Musika

Urko Ansa

2019.09.30

Urko Ansa

Agur gazi-gozoa

Beroa, ahaztezina eta gorabeheratsua. Horrelaxekoa izan zen ostegun iluntzean Bilboko Euskalduna jauregira bertaratutakook betirako oroimenean gordeko duguna: euskal rockaren bi erraldoik (Josu Zabalak eta Garik) gurean leienda handienetakoa den Hertzainak taldeari azken agurra eman ziotenekoa. Soinu eskasa nagusi izan zen, formatua xelebrea baina eduki emankor eta eternalez hornitutakoa. Ikuslegoak bultzatu eta aupatu zituen, eta Josu eta Garik erronka aurrera atera zuten, beraiek bakarrik dakiten moduan. Nekez eska dakioke gehiago dena ematen duenari.

hertzainak

Gari eta Josu Zabala, Euskaldunako emanaldietako batean. (Luis Jauregialtzo / Foku)

Igor Elortzak jendarteko korridore batetik botatako bertsoek Jon Maiaren erantzuna izan zuten. Gero, Unai Iturriagak ere beste hainbeste egin zuen, eta azkenik, oholtza gainean Igorrek eta Unaik are txalo zarta handiagoak jaso zituzten azken bertsoarekin. Hiru bertsolari hauek, beste batzuen artean agian, izan ziren modernotasuna edo rock attitude delakoa bertso saioetara ekarri zutenak. Eta, ze arraio, Unai eta Igorrek 7 Eskale-n Josu Zabalarekin egin zuten lanarengatik bakarrik jada merezi zuten gau honetan hemen egotea. Azken bertsoarekin eta hango txalo eta oihuekin hasi zen kontzertua, bi ordutan zehar gorakadak zein beherakadak izango zituena. Baina goazen pixkanaka.

Berehala igo zen teloia eta taldea “Kalea hutsik” jotzen hasi zen, era nahiko ahulean eta soinua oso baxu zuela. Ez zen ikuslegoan eztandarik egon, hori geroago etorriko zen. “Zoratzen naizela” ere eskas entzuten zen, eta “Hau dena aldatu nahi nuke” apur bat indartsuago entzun eta erreakzioren bat piztu bazuen ere, ez zen “Amets prefabrikatuak” arte esperantza izpirik piztu. Horretan konpaktuago nabari zen taldea. Josu Zabala, soinua utzita, pianoan eseri zen kanta honetan, eta “Ez dago ilusio faltsurik” zoragarria ere instrumentu horrekin interpretatu zuen. Aldaketa horiek egingo zituen emanaldian zehar: soinu txikia, soinua, teklatuak. Ahotsa ia ez zitzaion entzuten, eta Gari boteretsu aritu zen arren, nota altuetara aise iritsiz, bigarren ahots irmoago baten falta izan zuen kontzertuak zati handi batean.

Bestalde, aurrealdean baina ezkerreko partean ginenez, oholtzaren erdia baino gehiago ikusten bagenuen ere, atabalak, baxua eta ezkerreko partean gertatzen zenaz zipitzik ere ez genuen ikusi. Barkamena eskatu nahi dizuet xehetasunen bat edo bestek ihes egin badit. Beste kontu bat azpimarratzeari ere beharrezkoa deritzot: Hertzainaken abestiak ez dira jotzeko batere errazak. Erritmo aldaketa askokoak, konplexuak, tenpo zailekoak eta hain bereziak izaki, zehaztasun oso handia behar da kantu haien izpiritua berbizitzeko. Eta, nola ez, soinu garbi eta indartsu bat, gutxienez. Maldanbera taldeak jarri zioten gidoia ahal bezain ondoen bete zuen, beraien kantak ez direla kontuan hartuta txukun aritu ziren, nahiz eta rock formatua, Hertzainaken rock-and-roll zital eta boteretsua ezagutu dugun guztiok nahi duguna, askotan beste egitura batzuen mende geratu zen. Kanta hauek jotzeko jatorrizko musikariak baino hoberik ez dago. Txanpiren atabal kolpeak eta Kikeren gitarraren gatza eta piperra burutik ezin kenduta ibili ginen, halabeharrez.

Hertzainaken abestiak ez dira jotzeko batere errazak, baina Maldanbera taldeak gidoia ahal bezain ondoen bete zuen

Taldearen diskoen artean oreka nahiko justua topatu zuten (azkenengoa izan ezik, haietatik bi kanta bakarrik jo baitzituzten), nahiz eta Salda badago-tik neuk behintzat gehiago espero nituen. Hala, lehen diskoa eta Amets prefabrikatuak, hurrenez hurren, izan ziren ordezkatuenak. Garik gitarra aldatu zuen “Egunetik egunera” jotzeko, eta “Sigarrillos amarillos” abestiarekin, orain bai, taldearen boterea azaltzen hasi zen, publikoa zutik zela. Hunkigarria, baina ez oraindik hainbestekoa, beranduago etorriko ziren momentuekin alderatzen badugu. “Larru beltzak”, Denboraren orratzak azken disko erakargarri hartako klasiko zoragarria, txukun baina koru gogoangarri batzuen faltan somatu zen. Bixente Martinez izan zuten lagun pieza horretan (hainbatetan agertu eta desagertuko zen, hemendik aurrera), eta segidan, sorpresa galanta eman ziguten Bixentek berak, Natxo de Felipek, Josuk eta Garik oholtzatik jeitsi eta lauren artean “564” abesteari ekin ziotenean. Publikoarekin sinbiosi perfektua: denak zutik, hasieratik goitik bukaerara kantatzen. Argiak piztuta, lau musikariek bertso batzuk ere errepikatu zituzten. Txalo zartada izugarrien artean “Euskal presoak etxera” oihukatzen hasi zen jendea, musikariak oholtzara bueltatzen ari zirelarik.

Orduan, Josu hitz egiten hasi zitzaigun, nola benetan kanta hau ez zutela jo behar, eta taldeko bi partaide falta direla oroitu ondoren, “Hertzainak” kantari ekin zioten Joseba Agirre txistularia lagun zutela. Gero, Itxaro Bordari eskaini zion Josuk hurrengoa, eta bertan zegoela gogorarazi zigun, haren letrarekin osatutako kanta aurkeztu aurretik: “Bi minutuero”. Josuk eta Garik bakarrik egin zuten, eta segidan Et Incarnatus soka taldeko kideak taularatu eta “Eutsi gogor” eta “Ispiluaren aurrean” kantuei dimentsio berri bat eman zieten. Lehenari buruz Josuk azaldu zigun nola duela 35 urte Hertzainakek Euskalduna ontziolan (hementxe!) kontzertua jo zuten azaroaren 25ean, eta bezperan bere lanpostua salbatzeko borrokan ari ziren langileetako bat nola bihotzekoak jota hil zen. Hementxe bertan tiroak, kezko bonbak, estatuaren biolentzia eta borroka latza egon zen, eta taldeak jo behar zuen egunean batzuek lutoa gorde eta kontzerturik ez egotea nahi zuela gogoratu zigun, nahiz eta azkenik emanaldiaren aldekoek irabazi zuten. “Agian gaur azken aldiz joku dugu” esan zuenean jendearen txistuak eta ezezko hunkigarriak jaso zituen. “Ispiluaren aurrean” abestian Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu eta Miren Narbaiza MICE taularatu ziren, abestiari ukitu berri, ilun eta erakargarria emanez. Dena den, orokorrean, gonbidatuen talentua (zer esanik ez, Mirenen ahotsa) askoz ere modu produktiboagoan aprobetxatu zitekeen, luzimendurako tartetxo bat eginez adibidez.

Sorpresa galanta eman ziguten Bixente Martinezek, Natxo de Felipek, Josuk eta Garik oholtzatik jeitsi eta “564” abesteari ekin ziotenean. Publikoarekin sinbiosi perfektua lortu zuten

Ez zen baina, itxuraz, ikuslegoaren kezkarik nagusiena. “Si vis pacem, parabellum” jo baitzuten segidan, eta hemendik aurrera parranda giroa nagusitu baitzen gehienetan. Kantu legendario hau, azkenik banda osoarekin jo bazuten ere, apur bat patxangeroa, ahula eta geldoa gelditu zitzaien; ez zen bakarra izango. “Infernuko atean”, hau ere lehen diskokoa, ez nuke inola ere set-listean sartuko. Gehiegizkoa, dramatikoa, geldoa da. Luzea. Haatik, “Rock & roll batzokian”, eskerrak, horixe bera izan zen, rock-and-roll bizia eta sinkopatua. Iñaki Uoho Antonek jarrera rockeroa taularatu eta ahal zuena egin zuen, nahiz eta berak ateratzen zituen txispak %100ean bozgorailuetatik ez atera, zoritxarrez kontzertu guztian izan zen bezala. Amaierako punteoa eta akoplea egiteko keinua ere eskertzekoak izan ziren. Kantu honetan WAS taldeko Jon Agirrezabalagak ere parte hartu zuen. Garik, bitartean, gitarra utzi eta soilik mikroarekin mugitzera ausartu zen, eta kanta honetatik aurrera, sarritan. Bera izan zen emanaldia aurrera atera zuena, gehien mugitu zena eta showaren elementu zentrala, Josuren baimenarekin.

Baina, hara non, Zabalak bere momenturik dirdiratsuenak erakutsi zizkigun “Esaiok” gogoangarriarekin. Emanaldi osoan lehen aldiz, bere ahotsa ondo entzun zen, eta soinua eta bere ahots tonu bereziarekin berak bakarrik lortu dezakeen magia erakutsi zigun. Oso, oso hunkigarria izan zen. Eta zer esango dugu bada, Ruper Ordorika taularatu eta “Ta zer ez da berdin” lehergarria jo zutenekoaz? Abestiaren base erritmikoa apur bat aldatu eta David Bowieren kantu baten notekin nahasten ari zirela ere iruditu zitzaion morroi honi, baina ez kasu askorik egin, oroitzapenak distortsionatzen baitira, baita egun batetik bestera ere. Ikuslegoa kabitu ezinik zebilen: dena eta gehiago jarri zuen, jarrera parte hartzailea erakutsi eta “inon baino alaiagoa izanen da” izpiritua goitik behera bete, “Eh txo!”-rekin egin zuen moduan. Honetan, musikariak aurkeztu zituen Garik: Maldanbera taldeko Oier Aldekoa (pianoa, teklatuak), Natxo Beltran (bateria) eta Miguel Moyano (gitarra). “Pakean utzi arte” festaren beste gailurra izan zen, eta gorenean utzi zuten.

Bisak ia berehala etorri ziren. Et Incarnatus taldeak lagunduta bi kanta jo zituzten: “No time for love” txukun eta boteretsua (azkenean!), bateria soinu garbi eta indartsuak aupatuta eta Natxo De Felipe gogotsu batekin, nahiz eta ahotsa ia ez zitzaion entzuten hainbat momentutan. Amaitutakoan, Josuk gure artean ez dauden hainbat musikari aipatu zituen: Mahoma, Natxo Cicatriz, Tito Aldama eta Iñigo Muguruza, besteak beste. Eta, nola ez, “Aitormena”. Josu Zabalak egin zuen lehen partea. Sorpresa handia izan zen, noski, Garik kantatzen baitzuen, baina benetan borobila geratu zitzaion. Kanta gustatzen ez zaigunok ere hunkitzeko moduan egin zuen, hain goxoki, hain era pertsonalean… Bigarren zatia, ostera, Garik berak borobildu zuen. Kantuak bi bertsio zituela ezaguna da: bata, poperoa, hari moldaketekin, Amets prefabrikatuak diskoan atera zena, eta bestea, rockeroa, singlean argitaratu zena. Bada, kantaren azken zatia rock bertsioan egin zuten, oso era bizian. Zer esanik ez publikoa zoratzen ari zela. Tamalez, nahiko urriak izan ziren momentu rockeroak, edo trinkoak, eta era berean ondo entzun zitezkeen horiek. Auskalo zer nolako kontzertuaz hitz egiten ariko ginatekeen oraintxe…

Tamalez, nahiko urriak izan ziren momentu rockeroak, edo trinkoak, eta era berean ondo entzun zitezkeenak

Bigarren bisean, Jon Maia lagun izan zuten “Guantanamera” laudatuan. Jendea dantzan, zoriontsu, grinatsu… eta orain bai, azken agurrean “Arrautz bat pinu batean” dantzagarri, jolasgarri eta euforikoa aukeratu zuten, zentzu handiz egin ere. Han irten ziren gonbidatu guztiak kantaren azken zati luzean beren turutak jotzera. Benetan ondo pasa zuten, denek. Guk batez ere Jon Maia ikusten genuen, ikaragarri ondo pasatzen ari zen, bere saltsan guztiz sartua zegoen eta Euskalduna osoa zutik, txaloka… Kanta hau entzutean, grabatu zutenekoa oroitzea sahietsezina egin zitzaidan, baina horretarako hobe duzue Hertzainak. La confesión radical (Elena Lopez de Agirre, Pedro Espinosa, Aianai Argitaletxea, 1993) liburua irakurri. Euskadi Tropikala; orduan zentzurik bazuen orain ere zergatik ez: kontzeptu hura plazaratu zuten momentuetan funtzionatu zuen kontzertuak ondoen, segurki.

Orain bai, inork handik alde egin nahi ez bazuen ere, amaitu zen. Inoiz ahaztuko ez dugun azken agurra. Handiak izan zineten eta zuek egindakoaren fruituak gaur egun ere ikusten dira. Euskal rockaren zutabea izan zineten eta zarete. Hizkera kontrakultural, informal, dibertigarri eta subertsiboa landu zenuten. Letrekin egurra sartu eta musikalki fusio lehergarria sortu zenuten. Gehiago ere merezi zenuten, baina polita izan da, mutilak.

ETIKETAK:Bixente MartinezGariGorka UrbizuHertzainakIgor ElortzaInaki Uoho AntonJon AgirrezabalagaJon MaiaJosu ZabalaMiren NarbaizaNatxo de FelipeRuper OrdorikaUnai Iturriaga