori baliatuta, Sergiorekin batera kantuak eratzeari ekin nion».
Bakelite orain dela hiru urte sortu zuten, eta orain arte bide lasaia izan du. Biluzik / Txinatar horoskopoa singlearekin estreinatu zen bikotea, 2011ko irailean, eta hilabete gutxiren barruan beste single bat zuen kalean: Deitu medikuari / Espektrua. Ordudanik kontzertu gutxi batzuk egin dituzte, eta aurten iritsi da disko luzea. Lan egiteko modu baten isla izan da ibilbide hori, Llanosek dioenez: «Gauzak egiteko gogoaren erritmoan aritu gara. Biluzik singlea egin genuen proiektuaren ideia materializatu nahi genuelako, eta hori izan zen gero etorri den guztiaren hazia». Azken batean, egiten dutenari eman nahi diote garrantzia, «urgentzia barik», Anasagastiren arabera: «Gure denbora osoaren tarte txiki eta garrantzitsu bat Bakeliteri bideratzen diogu, beharrizan hori daukagulako. Nik neuk sentitzen dudana ateratzeko ezinbesteko baliabide daukadalako».
Bikote izateak asko markatzen du talde baten izaera, bai proposamen musikala definitzerakoan, bai hori zuzenekora eramatean. «Erabaki pragmatikoa da», defenditu du Llanosek, «konposatzeko estiloa asko definitu eta urruti bilatzera eramaten duen erabakia». Egin nahi dutena egiteko formatu egokiena hori dela deritzo Anasagastik, eta, gainera, aproposa da «zuzenekoak egiteko, instrumentuak eroateko, agendak sinkronizatzeko zein erabakiak hartzeko».
Beltzarekiko zaletasuna
Atom Rhumban eta Eureka Hot 4-n musika beltzarekin zegoen lotura ñabartuagoa agertzen da Bakeliten. Baina egon hor dago. «Bai, gustatzen zaigu musika beltza», aitortu du gitarristak. «Diskoan estilistikoki generoarekin zerikusirik ez duten kantuak egon arren, jotzeko modua antzekoa izan daiteke. Adibidez, balada bat, Lightnin’ Hopkinsen modu soilean». Horregatik, beharbada, Anasagastik taldea sabel guztientzako ez den bonboiarekin alderatu izana: «Bakelite apustu ilun, zintzo, arriskutsu eta gordina da».
Kantuak «espero gabeko soinu batetik» sortzen dira, eta hori riff bilakatu ostean abiatzen da kantua, Anasagastik dioenez: «Riff horretatik abestiaren zirriborroa sortzen da, eta soinu eta melodia prest daudenean, iradokitzen didanari kasu eginda, hitzak jartzen dizkiot». Hitzek badituzte zentzumenekin loturiko elementu ugari; naturarekiko erreferentziak, kasurako: lanbroa, haizea, azeriak… «Oso garrantzitsuak» direla uste du kantariak. «Esaten ari naizenak sentiarazten dudanarekiko lotura estua du».
Bakeliteren musikan beste musikari batzuen oihartzunak antzeman daitezke: Velvet Undergroundenak («Asko eragin du gugan; Lou Reeden ahotsak, gitarrek…»), Nick Caverenak («Erreferentzia bat. Haren soinua lagun zahar baten parekoa da»), The White Stripesenak («Garage talde bat, generoaren konbentzioetatik aldentzen dena. Hor dago bere handitasuna. Ausartak»), Captain Beefheartenak («Historiako talderik berritzaileenetako bat. 60koetan avant garde elementuak eta erritmo forma ezohikoak erabiltzera ausartu ziren. Punka sortu aurreko post-punk taldea»).
Bakelitek Andoaingo Rock Jaialdian joko du gaur, 18:00etatik aurrera.
(Berria egunkarian, 2014ko ekainaren 14an argitaratutako elkarrizketa)