2018.05.29
Ezustekoa, alaia, berezia, jostalaria, bizia. Hitzez azaltzen erraza ez bazaio ere, kalifikatzaile horiek jartzen dizkio Josu Isaias Isuo Txost taldeko gitarristak euren musikari. «Alaia», hori da gehien errepikatzen duena: «Hasieratik izan dugu buruan alaitasuna. Baina musika alaia beti lotu izan dugu ska edo beste estilo sinpleago edo komertzialago batzuekin. Eta zalantza egiten genuen: gurea alaia da? Dantzagarria da?». Baietz dio, eurena hala dela, baina ez horregatik azaleko musika: «Nahiz eta alaia izan, lanketa handia dauka atzetik».
Lau dira taldean: Mikel Arriaran Jul baterian, Aritz Ormazabal Orma baxuan, Jon Murua Kezman tronpeta eta ahotsean, eta Isaias gitarran eta ahotsean. Laurak bizi dira egun Urretxu-Zumarragan (Gipuzkoa). «Bai pertsonalki eta bai musikalki ongi moldatzen ginen aspalditik. Bakoitza estilo ezberdinetatik zetorren, eta zer aterako zen jakin gabe hasi ginen», azaldu du Isaiasek. Bi premisa zituzten: ezin zen «zaratatsua» izan, eta «alaia» izan behar zuen. «Asko entzun izan ditugun taldeak, batez ere Euskal Herrikoak, soinu aldetik nahiko ilunak izan dira: Dut, Lisabö, Inoren Ero Ni… Eta, nahiz eta hori gustatu, zerbait alaiagoa egitea nahi genuen». Zortzi kanturekin osatu dute diskoa, lehen aldiz elkartu zirenetik bi urte inguruan ondu dituztenak. Diskoa atera aurretik, halere, dezente aritu dira zuzenekoak ematen, eta hor jo izan dituzte orain grabatu dituzten kantuak. Txaloekin edo kantuarekin laguntzeko eskatuz, zuzenekoetan ere giro «jostalaria» bilatu ohi dute, Isaiasen esanetan.
Pilotaren zaletasunetik
Musikazaleak adina pilotazaleak dira laurak. Hor datza taldearen nola diskoaren izenen abiapuntua. Batetik, Txost; pilotak ezkerparetaren eta lurraren arteko angeluan jo, eta bertan geratzen denean hartzen duen izena. Isaias: «Pilotak txosta egiten duenean, ez dakizu ondo nora aterako den, eta gure musikarekin badu lotura bat; ustekabekoan eta bizitasunean». Eta, bestetik, Erreferak esperantza izenburua. «Joxean Tolosaren eta Xabier Euzkitzeren oso zaleak gara. Behin xaxari bat eraman zuten final batera, eta hor ezagutu genuen nola 1-0 zihoazenean xaxariak esaten zuen: ‘sakeak bat, erreferak esperantza’. Kantatzen bezala esaten zuen, eta beti obsesioa izan genuen horrekin, zero esan ordez esperantza esate horretan. Gauzak graziarekin egitearekin lotzen genuen, galtzailearen estetikarekin ere bai. Iradokitzailea eta elegantea da».
Irratsaio kontzertua kalean
Zumarraga-Urretxuko KkinZone irrati librearekin elkarlanean aurkeztuko dute aurki diskoa. «Zuzeneko irratsaio-kontzertu bat» izango dela aurreratu dute, baina ez dute egunik oraindik. Bai, ordea, hurrengo kontzertuenak: ekainaren 16an, Pasaian joko dute (Gipuzkoa), eta ekainaren 30ean, Zumarragan (Gipuzkoa).
(Berria egunkarian, 2018ko maiatzaren 25ean argitaratutako artikulua)