Musika

badok

2018.02.22

badok

‘Ahotsenean elkartuko gara’ jardunaldia egingo dute Oñatin

Beratu jaialdiaren lehen ekitaldia hartuko du Oñatik martxoaren 18tik 25era bitartean. Herriko hainbat tokitan kontzertuak eta bestelako saioak izango dira astebetez. Jaialdi “transbertsala” dela azaldu dute antolatzaileek, sortzaileak eta eragileak batu eta “musikaren ertz ezberdinak bizitzeko modu berri bat” proposatuko duelako. Dagoeneko ezagutzera eman dituzte egitaraua osatuko duten hainbat talderen izenak: Delorean, Lukiek, Maria Arnal i Marcial Bages eta Audience. Musikaren alde hurbila da jaialdiaren leloa, eta horrekin bat eginez eztabaida eta gogoetarako jardunaldi bat antolatu dute, Ahotsenean elkartuko gara izenburupean. “Euskal musikaren eszena berrian sortzen diren kezka, zalantza eta galderei erantzunak bilatu eta ematen saiatuko da” martxoaren 24ko jardunaldia.

Delorean Laboa

Delorean da Beratu jaialdian parte hartuko duten taldeetako bat.

Lau zutabe ditu antolatzaileek egun horretarako prestatu duten egitarauak. Alde batetik, profesionalen eta musikarien arteko topaketa egingo dute. Kontzertuen programatzaileak, diskogintzako eragileak, managerrak eta kazetariak musikariekin bilduko dira elkartze azkarrak eta world cafe dinamikak batuko dituen egitasmoan. Antolatzaileek azaldu dutenez, “profesional bakoitza eztabaida mahai batean egongo da eta aldez aurretik sei lagunek osatutako taldeetan banatutako musikariek 15 minutu izango dituzte horietako bakoitzarekin biltzeko. Behin denbora hori igaro ostean mahaiz aldatuko dira. Musikariak mahai guztietatik igaro ondoren antolatzaileak profesionalekin bilduko dira eta hauek jasotako ondorioak aurkeztuko dituzte”. Ekimenaren helburua, “euskal musikak bizi duen paradigma berria ulertu eta erantzunak bilatzea da”. Topaketetan parte hartzeko izena eman behar da ondoko helbide honetan: ahotsenea@durangokoazoka.eus

Beratu irudia

Hitzaldiek osatuko dute egitarauaren beste atal bat. UsoPop jaialdiko eta MIE Musika Industriaren Elkarteko ordezkariek 20 minutuko hitzaldi bana eskainiko dute. Bestalde, Eltzia eraikinean kokatutako Ahotsenea plazak La Basu, Hiri Galduak, Morau eta Inun bakarlarien kontzertuak hartuko ditu. Azkenik, musika azoka ere izango du jardunaldiak. Ekimenean parte hartzen duten musikariek eta musika taldeek euren diskoak saltzeko aukera izango dute.

www.beratu.eus/eu/

ETIKETAK:AudienceBeratuDeloreanHiri GalduakInunLa BasuLukiekMIEMorauUsopop