2018.06.05
Gorrotoaren ahotsa lehen disko luzea argitaratu zuenetik 25 urte igaro direla ospatzeko hainbat berri iragarri ditu Anestesia taldeak. Alde batetik, diskoa berrargitaratuko du 180 gramoko biniloan —orain arte CD formatuan baino ez da egon eskuragarri—, birmasterizatuta eta diseinuan moldaketa batzuk eginda. Bestetik, uda ondoren sei kontzertuko bira bat egingo du, disko hartako abestiak jotzeko. Hauek dira datak eta lekuak:
Taldea sortu eta bost urtera grabatu zuen Anestesiak Gorrotoaren ahotsa, Amasako (Gipuzkoa) IZ estudioan, Kaki Arkarazorekin. Mikel Kazalis (gitarra), Imanol Beloki (bateria) eta Dani Aizpuruak (baxua) osatu zuten jatorrizko taldea, eta hirukote horrek grabatu zituen lehen bi maketak, Anestesia cerebral eta Inmoralidad, euskarazko eta gaztelaniazko abestiez osatuak. Toki berean (Esan Ozenki / Hardcross, 1991) EParen grabazioan Alberto Suris Nil abeslaria sartu zen taldean, Kazalisek eztarrian zituen arazoek eraginda. Laukote horrek grabatu zuen Gorrotoaren ahotsa (Esan Ozenki), baina taldeak Facebooken zabaldu duen entsegu bateko bideoan ikusitakoaren arabera, jatorrizko hirukoteak emango ditu 25. urtemugako kontzertuak.
Euskal Herriko thrash talderik esanguratsuena da Anestesia. 30 urteko ibilbidean sei disko eta EP bat kaleratu ditu, hainbat bildumatan parte hartzeaz gain. Iazko azaroan amaitu zuen Zirkulutik espiralera azken diskoa aurkezteko bi urteko bira.