Musika

badok

2021.11.11

badok

Anariren ‘Efemerideak’ bideoklipa estreinatu dugu

Datorren astelehenean, hilak 15, argitaratuko du Anarik single berria, Orain entzungo duzun hau… (Bidehuts), bi kantuz osatutako lana. Duela aste batzuk aurreratu genuen bezala, Nacho Vegasen “Vinu, cantares y amor” kantuaren moldaketa da single horretako abestietako bat. Bigarrena, berriz, “Efemerideak” da, Anarik 2012n sortutako abestia —Gora Japon taldearen enkarguz, izenburu bereko ikuskizun baterako—, ohikoa taldearen zuzeneko errepertorioan, baina orain arte argitaratu gabe zegoena.

Abestiaren grabaziorako Joseba Baleztena gitarristaren laguntza izan du Anari Alberdik. Izan ere, gitarra jotzeaz gain, kantuaren ekoizpena ere egin du Baleztenak Duranan (Araba) apailatu duen Gakobeltz Hit Faktoria estudioan. Han bertan filmatu dute gaur estreinatu dugun bideoklipa, Anari Alberdiren zuzendaritzapean.

Single berria aurkezteko Anarik kontzertu txiki bat eskainiko du datorren igandean Donostia Le Bukowski tabernan. Emanaldi horretarako sarrera guztiak agortu dira dagoeneko. Singlearen aurkezpen ofiziala, berriz, Bilboko Kafe Antzokian egingo du Anarik, hilaren 19an. Emanaldi horretarako sarrerak geratzen dira oraindik.

ETIKETAK:AnariBidehutsGora JaponJoseba Baleztena