Musika

Urko Ansa

2021.11.10

Urko Ansa

Antton Valverde (Arriaga antzokia, Bilbo, 2021.10.08)

Zoragarri zegoen Arriaga antzokia ostiral arrats honetan: Areatzako gaztain erreen usaina, jende andana zubian gora eta behera, eta plaza maisuki bere eginez, Antzokia. Hainbeste denbora pasatu da jada pandemiak areto honetaz gozatzea ukatu zigunetik… Kolore gorria da nagusi hemen, kortinak, eserlekuak… dena da dotorea. Eta guzti horri zentzua ematen diona: laster oholtzara igoko den euskal kantaririk garrantzitsu eta beteranoenetakoa: Antton Valverde donostiarra.

antton-principal

Lan berria osorik aurkeztu zuen Antton Valverdek Arriaga antzokian.

Anttonek bereari eusten jarraitzen du: pixkanaka diskografia zabal bat osatzen ari da, betiere kalitatezko produktua landuz eta sakratua den materiala eskainiz: norbere estiloko konposizioak, modak alde batera utzi eta pianoa oinarri hartuta eraikitako kantuak. Poeten kantaria dugu Antton: bere lagun mina zen Xabier Leteren poemak landu ditu, baina batez ere Lizardi eta Lauaxetaren bultzatzailerik handienetakoa izan da. Gaua. Ausentziaren itzala (Elkar, 2020) diskoa aurkeztera etorri zen Bilbora, aurkezpen konpletoa eta zuzena gainera: disko osoa goitik behera jo zuen, eta hori gutxi balitz, kantu berriak gehitu zituen errepertoriora. Ahaztu itzazue, kontzertu honi dagokionean behintzat, garai zaharretako harribitxiak eta iragan hurbilean egindako lanen presentzia bederen testigantzazkoak ere.

Azken disko honetan poeta ezberdinen piezak grabatu ditu: Xabier Lete, Lauaxeta, Bitoriano Gandiaga, eta lehen aldiz Juan Kruz Igerabide, Imanol Irigoien, Salbatore Mitxelena eta Elisa Ruedaren poemak ere. Gainera, Harkaitz Canoren poemekin lau kantu konposatu ditu. Hamairu kantako diskoan Valverdek berezkoak dituen biluztasuna eta dotorezia lantzen ditu modu hunkigarrian. Harkaitz Canorekin ematen dio hiru kantuko hasiera diskoari, eta halaxe egin zuen Bilbon ere. Are gehiago: disko osoa ia orden berean jo zuen. Oholtzara irten ziren musikariak, eta Antton gero. Diskoan txeloa grabatu duten Iván Carmona, eta alde bietan, Jurdana Otxoa (biolina) eta Joxan Goikoetxea (soinua). Nobedadea izan zen azken hau, diskoan soinurik ez baita entzuten, eta zuzenekoan hark erantsitako ñabardurak eta gustu oneko koltxoiak aipagarriak izan baitziren.

“Sei silabako gauak” izan zen lehena, beraz; kantuaren beraren egitura ezohikoak ematen dio daukan aire hilezkorra. Foliaren forma eman zion Valverdek diskoan eta, noski, zuzenekoan ere. Isiltasuna zen nagusi, eta Anttonek berak ondoen egiten dakiena eskaini zigun: konzentrazio osoz, pianoa jotzeko daukan modu gehienetan biluzia, erritmikoa, hainbatetan frenetikoa eta ia perkusiboa eskaini zigun. Ikusgarria da nolako atmosferak lantzen dituen, ahots sakon horren azpitik (edo gainetik) nota soilak zein harmonikoetan gora eta behera pasioz dantzatzen duten pasarteekin. Bere pianoak biolinarekin egin zuen elkarrizketa musikala aski aberasgarria izan zen. Anttonek azaldu zigun nola Harkaitz Canok gauari buruzko hamar olerki egin zituen, gero Arkaitz Mendozarekin batera egin zuen Malgua da gaua disko-liburuan argitaratu zirenak. Valverdek Chopinen musikarekin landu zuten poema hura (“Sei silabako gauak”) hartu eta musika berria egin dio.

Eta Anttonen 52 urteko ibilbide diskografikoan lehen aldiz, gaztelaniaz eta ingelesez kantu bana grabatu ditu lan honetan. Harkaitz Canorenak biak, “Rimas nocturnas” bere ibilbideko onenen artean sartzeko modukoa dugu, dudarik gabe. Nota grabe haiekin sakoneraino sartzen gaitu: pianoarekin egindako sarrera zoragarria, isiltasun liluragarria, eta gero Joxean Goikoetxearen akordeoia, leun eta sarkorra… Errepika ederra, eta hori guztia soiltasun hunkigarri batez jantzia. “Nocturnal rhymes”-en piano nota animosoak, erritmo oso pizgarriaz bustitakoa eta Anttonek bakarrik egin dezakeen moduko arrapaladak ematen diote kantuari grabatu zen momentutik lortu zuen betikotasuna.

Diskoaren ordenari segika, Xabier leteren momentura ere iritsi ginen, “Joan zirenei” eta “In manus tuas, Domine” poemen hitz solemne eta hunkigarriekin. Lehenarekin, hitz eder haiei musika ahaztezina txertatu zion, diskoan ez bezala biolina eta txeloaren ekarpen aberasgarriarekin. Kantu horrekin aurkeztu zituen musikariak, eta jarraian gorago aipatu dugun bigarrena. Anttonek hain gustukoa duen epikotasuna eman zion batetik, eta klasikotasun zoriontsu bat bestetik, biolinak maisuki lagunduta. “Haizeen iparrerantz” estimulagarria eskaini zigun, biolinaren presentzia pizgarria eta txeloaren kontrapuntuak bultzatutako bizitasun animosoan. Juan Kruz Igerabideren liburu batetik ateratako hitzak dira. Hark, era berean, inspirazioa Jorge Oteizaren “Existe Dios al noroeste” liburutik hartu zuen.

Elisa Rueda, Gasteizen egiten den “Poetak maiatzean” jaialdiaren zuzendaria, irakasle, aktoresa eta poeta ere bada. Hark egindako “Zenbat denbora” poesia musikatu du Valverdek, eta austeritate dotorez eskaini zigun Bilbon. Hurrengoa, Imanol Irigoien, Joan Mari Irigoien idazle donostiarraren anaiaren Argiaren barne distantziak liburutik hartua dugu, eta aurrekoa bezala, animatua eta atsegina da; publikoak eskertu zituen biak ala biak. “Gorputz dago gudaria”, aldiz, bestelakoa dugu bistan denez. Anttonen azalpenekin ikasten jarraitu genuen: Salbatore Mitxelena euskal olerkaria eta apaizak Lauaxeta erahil eta handik bi urtera idatzi zuen fikzio bat da “Gorputz dago gudaria”. Fikzio hori girotu zuen gure gau honetako protagonistak, eta bere kantutegian hain ohikoa den intentsitate joku batekin jantzi zuen, biolina eta txeloaren arteko beste kontrapuntu joku batekin.

Diskoko ordena apurtu zuen hurrengoetan. Honela, Bitoriano Gandiagaren “Errekan behera”-ren zati instrumental zoragarriekin liluratu gintuen, eta gero Harkaitz Canoren “Presentzia”, berez diskoko azken kantua dena. Hitz hunkigarriak dauzka azken honek, alhzeimerra duen gaixo batek bere bizipenak lehen pertsonan kontatzen baitizkigu. Anttonek testu horri oinarritzat hartuta egin duen musika hunkigarria eta berean dotorea da, goxotasunez eta enpatiaz interpretatua eta pianoa eta biolinaren arteko elkarrizketa zoragarri batez jantzitakoa. Ezin ahantzi txeloaren nota negartiak ere.

“Itauna” kantua argitaratu zuen Valverdek 1978an, hain zuzen ere Lauaxeta diskoan. Umore onez, “Erantzuna” izen bereko kantuarekin 43 urte beranduago (“echando pipas”) etorri dela esan zigun. Hitzak ere Lauaxetarenak dira, beraz ziklo bat itxi duela esan genezake. Bien arteko erlazio artistiko hau (Lauaxeta Antton jaio baino zazpi urte lehenago erahil bazuten ere) bere ibilbidean hainbatetan errepikatu da, eta esan beharrik ez dago transmititzen duena poeta eta gudariarekiko miresmen pertsonal, ideologiko eta artistikoa dela, eta kantu honen maitasunean begi bistakoa da berriz. Zati instrumentalen boterea ere benetan hunkigarria dugu.

Oso kantu berezia izan zen azken diskoaren aurkezpenari amaiera indartsua eman ziona: “Buhamejaunaren pheredikia”. Anjel Lertxundiren 2004ko Konpainia noblean liburutik hartua, hitzen jatorria ezezaguna da eta Anttonek musikatu du. Buhamien erregea hil zelarik, han elkartu ziren errege berria aukeratzeko, eta aukeratu zuten hark lehen pertsonan kontatzen digu istorioa. Kantuaren bizitasuna botoa eman zutenen izenak aipatzen dituenean dator: Oxat, Garbat, Bernat eta Kurrat, Artus, Pertus, Tut eta Foutut… eta abar luze bat. Grazia berezi batek beztitua dago kantu osoa, lelo dibertigarria eta biolinaren zati animoso ikusgarriak barne.

Diskoaren hamairu kantuak jota, laster konturatu ginen ez zigula bere ibilbideko klasikorik joko. Aldiz, kantu berriak eskaini zizkigun apustu zinez arriskatuan. Lehen biak, Miren Agur Meaberen poemetan oinarrituak, bata Santa Agedako koplen bertsio bat bezala har genezake, eta bigarrena haren “Gauza konkretuak” poema musikatua, erritmikoki intentsua eta biolinaren presentzia handia daukana, ikuslegoaren gustukoa izan zen. Azkenik, eta ondo ulertu bagenion, Anttonek Angel Lertxundirekin batera argitaratu zuen 3 L: Lauaxeta, Lizardi, Lete DVDko kantu bat (oker ez bagaude Xabier Leteren “Zuhaitz etzana” poema XIX. mendeko Franz Schubert musikagilearen kantu batekin lotua) izan zen kontzertuari amaiera eman ziona. Antton oroitzen da nola sortu zen: poesia hori irakurrita, Xabier Letek (Anttonek bere lagun mina imitatu zuen momentu honetan) nola, bizarra igurzten ari zela, esan zion “Hi, Antton, hau politta dek eh. Honekin zerbait egin beharra zeukeagu”. Baita egin ere.

Hori izan zen azken agurra. Ordu eta laurdeneko emanaldi atsegin, aberats eta musikalki ondo jantzia, arriskatua eta era berean guztiz zintzoa. Anttonek, bere 78 urtetan, ikuskizun irmoa eta guztiz pertsonala eskaintzen jarraitzen du, bere pianoa jotzeko estilo guztiz bereak eta oraindik ere txunditzen duen ahotsak oholtza maisutasunez betetzen baitute.

ETIKETAK:Antton ValverdeArriaga AntzokiaXabier LeteZuzenekoak