Musika

badok

2023.01.12

badok

Aiert, Arragoa eta The Clayton taldeak, Danbaka lehiaketako finalean

Hamabi urteren ondoren, udazkenean berrabiatu dute Danbaka musika lehiaketa Debagoienan. Bosgarren aldia da aurtengoa, eta, bost kontzertu saioren ondoren, finala jokatzeko garaia heldu da. Bihar egingo dute, epaimahaiak hautatutako hiru talde onenek: Oñatiko Aiert (Gipuzkoa), Bergarako Arragoa (Gipuzkoa) eta Aramaioko The Clayton taldeek (Araba). Hiru estilo, hiru osaera eta musika ulertzeko hiru modu ordezkatzen dituzte, antolatzaileen esanetan.

Arragoa

Arragoa taldearen kontzertu bat. (Goiena)

Izan ere, aniztasuna izan da lehiaketaren ezaugarririk bereizgarriena, Jokin Bereziartua antolatzaileak adierazi duenez. Elektronika, popa, rocka, punk-oi!-a, heavya, metalcorea, folka, musika urbanoa eta beste hainbat estilo izan dira Bergarako Seminarixoko agertokian. «Talde hasiberriak eta ez hain hasiberriak dena ematera irten dira, eta, arazoak arazo, emanaldi oso txukunak egin dituzte; bereziki musikazalea den bailara honetan dagoen kalitate handiaren adierazle», kontatu du.

Aiert bakarlariak pop-rock doinu lasaiak eta ahots gozoa eramango ditu finalera; Arragoa taldeak, askotariko folka; eta The Claytonek, erraietatik ateratako rocka. «Ikuskizuna bermatuta dago». 21:30ean hasiko dira kontzertuak. Hiru sari banatuko dituzte: sari nagusia —disko bat grabatzea—, entzuleen saria —bideoklip bat— eta Danbaka-Ekinez saria —2023ko Ekinez jaialdian jotzea—.

The Clayton

The Clayton taldearen emanaldi bat. (Goiena)

Honako hauek osatzen dute epaimahaia: Julen Narbaiza musikazaleak, eta, besteak beste, Txibisto aretoko arduradunetako bat izandakoak; Kristina Markina,Bergarako Udaleko Kultura zinegotziak; Iñigo Ugarte musikariak; Nerea Loron La Furia rap abeslari eta sortzaileak; eta Aitor Aldanondo musikariak.

Goiena Komunikazio Taldeak antolatu du lehiaketa, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Denera hogei taldek parte hartu dute orain arteko bost kontzertuetan, eta denen grabazioak argitaratu dituzte Goiena-ren eta Danbakaren webguneetan.

Aiert

Aiert bakarlaria. (Goiena)

Orain arte egindako bideak erakutsi die merezi izan duela Danbaka berriro antolatzea, Bereziartuaren hitzetan. «Taldeek asko eskertu dute aukera eman izana, eta orain arteko bost gauetan giro ederra izan da Seminarixoan eta kanpoko chill out gunean; lan handia da, baina merezi du».

ETIKETAK:AiertArragoaDanbakaThe Clayton