2020.09.23
Bihar, osteguna, argitaratuko da Amoranteren disko berria, euskarri fisikoan kaleratzen duen lehena. Bat edo hiru izenburuko lanak Bilboko La Mala estudioan Aitor Etxebarria musikari eta ekoizlearekin grabaturiko zazpi kanta biltzen ditu, horien artean, Mikel Laboa eta Joxan Artzeren “Ama hil zaigu” abestiaren moldaketa, duela hilabete batzuk ezagutu genuena. Gaur berriz, beste abesti bat estreinatu dugu, “Frank”. Diskoko alerik elektronikoena da, eta bertan Aitor Etxebarriak berak kolaboratzen du —diskoko kantu gehienetan bezala—. Heriotza oso presente dago disko osoan, eta horrela gertatzen da abesti honetan ere, zeinean tanatorioan nola jokatu ez dakien haur baten ahotsetik ari den Amorante. Hemen entzun dezakezu kanta.
Aitor Etxebarriaz gain, Mariano Hurtadok (kontrabaxua) eta Joseba Irazokik (gitarra elektrikoa) kolaboratu dute diskoan, eta Uxue Alberdik “Juliana” abestiaren hitzak idatzi ditu.
Diskoaren lehen zuzeneko aurkezpena Bilboko Bira aretoan egingo du Amorantek, irailaren 30ean. Urriaren 8an Ordiziako Herri Antzokian izango da, eta azaroaren 6an Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.
Forbidden Colours zigiluak argitaratu du Amoranteren diskoa, 12 hazbeteko binilo formatuan, eta diskoetxearen bandcamp plataforman eros daiteke.