Musika

Saioa Baleztena

2015.11.02

Saioa Baleztena

Adin nagusira heldu da

Benito Lertxundi - EH Sona

Benito Lertxundiren emanaldia 2008ko EH Sona jaialdian. (Igotz Ziarreta)

Euskal kultura Bartzelonan zabaltzeko asmoz, euskal musikaren jaialdia sortu zuten 1996an Bartzelonan, eta jaialdia garapenaren eta iraunkortasunaren adibide argia izan da Katalunian. EITBko berriemailea Bartzelonan Elisabet Zunzunegi izan zen EH Sonaren sortzaileetako bat. 1990eko hamarkadan Bartzelonan zeuden euskaldunak elkartuta konturatu ziren Euskal Herriaz «informazio gutxi» zegoela bertan; Zunzunegik dioenez, «gehienetan politikari eta ETAri estuki lotua».

Testuinguru hartan, beraz, De bat a bat aldizkaria sortu zuten, eta aldizkariaren lehen zenbakiak argitaratzearekin batera konturatu ziren ikusmina bazegoela Euskal Herriko kulturarekiko. «Horrela sortu zitzaigun musikaren bitartez Euskal Herriko kultura zuzenean Bartzelonara ekartzeko ideia», gogoratu du Zunzunegik.

Gerora Euskal Etxeko lehendakari izango zen Aitor Karasatorre eta bertze hainbat kiderekin batera gorpuztu zuten lehen Euskal Herria al CAT jaialdia, 1996ko azaroaren 14tik abenduaren 19ra. «Baliabide eskasiari aurre eginez», Euskal Etxeko kide haiekin elkarlanean aritu ziren ere De bat a bat aldizkaria eta 1993az geroztik Kataluniako musika tradizionala sustatzen duen CAT aretoa.

«Ilusioz beteriko garaia» izan zela onartu du Zunzunegik, «Euskal Herriarekin lotura mantentzeko modu bat ere bazelako euskal musikaren jaialdia Bartzelonan». Hainbertze urteren ondoren eurek sortu zuten jaialdiak hemezortzigarren aldia abian duela ikusita Euskal Etxearen lana txalotu du orain Zunzunegik.

Urte bakarreko isilaldia
1996az geroztik egin dute Bartzelonako euskal musikaren jaialdia, baina jaialdiaren ibilbidea gertutik ezagutzeko ahalegin honengatik jakin ahal izan da urte bateko hutsunea izan zela, jaialdiaren sortzaileen eta egungo antolatzaileen harrigarri.

Euskal Herria al CAT izenarekin jaio zen jaialdia, eta Bartzelonako Gracia auzoan dagoen Tradicionarius aretoa izan zuen agertoki lehen lau urteetan. «1996tik 1999ra, De bat a bat aldizkariaren eta aretoaren elkarlanaren bitartez antolatzen genuen udazkenero euskal musikaren jaialdia», adierazi du Jordi Fabregas CAT aretoko zuzendariak.

Artikulu honetarako aztertutako dokumentuek erakusten dutenez, aldiz, 2000. urtean ez zen jaialdirik antolatu, eta gerora Bartzelonako Euskal Etxeak berreskuratu zuen, gaur egun arte. «2001ean laugarren aldiz antolatu zuen Euskal Etxeak Euskal Herria al CAT, eta 2002an, Euskal Etxeko zuzendaritza taldearen aldaketarekin batera, EH Sona bilakatu zen», gogoratu du Fabregasek.

Izen aldaketak, era berean, Bartzelonako euskal musikaren jaialdiaren aro berri bat ekarri zuen: musika estilo gehiago uztartzeko apustua egin zuten, eta jaialdia Bartzelonako areto gehiagora zabaldu zen.

2002az geroztik, nabaria izan da EH Sonaren garapena, jaialdiaren antolakuntzan parte hartu duten lagunei esker, eta sortu zeneko helburuak mantentzen dituen bitartean testuingurura egokitzen jakin du. Egun, Bartzelonako musika aretorik erranguratsuenetan jotzeko aukera dute euskal taldeek, eta urtetik urtera erronka berriak betetzen ditu.

Lisabö EH Sona jaialdian

Lisabök 2012. urtean hartu zuen parte EH Sonan. (Jordi Borràs)

Hemezortzigarren urteurrenaz baliatuta, berrikuntzak ekarriko ditu aurtengo jaialdiak. Hasteko, kontzertu berezia antolatu dute azaroaren 7an Salamandra aretoan,  Glaukoma eta Vendetta euskal talde eta At Versaris talde katalanarekin. Izan ere, Ekaitz Garate Euskal Etxeko kultura arduradunak BERRIAri jakinarazi dionez, «hasierako helburu bikoitzari helduta eta euskal taldeak ekartzeaz haratago, datorren urtetik aurrera bi kulturak uztartzeko asmoa baita».

Bertzetik, jaialdiak Bartzelonako mugak zeharkatuko ditu La Bisbal de l’Empordako L’Alternativa aretora jauzi eginez, eta jaialdian parte hartzen duten hainbat taldek bigarren kontzertu bat emango dute han.

Azkenik, AlterEHSona egitasmoa sortu dute musika aretoetatik haratago zabaltzeko asmoz. Horren barruan, hitzaldi bat eta Bartzelonako bi ibilbide antolatu dituzte, eta, era berean, haurrentzako Txo! ekitaldia sendotu.

2015EKO EH SONA-REN EGITARAUA:

  • Urriak 30: Oskorri, CAT aretoan.
  • Urriak 31: Trikipoteo eta Kolpatu, Euskal Etxean.
  • Azaroak 5: Ion Andoni del Amoren hitzaldia: Party & Borroka.
  • Azaroak 6: Haurrentzako txalaparta ikastaroa (Txo!), Euskal Etxean. Libe, Born pasealekuan.
  • Azaroak 7: Glaukoma, At Versaris eta Vendetta, Salamandra aretoan.
  • Azaroak 13: Joseba B. Lenoir Gang, Euskal Etxean.
  • Azaroak 14: Munlet (Txo!), Euskal Etxean. Governors eta Larregi, Razzmatazz 3 aretoan.
  • Azaroak 20: Jabier Muguruza, Euskal Etxean.
  • Azaroak 21: BSO Raval ibilbidea.
  • Azaroak 22: Korrontzi, CAT aretoan.
  • Azaroak 27: Patrol Destroyers, Euskal Etxean.
  • Azaroak 28: La Gràcia de la rumba ibilbidea. Anari, Apolo aretoan.

(Berria egunkarian, 2015eko urriaren 30ean argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:AnariBenito LertxundiEH SonaGlaukomaGovernorsJabier MuguruzaJoseba B. LenoirKorrontziLarregiLibeLisaböOskorriPatrol DestroyersVendetta