Musika

Urko Ansa

2024.01.11

Urko Ansa

Altxor baten bila (Olatz Zugastiren kontzertuaren kronika)

  • Kontzertua: Olatz Zugasti
  • Non: Viktoria Eugenia Antzokia, Donostia
  • Noiz: 2023-12-28

Leku zoragarri honek beretzako egina dirudi. Hemen ikusi genuen lehen aldiz Olatz Zugasti duela hogeita sei urte Benito Lertxundi-rekin: 1998ko urtarrila zen. Orain, bere proiektuak abiada hartu du azken zortzi urte hauetan, eta antzoki honetan jotze hutsak prestigioa ematen duen arren, prestigio hori aspalditxo lortu duela ere argi daukagu.

IMG_8989

Olatz Zugasti, Viktoria Eugenia antzokian, urte hondarrean. URKO ANSA

2015ean Ur goiena, ur barrena diskoarekin aldaketa garrantzitsu bat egin zuen: batetik, lehenengo diskotik erabiltzen ez zuen bateria sartu zuen kantu berrietan; bestetik, bere bakarkako ibilbidean lehen aldiz zuzenekoak ematen hasi zen. Hor abiatu zen bere bigarren etapa. Urteekin oholtza gainean gero eta erosoago mugitu da, bere Orion zuzenean (2019) disko bikoitzean nabaritzen den bezala. Gratxina Lertxundi alaba taldeko partaide bihurtu zen zuzeneko diskoa baino lehen, eta oholtzan paper garrantzitsua betetzen du gaur egun.

Lehen aipatu Ur goiena, ur barrena diskoak bazeuzkan pop-rockera hurbiltze batzuk. Dena den, bere nortasuna mantentzen jarraitu zuen bai zuzenekoetan bai iazko Hitzño bat erran, eta banua berhala lan guztiz gomendagarrian. Gainera, zenbait kantutan harpa utzi eta gitarra jotzen ere hasia da zuzenekoetan.

Zazpi t’erdiak ia puntuan irten ziren oholtzara hernaniarra eta bere lau musikariak: Ander Ederra (gitarra, Olatzekin jotzen hamarkada inguru darama), Amaiu Cajaraville (baxua, Olatzekin urte gutxiago daramatzan arren Benito Lertxundiren bandan elkarrekin jotzen dute aspaldidanik), Ander Zulaika (bateria, azken bi diskoetan presente) eta, nola ez, Gratxina (ahotsa, teklatua eta haizezko tresnak). Banda honekin lortzen duen soinua, presentzia eta koordinazioa benetan sendoak dira.

Aurreko diskoko Agur eta ohore aukeratu zuten emanaldiari hasiera emateko, adibidez duela zortzi urte Markina-Xemeinen egin zuten bezala. Egun hartan bat ezik disko osoa aurkeztu bazuten, oraingoan lan berriari goitik beherako errapasoa eman zioten, material berrian duen konfiantzaren adierazgarri. Bigarren kantua ere estudioko aurreko lanetik jaso zuten: Sena. Hemen jada ahotsen jokuen balioaz ohartzen hasi ginen, ama-alabek osatzen duten ekipoa nabarmenki koordinatua baitago.

Lehen esan dugu disko berria oso-osorik jo zutela; hirugarren kantuarekin etorri zen kantu berrien lehen segida: bost kantu jarraian. Lohitzunean barna, segur aski lan berriko onenetakoa, eta Izarraitz magalean zinez ederra izan ziren lehenak. Muga gabeko hondartzara abestiarekin jarraitu zuten, eta hurrengo bietan (Badakizu eta Ganbaratik) Olatzek gitarra hartu zuen lehen aldiz. Kontzertu osoan gutxienez bost kantutan erabili zuen instrumentu hau. Ezustekoa izan zen, hernaniarra teklatuak eta harpa jotzen ikustera ohituta baikaude. Teklatuak Gratxinak jotzen ditu gaur egun, haizezko instrumentu zoragarri batez gain. Ez dakigu ziur instrumentu haren izena, baina Muga gabeko hondartzara edo Badakizu kantuekin hasi ginen konturatzen haren soinu bereziaz.

Horrez gain, haizezko instrumentu hori sartzeko momentuak ezin aproposagoak izan ziren emanaldi osoan, kantuek berezko duten soinuari magia berezia txertatu baitzien. Ganbaratik kantuan, agian lehen aldiz, lau ahotsetan kantatuz noraino iritsi daitezkeen konturatu ginen. Amaiur Cajaravillek eta Ander Zulaikak era xume eta neurtuan emakumezko bi ahotsei ematen dien anplitudea txundigarria da oso. Gainera, kantu zaharrei aire berri bat eman diete era benetan eraginkorrean, baina baita disko berrikoei ere; hori da harrigarriena.

Beraz, lau sorpresa faktore aipatu behar nituzke gutxienez: Gratxinaren haizezko tresna, Olatzek kantu batzuetan gitarra jotzea, Ander Zulaikak bateriarekin abestiei ematen zien martxa eta lau ahotsetan kantatutako hainbat errepika. Aurreko diskoko Mezularia Olatzek eta Gratxinak bakarrik egin zuten. Elvira Zipitriari buruz egin den dokumentalean entzun daiteke azken kanta hau. Olatz asko hunkitu du bere kantua hor sartzeak, eta kontatu zigun nola pertsonaia bat Saratik Nafarroara pasatzen den momentua aukeratu zuten kantu horren zati bat dokumentalean sartzeko.

Sentsazio berriak pilatzen jarraitzeko, martxa itzela sartu zioten Mairu baratzean berez potenteari, Bakean ala otzandua ederrari eta dimentsio berri bat eman zioten Mendian zoinen eder kantu zuberotarrari, diskoan lortu duten giro elizkoia galdu gabe baina lau ahotsetan egiteak dakarren berritasunarekin. Disko berria goitik behera jotzeaz gain, aurreko estudioko laneko bost ere jo zituzten, baita 2019ko zuzenekoan grabatutako bi ere: horrek soilik bost abesti zaharrentzako lekua utzi zuen… baina horietako batzuetan nabaritu genuen formatu eta manera berriek sortu duten iraultza: Azkenean Katmandu adibidez, berez flotatzailea eta gozagarria, instrumentazio berri honekin eta baxuaren eta bateriaren presentzia handiagoarekin harrigarri geratu zitzaien.

Lehen diskoko Neguko arratsalde batean kantuak Olatzen soinu primitibo eta biluzi hori ezin hobeki ordezkatu zuen. Zoritxarrez, lan hartatik beste bat bakarrik joko zuen. Itoitz kantua, Olatzek kantatu eta konposatutakoa, Benito Lertxundiren 40 urtez ikasten egonak (2005) zuzeneko diskoan grabatu zen lehen aldiz. Gero, 2015ean zuzenekoak ematen hasi zenean, bere errepertorioan ere sartu zuen. Olatzek kantu hau harparekin eta soilik Gratxinaren teklatuen laguntzarekin jo zuen.

Lan berriari egindako azken errepasoa etorri zen, segidan, hiru kanturen eskutik: Oihartzun egiten zigun, Zuhainik gorena (jatorriz Oihaneko zuhainetan izeneko kantu zaharra, gau honetan soilik Olatzek eta Gratxinak interpretatua), eta Oi, Amaiur boteretsua. Elearen lainoa disko limurtzailetik bi bakarrik jo zituen, eta bigarrena Karriketan barna izan zen. Sorginkerian galdu Uhats taldeak grabatu zuen 2015ean, eta musika herrikoia den arren, Olatzenak dira hitzak eta moldaketak. Olatzek bere erara interpretatzen du, Uhatsek baino martxa gehiagorekin egin ere.

Bere soinuan eboluzio bat hasi zuen Ur goiena, ur barrena diskoan harpari protagonismo apur bat kendu eta bateria berriz ere sartuz, baina harpa da (ahotsarekin batera) bere nortasun agiria eta ez du baztertu

Kontzertu amaiera bereziki hunkigarria izan zen. Bizirik gaudelako oso eder geratu zitzaien, hasieran bi eztarrirekin eta gero lau ahotsetan. Musikariak aurkezteko aukera egokia izan zen, bide batez. Bisetan, Kantu baten bila nabil lehenengo. Hau izan zen Olatzek konposatu zuen lehen abestia, eta 1991ko izen bereko diskoan argitaratu zuen. Amaiur Cajaravilleren baxua bereziki sarkorra somatu genuen kantu honetan, Gratxinak haizezko instrumentua berriz ere momenturik aproposenean jo zuen eta bukaerako koruak zirraragarriak izan ziren.

Agur esateko, arrakasta handia eduki zuen Ur goiena, ur barrena abestiak, hau izan baitzen ikuslegoak gehien kantatu zuena. Ordu eta hiru laurden iraun zuen emanaldian Olatzek bere ibilbidearen gidaritza eta autonomia baieztatu zituen. Pausu bakoitzean bere bidea sendotzen doa, disko berriak argitaratzen jarraitzen du eta gainera 2015ean zuzenekoetara egin zuen jauzia ez da bere horretan gelditu: indartzen doa eta arrakasta edukitzen ari da. Publikoarekin komunikatzeko daukan gaitasuna ere nabaria da, eta goranzko joera dauka, nahiz eta Viktoria Eugenian (denbora kontuagatik akaso) beste batzuetan baino gutxiago hitz egin zuen. Agian horregatik ez zuen Alan Griffinen (bere bigarren diskoan flauta jo zuen musikari irlandarra) heriotzari buruzko aipamenik egin.

Guzti horrez gain, kantu zahar zein berriei zuzenekoan ematen dien dimentsio berri horrek sentsazio biziki estimulagarriak sortzen ditu entzulearengan ere. Bere soinuan eboluzio bat hasi zuen Ur goiena, ur barrena diskoan harpari protagonismo apur bat kendu eta bateria berriz ere sartuz, baina harpa da (ahotsarekin batera) bere nortasun agiria eta ez du baztertu. Bai bere kantei zein Benitoren batzuei (aurreko biran Mirotzak eta Ni Olentzero naiz kantuei eman zien bueltaz ari naiz) eman dien bigarren edo hirugarren bizitza hori, eta berau aurrera ateratzeko ahalmena da, sortuko dituen kantu berriekin batera, gauza guzietan erakargarriena. Eta ez dezagun ahaztu faktorerik ia garrantzitsuena: bere ahots zoragarria.

ETIKETAK:Olatz ZugastiViktoria Eugenia antzokiazuzenekoa 2023