2020.11.09
Travelling Brothers taldearekin ezagutu dugu gehienok Ander Unzaga pianista bilbotarra, blues bandarekin mundua zeharkatu eta ehunka kontzertu eskaini baititu. 2014. urteaz geroztik Iruñean bizi da Unzaga —han egin zituen goi mailako piano jazz ikasketak—, eta han grabatu du bere bakarkako lehen lana, // ///, Forbidden Colours zigiluak laster argitaratuko duena. Hauxe da diskoa iragartzeko zabaldu duten teaserra.
Iruñeko kontserbatorioan ikaskide izandako bost musikarik lagundu diote Unzagari diskoa grabatzen: Eric Deza (gitarra; Deus Ez taldeko kidea), Aritz Ostolaza (saxofoia), Urko Peral (baxua), Ruben Sanchez (bateria) eta Erika Imizkoz (ahotsa). Unzagak berriz, Steinway piano bertikal zahar bat jo du. Grabazioa Drum Groove estudioan egin dute Josu Erbiti soinu teknikariarekin.
Forbidden Colours zigiluak azaldu duenez, izenbururik gabeko zortzi pieza instrumental biltzen ditu diskoak, jazzetik abiatzen direnak, hala instrumentazioarengatik nola inprobisazioak duen garrantziarengatik, baina pasarte esperimental eta minimalistak ere barnebiltzen dituztenak. Melodiak, armoniak eta erritmoak osatzen dute Unzagaren proposamen musikala.