2020.11.17
Pandemia hastearekin batera heldu zioten lanari idazle eta musikariak. «Erdi brometan hasi ginen, onomatopeiaren balioaz hizketan, haur literaturaz. Eta handik gutxira Iñakik bidali zidan Karranka eta intziri poema». Orain diskoa zabaltzen duena, hain justu. Etxe bateko bi ateri buruz ari da, karran-karran egiten duen ate zaharraz eta iii…iii egiten duen ate berriaz. Hitzak jaso zituenean «sorginduta bezala» gelditu zela oroitu du Muguruzak, eta Irazuri eskatu ziola bide horretatik segitzeko, gisa horretako letrak bidaltzen. Esan eta egin, Irazuk hitzak bidali eta Muguruza doinuak konposatu, hala ondu dute diskoa.
Pandemiaren itzalak ere izan du pisurik proiektuan. Muguruzak aitortu du bolada ilun baten ondotik helduleku moduko bat izan dela harentzat: «Ni oso egoera gogorretik nentorren: anaia hil, larri gaixotu, eta tratamendua bukatzera nindoala, pun, pandemia etorri zen. Niretzat oso lagungarria izan zen erdi txiripaz nola hasi zen prozesua Iñaki Irazurekin».
Gaur goizean aurkeztu dute lana, eta, Irazuk bertaratzeko modurik izan ez duen arren, lana biek sinatzen dutela azpimarratu du Muguruzak. Hark bidalitako hitzak ere irakurri ditu: «Poema hauek, Jabierrek kantuan eskaintzen dizkizuenak, nire baitan bizi den umearekin eginak dira, elkar hartuta, eskuz esku. Onean hartu dugu elkar, elkar elikatuz».
Muguruzak Mikel Azpiroz izan du lagun agerraldian, hark ere proiektuan parte hartu baitu. Hari bidali zizkioten, hain justu, lehen hiruzpalau kantuak, eta begi onez ikusi zituenean hasi ziren gainontzekoak ontzen. Uda hasierarako, bazituzten diskoan bildu dituzten hamarrak. Donostiako Mamusik estudioan grabatu dituzte, «aparteko musikariekin», Muguruzaren hitzetan: Azpiroz Rhodes pianoan, Jean Marie Ecay gitarra elektrikoan, Denis Benarrosh perkusioan (Paristik) eta ahotsen atalean, berriz, Nieves Arilla eta Muguruza bera. Diseinua eta ilustrazioak Pedro Balmasedak egin ditu, eta azaleko marrazkia, berriz, Sonia Garatek.
Muguruza bera kantari
Hain zuzen, musikariak ahotsaren alderdian nabaritu du aurreko lanekiko alde aipagarrienetako bat, «esperimentutzat» jo duena: «Nire aurreko lanetan umeak jarri ditut kantari, baina oraingo honetan interesa nuen nik neuk eta beste norbaitek egiteko, eta berehala etorri zitzaidan Nieves Arillaren izena. Esango duzue: ‘Baina hau ez al zen Zaragozako kantaria?’ Bai, baina euskaraz abesten du zoragarri. Ahots gozo eta ederra dauka». Gogora ekarri du Mikel Errazkin Sorotan Bele taldeko kide ohiaren bakarkako diskoetan Arillak egindako kantu lana, baita bere Hain guapa zaude (2001) diskoan egindakoa ere. Umeekin egin ordez, harekin abestea urrats bat harago joatea izan dela azaldu du, probatzea: «Zerbait eman nahi nien kantuei, beharbada orain arte lortu ez dudana. Umeekin egindako lanekin oso gustura nengoen, baina espresio aldetik kosta egin zait zuku hori ateratzea».
Horrekin batera, diskoak ezaugarri nabarmenik izatekotan, «alaitasun samur eta bare bat» litzateke hori Muguruzarentzat, alaitasun «zalapartatsu» batetik urrun ikusten duena. «Saiatu gara umearen barne mundura iristen, sosegua transmititzeko asmoz». Eta erantsi du Euskal Herriko ume guztiei eskainia dagoela lana, pandemia tarteko «haurtzaro mugatua» tokatu zaienei batik bat.
Lan honetan bildutako kantuak orain artean baino ume txikiagoei zuzenduta daudela ere esan du musikariak. «2-6 urte artekoentzat», zehaztu du. Baina zabaldu egin du gero tartea: «Nerabezaroa alde batera utzita, gainontzeko guztientzat den disko bat da. Bizirik badaukagu behintzat barruan daramagun ume hori». Ezusteko adibide batekin erakutsi du: “Kro-kro”kantua jarri, abesten hasi, «Kro-kro/diloak/malko bat/isuri du: lodi!» eskuekin lagunduz, eta aretoko heldu batek barre egitean, hari begira esan du: «Horra, barruko umea barrez».