2017.12.17
Noraino hel daiteke Beñat Axiariren ahotsa? Hasten zara “Wine Song”, “Omaha Tribal Prayer” edo “Orphan’s Lament” kantuak zuzenean entzuten, eta irudikatzen duzu ahots hori agertokitik gorantz irteten dela, hegan, Viktoria Eugeniako Klub areto goxotik ihesean joan nahiko balu bezala. Hainbestekoa da ahots horren malgutasuna nahiz indarra, ezen areto itxiak beti geratzen zaizkion txiki.
Noraino hel daiteke Joseba Irazokik gitarra bati atera diezaiokeen soinu ugaritasuna? Mantra bat sortzen duenean “Isabatik Mauleraino”-n, sotiltasun eta teknika joriz “Salangadou” harrigarria folk-jazz ahairez soinuratzen duenean, rockerantz egiten duenean “Omaha Berri”-n, edo jostari amorratu dabilenean “Basoan” pieza laburrean…
Eta noraino Julen Axiariren perkusio batzuetan tribal erritmiko indartsu eta besteetan zoro esperimental jazzera emana? Noraino haren ahots ñabarduraz eta erregistro anitzez betea?
Bas(h)oan diskoa plazaratu berri dute, hiruko moldean, eta ostegun iluntzean aurkeztu zuten zuzenean, Donostian, Viktoria Eugeniako Klub aretoan, Mikel Artieda baxu jotzailea lagun hartuta, laukotean.
Musikarion ibilbideari kasu egin dionak badaki sentiberatasuna, malgutasuna eta jolaserako apeta biltzen dituztela ia neurri berean, eta erreferentzia ugaritasunak batzen dituela; proiektu jakin honetan Robbie Basho gitarra jotzaile eta kantari estatubatuar zena izan dute hari bateratzailea. Duela bost urte ernatu zen asmoa, 2012an. Joseba Irazokik kontzertu gogoangarri bat eman zuen lagun musikariz inguratuta, Donostian bertan, Lugaritz kultur etxean. Oraintsu bezala, urte amaiera zen, eta Beñat Axiarirekin batera Bashoren “Blue Crystal Fire” jo zuten. Orduz geroztik, beti esku artean edo buruan bederen izan dute Bashoren kantuen moldaketez osaturiko disko bat sortzea. Pixkanaka onduz joan da proiektua. Merezi izan du itxaronaldiak.
Musikari apartak dira hirurak, bai, baina hain justu, hiruren arteko sinbiosi erabatekoa lortzean egin zuten distira aurkezpen kontzertuan. Arriskua dute nor bere birtuositatean barneratu eta burbuila solte erakargarriak sortzeko, baina elkarren artean urtzea lortu zuten sarri; bai “Orphan’s Lament” eta “Blue Crystal Fire” kanturik melodikoenetan, baita hiru ahotsera kantaturiko pasarteetan ere —zein kontraste ederra Axiari aitaren eta Julen semearen ahotsen artekoa—.
AEBetako folk tradizioan hezitako musikaria izan zen Basho, baina interes berezia izan zuen doinu eta erritmo amerindiarrak bereganatzen. Axiaritarrek eta Irazokik ere festa tribal, zoro bilakatu zuten sarri aretoa; bai “Omaha Tribal Prayer”-en, bai “Isabatik Mauleraino”-n —ekaitz moduko batez amaitua—, “Omaha Berri”-n eta baita kontzertua bukatzeko baliatu zuten “Wounded Knee Oihua”-n ere. Itxaro Bordak euskaratu ditu Bashoren kantuetako batzuk, eta baita beste pieza batzuetako hitzak jarri ere.
Borda bera agurtuz agurtu zuten kontzertua. Diskoa hasi eta buka jo zuten —kantu bakar bat diskotik kanpokoa: Julen Axiarik Turkiako bazar batean balego bezala, erabat sinesgarri kantatua—. Publikoa —oso-oso gazte gutxi— gehiagoren aiduru, baina bisik ez.
Bidaia bat, aretoa bera gainditzen duena. Denboran nahiz espazioan. Hori dakar Axiaritarren eta Irazokiren proposamenak.