2018.06.27
Ziklikoki gertatu ohi da. Euskaldun izatearen patua balitz bezala, zenbait urtero euskal musikaren zenbat den euskal galdetzeko beharra agertzen da nonbaitetik. Gehienetan eztabaida hauek kantari edo taldeek erabiltzen duten hizkuntza izan ohi dute arrazoi nagusi, zoritxarrez musikaren azpian gordetzen diren bertzelako izaerak, nortasunak eta mezuak behar baino gehiagotan debalde hartuz. Baina aspaldian, hagitz aspaldian, ikasi zuen gizakiak, musika, identitateak bere gustura bortizki moldatzeko eta eraikitzeko tresna ezin hobea dela. Eta hitzek, berez indar hori hain modu zuzenean garatzeko ahalmenik ez badute ere (oihukatzen, alegia, musika bihurtzen ez badira behintzat), musikarekin bat egiten dutenean, konboluzioz, musika are indartsuago bihurtzen dute. Orduan, soilik orduan, agertu ohi izaten da eztabaida ziklikoa.
Ziklikoki gertatu ohi da. 90. hamarkadan nagusiki Ipar Amerikan bizi izan zen indie delako musika mugimenduak ongi adierazten du musika iraultza edo iraultzatxo bakoitzak berekin dakarrela hizkuntza erabiltzeko modu jakin bat. Soilik musika “modernoak” entzunez gero entzungo ditugu halako mila arrasto: soulak eta ondotik rock’n’rollak Ipar Amerikako beltz esklabuen hizkera zabaldu zuten (segregazionisten saiakera sutsuen kontra), punkak Ingalaterrako auzo proletarioen hizkera (zuzentasun ingelesaren defendatzaile kontserbadoreen kontra), Kraftwerkek gizaki teknologikoarena, grindcoreak hiritar alienatuarena, rap-ak…
Hasieran aipatu dugun indie-rock musikak, halako musika estilorik inoiz izan bazen, hizkuntza musika tresna bat gehiago bihurtu zuen, gainerako tresnen maila berean.
Ziklikoki gertatu ohi da. Musikaren eta artearen munduan bereziki. Akats batek dena aldatzen du. Ezintasun batek, berdin teknikoa, espresiboa edo estetikoa izan, errore zoragarriak sortzen ditu, nahi gabe, musika estilo berriei bizia emanez. Berritasuna, ia beti, mutur aitzinean dauden elementuak (hitzak, soinuak, tresnak) berriz nahasiz lortzen da. Halako zeozer izan zen 1993an Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen (Esan Ozenki) entzutea. Horixe izan baitzen Ama Say: beharrezko, nahitaezko akatsa, akats ederra.
Ausartzen naiz, ausartzen naiz…
Gutti dira euskara atzerriko musiken eraginekin modu naturalean uztartu duten musikariak. Batzuk, ez denak, aipatzearren, Ruper Ordorikak, Xabier Montoiak, Akauzaztek edo Anarik lortu dute erraztasun berezi eta aldi berean konplexu batekin, urrunean ezarritako musika begiradak bertakoak balira bezala ematea. Lortu dute euskarak bere tokia topatzea, jatorriz berea ez den musika batean. Egia da bizitza globalizatu eta musika orojale honetan jatorriei buruz hitz egitea gero eta tranpatiagoa bihurtzen dela, beraz, zuzen dezadan esaldia. Artista horiek are garrantzitsuagoa den zerbait lortzen dute: (euskal) entzuleak hizkuntzaren eta estiloaren arteko nahasketan ez pentsatzea.
Indie-rock musikak, halako musika estilorik inoiz izan bazen, hizkuntza musika tresna bat gehiago bihurtu zuen, gainerako tresnen maila berean
Ama Sayk bertze bidea hartu zuen, bi mundu berez arrotz nahastu zituen maila berean, entzuleei batere disimulorik gabe bere gabeziak, eraginak, desioak eta anbizioak erakutsiz. Heroina gaindosiz agortuta zegoen punkaren gorpua hartu, pop zaratatsuarekin nahasi, abiadura ezarri, euskara eta ingelesa (edo gaztelera) esaldi berean nahasten zituen pidgin arraro (baina gaur gure artean gero eta ohikoagoa) eta aldi berean hagitz musikala asmatu, gitarrak bezala kantatzeko modua emango zieten kantuak osatu… Zergatik ez egin, erraterako, Mikel Laboak aspaldi egin zuen zerbait? Edo RRVak bere modura rock anglosaxoia bereganatuz egin zuena? Zertarako eduki imaginarioak nahasteko konplexuak?
Free choice, hau dek hire libre aukera… dream darabil… Ez dakit, do it now… hau kontraesana…
Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen rock disko indartsu, zuzen eta gupidagabea da. Ama Say bezalako talde baten proposamen ausarta jendaurrean aurkezteko tamaina perfektukoa. Ziklikoki agertzen den akats perfektu eta kasu honetan borobil itxurako horietako bat. “Ateripean”-eko gitarra riff indartsutik “Dream darabil”-en abiatze urduriraino; “Exit-o”-ren zarata orgietatik “Geratzen zaigun bakarra”-ren esperimentazio elektronikoetara. Lau musikari, bi gitarra, baxua, bateria eta bi mikrofono menperatzeko; eta bosgarren bat, hagitz garrantzitsua, Jose Lastra, makina horren soinua zaintzen.
The Clash speed bidezko shock batek biziberritu izan balu, Itoiz-ek eremuko dunen atzetik abiadura biziegian ihes egin izan balu edo The Pixies taldeak Bilboko alde zaharrean bere pop zatia galdu izan balu… disko honetako Ama Say izango ziren. Seattlen edo New Yorken izan balitz bertzelako hitzak eta izenak izango zituzten, baina Ama Say Trapagan gertatu zen. Getxo Sound hartan, bai, baina ezkerraldean, umeak ametsak akatzen ikusten ziren lekuan.