Musika

Gorka Arrese

2021.06.03

Gorka Arrese

Amaren eskuekin

Zortzi kantuko diskoa eta “Gona gorria” bideo klipa aurkeztu ditu Amak taldeak. Lau trikitilari eta pandero jotzailek osatutako taldea da: Alaitz Telletxea Tolosa, Maixa Lizarribar Saizar, Amaia Oreja Unanue eta Kris Solano Maiza. Oso ezagunak egin ziren 1990eko hamarkadan, triki-poparen loraldia izan zen garaian. Hamabost urteko ibilbidea egindako Alaitz eta Maider bikoteko kidea izan zen Telletxea. 1.100 emanaldi baino gehiago eskaini zituen Maixa eta Ixiar bikotekoa zen Lizarribar. Kristina eta Amaia bikotea ziren Solano eta Oreja, baita ere ondoren M-en Ezten taldea.

AMAK TALDEA

Alaitz Telletxea + Maixa Lizarribar + Kristina Solano + Amaia Oreja = Amak. (Gorka Rubio / Foku)

Oholtzetatik aparte egon diren sasoian ere musika munduari lotuta segitu dute beti, irakasle lanetan edo musika dendan. Eta 2018ko Oñatiko (Gipuzkoa) trikiti jaialdiko emanaldi batean lau pieza jotzeko batu zituztenez gero, elkarrekin gustura sentiturik, 2019an talde berria egin zuten. «Gu lauron izenen aurreneko hizkiez eratutako izena da Amak: Alaitz, Maixa, Amaia, Kris», argitu du Telletxeak, «eta amak ere bagarenez, iruditu zitzaigun oso egokia dela. Gure hasierako helburua ondo pasatzea da. Elkartzeko eta entseguetarako batzuetan ez zaigu erraza egiten; lanordu ezberdinak ditugunez, asteburuak bakarrik geratzen zaizkigu. Baina moldatzen gara».

Iaz hogei kontzertu egin zituzten beraien kantuez nahiz besteren abestien bertsioez, harik eta Baga Biga etxeak diskoa egitea proposatu dien arte. «Gure kanta propioak ontzeko aukera sortu da, eta hau da gure alaba. Oso melodikoa da doinuz: kalejira, balsa, arin-arina, trikitia, zortzikoa, baladak… Eta, gaien aldetik, emakumea du ardatz».

Lau pandero, lau trikiti eta lau ahots batera; hori da, funtsean, Amak taldea oholtzan. «Xabi Solanoren estudioan grabaketa lanetan murgildu garenean, ordea, asko jantzi da soinua». Aurtengo martxoan eta apirilean grabatu dute Hernanin (Gipuzkoa), lau musikariren parte hartzearekin: Arkaitz Miner (harizko tresnak), Txus Aranburu (teklatuak), Zigor Dz (samplerra) eta Arkaitz Bastarrika (baxua). «Zorte handikoak gara, jende zoragarria batu baitzaigu lanerako. Eta etxean bezala sentitu gara Xabirekin grabatzen, Anttoni Records estudioan».

Zortzi abestietatik zazpi eurek sortutakoak dira, eta bat da jatorri ezezagunekoa (Egiaren arnasa). Hitzez den bezainbatean, hiru idatzi dituzte beraiek, Olaran elkarteak bat, Karmele Jaiok bi, eta Onintza Enbeitak beste bi.

Kantuak banan-banan

“Atsolorra” izena du diskoko lehen kantuak. «Ereñotzu auzunean festa zahar bat errekuperatu dute duela gutxi. Erditu berriari egiten zaion bisita da atsolorra. Honen berri jakindakoan egin dugu doinua, kalejira erritmoarekin, gure melodia itsaskor bati tiraka». Enbeitarenak dira hitzak: «Ume negarrek esnatu dute samalda/ Jaio berria eusteko zain dago aldra».

“Luzaroan” da bigarren pieza, bals bat. Amodiozko kantua da, aitorpen bat.

“Gona gorri” da hirugarrena. Gona janzteagatik Bilbon mutiko batek jasandakoen ondoren, hari babesa ematearren, Oñatin gonak jantzi zituzten mutilek. «Hortik sortua da abestia, eta ‘gona gorria/ sexu guztiek jantzia’ kantatzen dugu». Bideo klipa ere egin dute abesti honekin. Izaro Telletxeak eta Oier Labordek dantza egiten dute, eta Goretti Aranburuk koadro bat margotzen du esku hutsez. Arkaitz Sukuntzak, Mikel Fernandezek eta Ane Pescadorrek filmatu eta muntatu dute.

Arin-arin bat da laugarrena: “Erabil nazazu”. Euskarari eskainitakoa da. Bosgarrenak Jaioren hitzak ditu: “Bai, ama”. «Balada bat da, gure ama guztiei buruzkoa. Kantu goxoa eta sentibera».

“Amorra zaitez” izena du seigarrenak, eta trikitia da erritmoz. «Enbeitari eskatu genizkion hitzak. Dena ez baita poza eta irribarrea, horrela amaitzen da: ‘Amorruzkoa denean/ barruaren zirrara/ zertarako ezkutatu/ gugandik sortzen bada?’».

Zazpigarrena da “Zure izena”: zortziko bat, baserriko emakumeari eskainia. «Urteetan lanean aritu den emakumeaz ari gara, baztertua batzuetan, ahaztua bestetan». Hitzak Jaiorenak dira.

1936ko gerrari buruzko kantu batekin bukatzen da diskoa: “Egiaren arnasa”. Olaran elkarteak idatzitako hitzek halaxe diote pasarte batean: «Fusilatuok biok Bujanda eta Lasa/ eta berpiztu nahi deu hemen zuen arnasa». Balada bat da. «Lauki formako pandero mota bat da peñaparda. Horren erritmoan kantatzen dugu. Instrumentazio gutxien duen pieza da».

Baga Biga diskoetxeko Ritxi Aizpururen arabera, «euskal folkaren eta ahots polifonikoen melodietarako zaletasuna du grabitate zentroa disko honek».

Datozen kontzertuak

Bergarako Seminarixoan egin zuten diskoaren lehen aurkezpen kantaldia, joan den maiatzaren 15ean. Eta jadanik iragarri dituzte hurrengoak: sei emanaldi ekainean Gipuzkoan; Aiako probalekuan hilaren 5ean, Urnietako Sarobe aretoan 12an, Errezilen 13an, Zumarragan 19an, Arrasaten 20an eta Orion 22an.

Uztail hasieratik aurrerako emanaldiak pixkanaka hitzematen ari dira: Usurbil, Andoain, Ermua, Larrabetzu, Aduna, Berrobi, Elizondo, Irurtzun edo Bilbo. Egutegia zehatz eguneratuta egongo da, asteak joan ahala, amaktaldea.eus webgunean.

ETIKETAK:Alaitz eta MaiderAlaitz TelletxeaAmaia OrejaAmakBaga BigaKarmele JaioKristina SolanoM-n EztenMaixa LizarribarMaixa ta IxiarOnintza Enbeita