2014.11.24
Ahots gazte bezain ederra eta musikari lasaitua. Ane Garcia ikasleak eta Iñigo Muguruza irakasleak egin dute urratsa. Lurra banda bihurtu, eta eroso jarrita plazaratu dute Akatsa sisteman lehen lan luzea. Laukote gisa, proposamena are gehiago aberastu dute. Mundutik abiatuta, pop, folk eta reggae koloreak oso presente dituzte. Begiak ireki ahala entzuten dira Fenneh eta Munduaren aurrean kantuak. Reggae pausatu batetik trikitia oinarri duen ska arin batera pasatzeko erraztasuna dute. Heart Blues akustikorako, berriz, Petti gonbidatu dute. Nor bestela? Lurtar gehiago behar direla aldarrikatzeko, popa nahiago dute, eta rock and rolla Eguzki berbera onartzeko. Joxe Ripiau-ren bizitza tristea Oinutsik abestian topatuko dugu, gero oso bestelakoa bada ere. Carlos Zubikoaren bi kantu instrumentalek ere janzten dute diskoa. Elektrikoa nagusi denean, akustikoa loratzen ari da.
(Berria egunkarian, 2014ko azaroaren 23an argitaratutako kritika)