Musika

Ainize Madariaga

2022.12.21

Ainize Madariaga

Ahotsari oholtza osoa

Ahotsez diskoan «biluztasuna» adituko du entzuleak. Bere burua prestatu beharko du Kalakan taldea a cappella behatzeko, plazer horretara itzuli baita taldea diskoan, artistak eta beha zaleak abantzu batere mikrorik gabe elkarri begietara so egonez, publikoaren eta musikarien artean haririk gabeko giza haria dutela lotura bakarra. «Oihartzun naturalarekin eta lagunarengandik hurbil-hurbil» kantuz ari nahi izan du Jamixel Bereau taldeko zuzendari artistikoak. Gaur eta bihar Baionako Luna Negra antzokian izanen da taldea, 20:30ean. Hilaren 30ean ere ariko da, Getarian (Lapurdi).

Bixente Etxegarai + Jamixel Bereau + Xan Errotabehere = Kalakan (Argazkia: Tutti Community)

Bereauk iragarri du giro aldaketa batera begira publikoa «psikologikoki» prestatzeko egin dutela disko hau. Bi kontzertu mota eskainiko baitituzte: alde batetik, disko intimista honen girokoa, eta, bertzetik, heldu den urtean landuko duten rock estilokoa, «txosnetan» emateko gisan, «polarizatzeko» gogoa baitute.

Badu 30 urte oholtzaz oholtza ibilki dela Bereau, mota orotako musika egiten. Argi du, beraz, zeren enbeia duen orain: ahotsari protagonismoa ematea, tresnek ekar lezaketen kontzentrazio eskaera handiegiari muzin eginez: «Plazera zuzenagoa da; eliza batean a cappella kantatuz aritzea mikrorik gabe kontzertu sinpleagoa, biluziagoa, akustikoagoa da». Publikoarengandik hurbil egotea bilatzen du taldeak Ahotsez kantatzeko, eta tartea zehatza da: «Ezin badituzu pertsonaren begiak ikusi, urrunegi zaude».

Badaki zertaz ari den: 60.000 lagunen aitzinean ari izan baita jadanik. Harentzat oholtza egokiena ttipia litzateke, publikoak ongi jaso dezan artistek ematen dutena: «Musika biziki ederra izan daiteke gorputzetik gozatzeko, baina behar duzu zutik izan, taldetik nahiko gertu bere energia hartzeko eta mugitzeko, gorputzari adierazteko parada emateko. Gureak badu meditaziotik, bidaia izpiritualetik».

Eta, gainera, taldea gogoa askatzen ari da, kudeaketa lanez arintzen, datorren diskoa prestatzeko, gitarra elektrikoa sartuz. Musikalki zein xendra hartu argi ukaiteaz gain, artisten rolaz ere hausnartu du Bereauk: «Behar genuke gure lana egin artista gisa, gauza batzuk azpimarratuz, salatuz, jendea lagunduz… Uste dut lan politiko eta filosofiko hori gero eta gehiago desagertzen ari dela, gaur egungo gaiak azalekoak baitira; anitz saldu nahi baduzu, ez duzu nahi nehor haserre dadin; beraz, ez duzu egiarik erraten».

Bederatzi kantu tradizional landu ditu Kalakan hirukoteak: Bereauk, Xan Errotabeherek eta Bixente Etxegaraik. Portugalgo, Irlandako eta Txileko kantuak salbu, denak euskaldunak dira.

Ahotsaren hotsa

Kantuen hautaketan «esentzia» baten bila aritu dela aitortu du Bereauk, «oreka» baten bila, egin ahala gauza gutirekin. Funtsean, oroitarazi du kantu bat zer den: «Pertsona batek bakarrik eraman dezakeen melodia da kantu baten mamia. Gero, nahi duzuna gehi diezaiokezu. Baina, mamia polita bada, beste guziak apainketak dira. Batzuetan apainketak zerbait gehitzen badio ere, beste batzuetan kentzen dio ere». Gorputz pikarraiaren irudia ekarri du adibide gisa, politagoa izan baitaiteke beztitua baino, jantziek estali gabe biluziaren edertasuna.

Lehengaia ederra bada, beraz, apainketarik gabe edo gutirekin hala izaten segitu beharko luke. Foggy Dew kantuan, adibidez, hondar unean kendu zioten teklatua. Kontrara, oraingo pop kantuekin alderantzizkoa da agitzen, tresnetatik partitu bide baita haien sorkuntza: «Kantuari tresnak kenduz gero, ahotsa ez da biziki interesgarria. Kantu zahar horiek maite ditut, instrumenturik gabe konposaturik izan baitziren gehienak». Berreteretxeren kantorea orain arte ahoz aho heldu izanak liluratzen du Bereau.

Kantuen hitzak taldearenak ez badira ere, hautaketa ez da «inozoa» izan. Are, Lili eder bat abestiaren hondarreko kopla, konparazione, ikuspegi feministatik interesgarria egiten zaio Bereauri; izan ere, «usaian ez bezala», emazteak baitu fortuna, eta jakin nahi baitu gizonaren interesa zein den: zinezkoa ala ekonomikoa. Gaiaz gain, musika estetikagatik ere hautatu du kantu hori lantzea: «Erromantikoa, harmonizazio klasikoagokoa landu nahi genuen. Holako kantu bat ukaiteak, enetako, bazuen interesa, giroagatik, musika estetikagatik».

Laida pilota kantuko hitzek, berriz, gehikuntza batzuk bildu dituzte: «Zer litzateke euskal pilota euskaldunik gabe?» eta «Zer litzateke Euskal Herria euskaldunik gabe?». Pilotaria izanez, salatu du irrigarri geratzekoa dela ukaitea euskal pilotaren nazioarteko, Frantziako eta Espainiako federazioak, ez ordea Euskal Herrikoa.

Artetik errateko, kantuan, pilotaren punpak aditzen dira, eta zuzeneko kontzertuan, pilotan ari da Bereau, botaharrian.

Musikariaren arrangurak

Euskaldunik gabeko Euskal Herriak arranguratzen du musikaria: «Euskalduna izan naiteke edo euskal kultura defendi dezaket euskara jakin gabe; hori oso gogor zait. Mundu baten ate aurrean gelditzen dira, euskararen giltza gabe; bestela, gainetik edo kanpotik ikusiko duzu. Hizkuntza bat defenditzeko lehen gauza da hizkuntza hori ikasi eta baliatzea». Gehitu du erdaldunaren presentzia hutsak euskararen eremua txikitzen duela.

Arranguratzen du ere egungo musikari gazteek «gero eta gehiago» kantatzeak espainolez: «Telebistakoak bezala, argiaren eta diruaren bila dabiltza, garrantzirik eman gabe kantatzen denari». Hark, ordea, gaztetan ez zituen gauzak hala ikusten: «Garrantzitsuena zen herri bat eraikitzea, gure kultura elikatzea, zerbait gurea egitea, euskalduna, gure berezitasuna maitatu eta lantzea».

ETIKETAK:Kalakan