2014.07.17
Kerobia taldeak agur esan zuen atzo, bere web orrian jarritako ohar batean bidez. Zazpi lagunek —Lander Garrok, Gorka Urbizuk (Berri Txarrak), Maite Gurrutxagak, Iker Ziak (The Icer Company), Angel Errok, Ilaski Serranok eta Iker Laurobak (Lauroba)— Iruñeko taldearen kantuetatik bat aukeratu eta 13 urteko ibilbidean egindako ekarpenaren gainean idatzi dute badok.info-rako.
Lander Garro (idazlea): Zenbait gela betetzeko, zorionaz zuretzako (Kerobia, 2004)
“Kerobiaren lehen singlea izan zen. Ezustean agertu zen irratietan, eta ezin sinetsi geratu ginen, berritasunagatik (Xabiren ahotsarena bereziki) eta haren sentiberatasunagatik. Haien kantuetako askok daukaten estruktura dauka kantuak, lasaitasuna eta larridura kantu berean: ia xuxurla batean hasten den estrofa (pianoaren sehaskan kuluxka eginez bezala), letren sakontasuna barneratzen uzten duena eta, in crescendo dotore baten ondoren, estribillo indartsua, garrasi eginez kantatzekoa. Kantu intentso eta gogoangarria.”
Gorka Urbizu (musikaria): Maite zaitut, Tina (Rose Escargot, 2006)
“Beharbada Rose Escargot izan da gehien entzun dudan Kerobiaren diskoa. BTX-en furgonetan sarri egiten genion toki. Dagoeneko igartzen zitzaien gauzak euren erara egiteko grina hori, baita popa oinarri zuten kanta biribilak egiteko berezko abilezia ere. Gerora, abestiez guztiz ahaztu ez baina formarekin obsesionatuegiak ez ote ziren ibili… penatxua eman zidan; jarraitzaile gisa nahiago izan nukeen burujan gutxixeago eta kontzertu gehiago, Supernova zuzenean ikusi… azken batean errepideak zailtzen baititu taldeak. Baina tira, beharbada horrela ez ziren Kerobia izango eta alde horretatik chapeau euren nortasuna mugaraino eramateko saiakerari.
Berunezko nostalgia ‘otxentero’ orokor hau gainditu eta norbait inoiz mende honetako euskal musikari buruzko kronika egitera animatzen bada, ezinbestekoa izango zaio Kerobiari buruz hitz egitea. Hortxe izango ditu, froga hilezkor, harribitxiz betetako disko eder horiek.
#agurkerobia, faltan botako zaitut, esan besteei: gauzak ondo egin ziren.”
Iker Lauroba (musikaria): Isburt (Rose Escargot, 2006)
“Itoizek bere garaiari aurrea hartu zion bezala, Kerobiakoak arlo askotan izan ziren aitzindari. Atez atekoa iritsi aurretik beraiek dena edukiontzietan bilduta zuten ordurako. Crowdfunding-a zer zen entzun ere ez genuenean, Supernova transbordadore espaziala zuten aireratzeko zain. Bizar, bibote, pastazko betaurreko eta amona-aitonen arropak berriz modan jarri aurretik, indie-rock musika Euskal Herrira ekarri zuten, itxurakerietatik at, desberdina izatea mainstream ez zenean.
Kerobiarekin kartela konpartitzeko aukera izan genuen behin baino gehiagotan, eta zuzenean ikusi dituen edonork daki, artista hauek musika bizi eta maite zutela. Originalak zirela eta izaten jarraituko dutela; izan ere, taldea sortu zenetik 13 urte igaro dira, eta ezinezkoa zait beraien antza duen bertako talderik aipatzea. Esaten denez, denborak jartzen du bakoitza bere lekuan, eta argi dago euskaraz egin den eta egingo den musikaren historian, Kerobiak beti edukiko duela lehentasunezko leku bat.”
Maite Gurrutxaga (ilustratzailea): Merkurio (Supernova, 2012)
“Faltan botako ditut zuen unibertsoak, karakolak euria bezala.”
Ilaski Serrano (kazetaria): Gris, triste, zoriontsu egun bat (Papera eta kartoia, 2009)
“Ezberdina. Ezberdinak. Lehenengo egunetik. Horrela gogoratuko ditut.
Ezagutu nituenean, irrati esatari gaztea nintzen. Nire lanak eskaintzen zizkidan une goxo eta ederrez oso kontziente zena. Eta bazetorren, ilusio handia egiten zidan urteroko zita: Maketa Lehiaketa.
Telefono bidezko bozketetan, andoaindar gazte batzuk irabazi zuten: Kauta zen euren izena. Eta epaimahaiaren saria Iruñeko talde batek eskuratu zuen, beraiek ziren urte hartako txapeldunak: Kerobia.
Baina urte hartako kantak zerbait zuen. Gazte haien maketako abesti hura… Zer zen? Zergatik zen sailka-ezina? Musika zen? Letra?
Iluna zen. Zerbait tragikoa zeukan. Erritmo aldaketa bortitzak zituen. Abeslariaren ahotsa ederra zen. Eta zer zuen, teklatua?
Musika estilo aldetik sailkatzeko zaila, eta irrati-formulan lehenengo entzunalditik erraz sartzen diren abestietatik urrun.
Kontzertu bat eskaintzea zegoen sariaren baitan eta orduan ezagutu nituen eta argitu ziren nire kezka guztiak. Gazteak ziren, oso. Konplexurik gabeak. Ezberdinak. Abeslaria taula gainean ikustea plazer hutsa zen; eta bai, teklatua zuten. Eta gainera jatorrak ziren, esker-onekoak. Maitasuna lehen begiratuan.
Euskal talde esanguratsuenetako bat bihurtu da ordutik Kerobia. Ezinbestekoa askoren bizitzako soinu bandan. Eta lehenengo entzunaldian oraindik harrapatu ezinak! Baina bigarren, hirugarren, laugarren entzunalditik aurrera zer? Ezin zara geratu. Beste behin jartzen duzu diskoa. Eta beste behin. Eta hasieratik amaierara. Abesti guztiak entzun nahi dituzulako. Ez zara geratzen abesti batean. Guztiek osatzen dutelako Kerobia unibertsoa. Harrapatzen zaituen gunea. Izar eta asteroidez betea dagoen leku ilun ederra.
Kerobia diskoa atera zuten. Rose Escargot gero. Disko kontzeptuala. “Hori ere beraiek egin behar”, pentsatu nuen nik. Bidaia agonikoa zen. Eta liluratu egin nintzen. Izarrak ukitu. Haluzinatu. Eta askoren aurrean defendatu, “irratirako zaila” zela entzutean. Eta euren “harrikada” zoragarri horrekin Isburt non zegoen begiratu nuen mapan. Eta “Esnatu naiz“-ekin emozionatu nintzen arren, “Maite zaitut, Tina” iritsi zitzaidan bihotzera. “Momentu zailenetan ohitura txarra hartu zuelako, inor kontutan hartu gabe lurrak irentsi zezan uzten zuelako“. Hasi eta amaitu. Bum. Eta erakargarria zen horregatik. Niri inoiz gertatzen ez zitzaizkidan gauzak bizi zituztelako pertsonaia haiek.
Baina iritsi zen hondoratzearen unea neuretzat ere. Bolada txarra. Mina. Jasanezinezko larritasuna. Bat-batean. Inorekin ezin nuena partekatu. Neure-neurea. Eta aterperik ez zeukana inon. Abestiek ere babesik eskaintzen ez zidatenean, berragertu zen: Kerobia.
Kotxeko diskoei begira. Karpetako orriak pasatuz, “gaur zer entzungo dut” neure buruari esanez, Ontziak aukeratu (“Agur Anna!”) eta ondoren Papera eta kartoia. Eta hurrengo hilabeteetan hori bakarrik entzun. Uneoro. Barne ezinegona lasaitzen zidan gauza bakarra zelako. Eta “Gris, triste, zoriontsu egun bat“ entzun eta gero, berriz jarri. Eta berriz. Eta berriz. Neu ere hondoratutako bidaiaria nintzelako. Eta neuk ere ez nekielako nor besarkatu Artikoko ur hotz haietan. Barne-naufragio hartan. Eta bakoitza norbere bizitzaren erruduna denez, eta ez dagoenez ni bezain ausartagorik, hondoratu eta gero jakiten da gora egiten. Arnasa bilatzen.
Eskerrik-asko Kerobia. Maite zaituztet, Kerobia.
P.D. 1: Eta azkenean jakin zen nork besarkatu zuen nor.
P.D. 2: Esnatu naiz. Isburten. Belarrira esan: Maite zaitut Tina. Gris, triste, zoriontsu egun baten. Dena hasi zen bezala. #mikroipuina”
Iker Zia (musikaria): Rose III (egunsenti berri baten epilogoa) (Rose Escargot, 2006) / Esaldi sinple bat galdera handiegirako (Papera eta kartoia, 2009)
“Oso zaila egiten zait Kerobiaren kanta bat edo bestea nabarmentzea, sentipen edo bizipenen artean aukeratzea bezala da niretzat. “Rose III (egunsenti berri baten epilogoa)“ intentsitate, zintzotasun eta emozio handiko kantua da, Rose Escargot maisu-disko horretan denborarekin loratu den kantua. “Esaldi sinple bat galdera handiegirako” entzun nuenean momentu batez aparteko mundu batean sartu nintzen, Kerobiaren unibertsoan. Kanta benetan magikoa da.”
Angel Erro (idazlea): Belarrira esan (Kerobia, 2004)
“Kerobiak zerbait berria zekarkigun. Oroimenak gezurra esaten ez badit, kantu hau ezagutu nien lehenik. Eta orduz geroztik fidel izan natzaie, baita agur esan behar honetan ere. Musikaz gutxi dakit nik. Ez dakit hitzetara pasatzen musikak eragiten didan zirrara. Horregatik akaso, kanta honi (alderdi askotatik) sumatzen nion ausardiaz nolabait jabetzeko, abestiko esaldi bat aipu moduan erabili nuen liburu batean eta, berriz ere memoriak iruzur egiten ez badit, baita olerki bat idazteko akuilagarri moduan ere bai. “Gure gorputz biluziak / beti ederrak izango dira”.