2021.04.14
Ander Unzaga musikari bizkaitarrak (Leioa, 1980) bakarkako lehen diskoa kaleratu zuen iazko azaroan, // /// (Forbidden Colours). Izenbururik gabeko zortzi pieza instrumental bildu zituen bertan, jazzetik abiatzen direnak, hala instrumentazioarengatik nola inprobisazioak duen garrantziarengatik, baina pasarte esperimental eta minimalistak ere barnebiltzen dituztenak. Lan horretako bigarren bideoklipa estreinatu dugu gaur, diskoko seigarren abestiari dagokiona. Akordeak grabazio egunean bertan erakutsi zizkien Unzagak beste musikariei, eta lehen joaldian grabatu zuten. Inspirazioak eta intuizioak bat egin zuten doinu mantso eta goxo honetan.
Unzagaren konposizioak zuzenean entzuteko aukera izango da laster, lehen kontzertuaren data eta tokia iragarri baititu. Leioako Kultur Leioan izango da, maiatzaren 7an, eta diskoan parte hartu duten musikariek lagunduko diote: Eric Deza (gitarra), Aritz Ostolaza (saxofoia), Urko Peral (baxua), Ruben Sanchez (bateria) eta Erika Imizkoz (ahotsa).
Diskoari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, irakurri Ander Unzagari egin genion elkarrizketa.