2021.09.01
Tradizioz udako oporren osteko lan egutegiaren hasiera ezartzen duen eguna aukeratu du Anari kantariak grabatu duen azken abestia plazaratzeko. Kasu honetan, Nacho Vegas asturiarraren “Vinu, cantares y amor” kantuaren bertsioa egin du Anarik, euskarara egokituta. Abestiaren bideoklipa gaur esklusiban estreinatu dugu BADOK atarian.
Zarauzko (Gipuzkoa) Putzuzulon grabatua da bideoklipa, “amets fabrikaren eraiste neurtuaren bezperetan”, plano sekuentzia bakarrean eta Anari Alberdiren eta Iker Trebiñoren zuzendaritzapean. Anariren taldeko ohiko kideez gain —Mariano Hurtado (teklatua), Mikel Abrego (bateria), Xabier Olazabal Drake (baxua), Ander Mujika (gitarra) eta Xabi Etxeberri (biola)—, hainbat lagunek hartu dute parte abestiaren grabazioan, koruak eginez; besteak beste, Mursego eta Miren Narbaiza musikariak, Maialen Lujanbio bertsolaria, eta Eider Rodriguez eta Kattalin Miner idazleak.
“Vinu, cantares y amor” abestia Ramon Bilbao bodegaren enkarguz sortu zuen Vegasek eta ondoren Canciones populistas diskoan (2015) jaso zuen.
Hurrengo kontzertua irailaren 11n emango du Anarik Lemoan (Bizkaia), formatu akustikoan, Lemoakustik jaialdiaren barruan. Eneritz Furyak, Abereh,Hartz eta Serge ere bertan izango dira.