2022.04.30
Ondarroan (Bizkaia) jaio zen Piztiak taldea 1991n, baina aspaldi kostaldeko herri horretatik kanpo bizi dira Josu Aranbarri (baxua eta ahotsa) eta Txomin Uribe (gitarra eta ahotsa) taldeko bi kide historikoak, banda sortu eta azken hiru hamarkadetan hura gidatu dutenak; Aranbarri Bilbon eta Uribe Azpeitian (Gipuzkoa). «Pello [Larrañaga, taldeko bateria jotzailea] eta Jesus [Galan, gitarrista] ere Urola eskualdean bizi dira, eta azkenean ni baino ez naiz gelditu Bizkaian. Orain, entseatzeko, Gipuzkoara joan behar», esan du Aranbarrik umorez, Uribek eta biek BERRIAri eman dioten elkarrizketan, Durangon (Bizkaia).
Piztiak taldeak 30 urte bete zituen iaz, eta Euskal Herrian talde gutxi dago, oraintxe, halakorik esan dezakeenik: «Doctor Deseo, Su Ta Gar… asko ez gara». Eta Uribek eman ditu hiru hamarkada iraun ahal izateko gako batzuk: «Askatasun handiarekin egiten dugu lan. Egun batean batek esaten badu nekatuta dagoela eta ez duela entseatu nahi, ba ez da ezer pasatzen». Piztiak sortu aurretik ere, Tu-K taldean aritu ziren elkarrekin Aranbarri eta Uribe, eta adiskidetasun horren ondorioa ere bada Piztiak-ek hainbeste urtean iraun izana. «Elkarrekin ondo konpontzen gara, oso ondo pasatzen dugu, eta, gainera, bestearekiko konfiantza handia daukagu», nabarmendu du baxu jotzaileak.
Orain, urtemuga ospatzeko, taldeak XXX (Buztenbaltza) bilduma argitaratu du, Piztiak-en ibilbideari errepasoa emateko ez ezik, taldeak 30 urte hauetan nortasun zeinu batzuk mantendu dituela erakusteko ere balio duen diskoa. 1991n argitaratu zuten Huts nazazu, sei kantuko disko laburra (Elkar), eta segidan etorri dira, urte jauzi handi batzuekin kasu batzuetan, Hasi orduko (Elkar, 1992), Argia eta itzala (Gaztelupeko Hotsak, 1998), Zero (Gaztelupeko Hotsak, 1999), Euriaren zain (Gaztelupeko Hotsak, 2005), Gabeko kalapitxixak (Buztenbaltza, 2009) eta U (Buztenbaltza, 2015). Uribe: «30 urtean aldaketa handiak izan dira, baina Josu eta biok beti egon gara hor; eta lehenengo diskoa, bosgarrena eta zazpigarrena ezberdinak izan arren, uste dut geu garela disko guztietan. Lehenengo diskoan eta azkenekoan, bietan Piztiak entzuten dut».
1980ko hamarkadan hasi ziren elkarrekin lanean Aranbarri eta Uribe, eta Tu-K euren lehen proiektuak agerian utzi zituen garai hartan gustuko zituzten taldeak. «Zenbat aldiz esan diguten: ‘Zuek zuen denboraren aurretik zabiltzate’», azaldu du Uribek: «Entzuten genuen atzerrian entzuten zena, nahiz eta hemengo taldeetan ez zen nabaritzen haien eragina: The Cure, Siouxsie and The Banshees, [David] Bowie…». Denborarekin beste eragin batzuk hasi ziren jasotzen (The Dream Syndicate, REM, Neil Young), eta azkeneko bi diskoetan are eta gehiago zabaldu dute taldearen doinu eta soinu paleta. Aranbarri: «Geu ere aldatzen joan gara urteekin. Gainera, formatu aldaketak izan dira 30 urte hauetan, eta taldetik pasatu den jendeak bere arrastoa utzi du, bere ekarpena egin du». Horrek berak ekarri dizkio aldaketak taldeari, baxu jotzaileak adierazi duenez: «Gustatu zaigu disko bakoitzean jolastea; ni, behintzat, aspertu egingo nintzateke beti gauza bera egiten».
Bi konpositore eta kantari
Piztiak-ek badu euskal talde gehienengandik bereizten duen ezaugarri bereizgarri bat. Aranbarri eta Uribe, Uribe eta Aranbarri, biak dira kantuen sortzaileak, eta biak dira, era berean, norberak idazten dituen abestien kantariak. Ego kontuak alde batera utzita, betiere. «Bi gara konpositoreak, eta hori beti ondo neurtu dugu», azaldu du Uribek, eta Aranbarrik gaineratu: «Ezberdinak gara, baina uste dut osagarriak ere bagarela». Eta gitarristari mintzatu zaio barrez: «Badira, neuk idatzitakoak izan arren, zureak ematen duten kantuak, eta alderantziz ere bai. Zikloak izaten ditugu, baina ez ditugu batera izaten!».
Ezberdintasun horiek taldearen beste alderdi batzuetan ere islatzen dira, Uribek azaldu duenez. «Josurena da alde artistikoa [Aranbarri arduratzen da diskoen azalez, diseinuaz eta bideoklipez], eta alderdi administratibo, ekonomiko eta informatiboaz ni arduratzen naiz. Osatzen gara, eta hala egin behar da. Eta konpositore moduan ere, badakigu bakoitzak nondik jotzen duen».
Aranbarrirekin eta Uriberekin batera, Galanek eta Larrañagak osatzen dute, gaur egun, Piztiak, eta horietako bakoitzak ere bere funtzioa betetzen du taldean. Gitarristak Argia eta itzala eta Zero diskoak grabatu ostean alde egin zuen, baina U-rako itzuli zen. Uriberen ustez, «zabaldu egin du Piztiak-en soinua, ez delako gauza bera kantu bat gitarra batekin edo birekin jotzea. Gainera, indar handia dauka». Larrañaga, bere aldetik, «etxea» da, Aranbarriren iritziz: «Gu gara hiru fitxa, eta Pellok denari batasuna ematen dio, oinarri bat. Segurtasun handia dauka».
XXX-n disko guztietako kantuak jaso dituzte, hamazazpi guztira. Badira, hastapenetako bi diskoetako laginak (“Beltza”, “Itzulia”, “Ikaraz” eta “Ez naiz ezer”), baita Gaztelupeko Hotsak-ekin kaleratu zituzten hiru diskoetako piezak ere (“Kaletik at”, “Ordu bete”, “Ezin”, “Gatibuaren balada” eta “Euriaren zain”), eta azken bi diskoetakoak ere bai (“Bafor bat hodeiertzean”, “Jai Braian”, “Udako arratsaldin”, “Txikotak solte”, “Ametsik ederrena”, “Ohean biziko gara”, “Hamasei” eta “Bixitxi marabilli re”). «Ez da erraza izan aukeraketa egitea», aitortu du Aranbarrik. Izan ere, zazpi disko horietan 80tik gora kantu bildu dituzte. «Bakoitzak bere bilduma egingo zuen! Baina kantuen erdiarekin bat gentozen, eta hortik abiatuta osatu dugu zerrenda».
Nahasian eman dituzte kantuak, ordena kronologikoari muzin eginda. Uriberen iritziz, «horrela emanda, ikusten da ez dagoela horrenbesteko alderik lehenengo diskotik azkenekora». Eta hori bera pozgarria da taldekideentzat, «kontuan hartu behar delako kantu horiek egin eta grabatu direla 30 urteko tartean, jende ezberdinarekin eta estudio ezberdinetan».
Bi kantu berri
Bilduma osatzeko bi kantu berri ere sartu dituzte XXX-n: “Barrun barrukuk” eta “Begietara begiratu”, biak ala biak, Piztiak-en musika parametroetan sartzen direnak, baina, aldi berean, euren artean oso ezberdinak direnak. “Barrun barrukuk” pieza iluna da, «beltza», Uribek zehaztu duenez, eta konfinamendu garaian idatzi zuen Aranbarrik. «Niri Bilbon tokatu zitzaidan itxialdia. Etxe txiki batean bizi gara, eta pentsatu nuen giro horrekin kantu bat egin behar nuela». Batetik, itxialdiari lotutako «giro klaustrofobikoa» islatu nahi zuen kantuan, eta, bestetik, aurrera egiteko dei bat egin: «Ikusten nuen jendea amorratuta, batak besteari kontu eskasak esaten, eskatzen… eta pentsatu nuen guk geuk hartu behar dugula gure bizitzako lema. Nahikoa da kexatzeaz, eta goazen kalera atera eta gauzak egitera».
Uribek idatzitako “Begietara begiratu”-k linea melodiko argiagoa du, eta gehiago gerturatzen da pop moldeetara, baina «arinagoa» dirudien arren, «gozoki pozoitu bat» da, Aranbarriren hitzetan. Izan ere, gaixotasun larri baten ondorioz izandako bizipen eta galera sentipenez sortutako abestia da. Uribe: «Minbiziak eragindako heriotza bat dago horren atzean. Berak esan zidan: ‘hiltzera noa’, eta gelditu ginen begietara begira… eskerrak melodia argitsu bat daukan; bestela, gogorregia izango litzateke».
Orain, zuzenean jotzen hastekoak dira, eta kontzertuetan diskoan azaltzen diren kantu asko joko dituzten arren, ez dira horretara mugatuko. Hala ere, bildumak atzera begiratzera eraman ditu, bai eta aspaldi jotzen ez zituzten hainbat kantu berreskuratzera ere: «Orain ari naiz “Beltza”-ren letrak berriro ikasten!», azaldu du, barre artean, Uribek. «Lehen txuletatxoa jartzen nuen zuzenekoetan, baina orain ezin irakurrita ibiltzen naiz!».
Badakite, halere, zuzeneko haien zirkuitua oso kaltetuta atera dela pandemiatik. Uribe: «Oso gogorra izaten ari da talde guztientzat. Leku askotan ez dago kontzertuetarako lekurik. Durangon non egiten dira kontzertuak orain? Inon ez. Eta Eibarren? Beasainen? Herri handiak dira, baina ez dira kontzertuak programatzen».
→ Piztiak-en kontzertu agenda