Musika

Andoni Imaz

2021.06.22

Andoni Imaz

Adarra saria jaso du Amaia Zubiriak

Galaz jantzi zen atzo arratsean Donostiako Viktoria Eugenia antzokia Amaia Zubiriari hark musikan egindako ibilbidea aitortzeko. Euskal musikari baten bide artistikoa saritzeko sortu zuen Donostia Kulturak Adarra saria, eta, ohi bezala, ekainaren 21ean, Musikaren Egunean, jaso zuen Zubiriak, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik.

Amaia Zubiriak Adarra saria jaso du

Amaia Zubiria, Adarra sariarekin. (Gorka Rubio / Foku)

Ekitaldiak, baina, bazuen bigarren parte bat ere, Zubiriak kontzertua eman baitzuen jarraian. 1970eko hamarkadan hasi eta gaur arte agertokian bidaide izan dituen musikari ugari elkartu zituen Viktoria Eugenian. Aurretik esana zuen kontzertu berezia izango zela, ziklo baten itxiera gisa irudikatu duelako ekitaldia, eta ez delako erraza izango guztiak berriro elkartzea. Han izan ziren, besteak beste, Luis Camino, Aitor Furundarena, Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Ritxi Salaberria, Iñaki Salvador, Manu Gaigne, Gonzalo Tejada eta Angel Unzu. Bestalde, ohiko kideez gain, kolaboratzaile ugari aritu ziren kantuan: Edorta Amurua semea, Maider Ansa, Jaione Olazabal, Ainara Ortega eta Matixa Otero, baita Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariak ere. Francisco Herrero biolinista ere igo zen oholtzara zenbait kantutan.

Musikari guztiek lagunduta hasi zuen kontzertua Zubiriak, eta hiru kantu aletu zituen segidan: “Paradisu bat”, “Ilargia jaio da” eta “Mami xuri”. Azken hori bereziki indartsu abestu zuen kantariak, eta, goian zegoela, erretiratu ziren Zubiria bera eta musikariak Lujanbio eta Maiari lekua egiteko. Lujanbiok kantatu zion «bere bidean segi dezala / zure espiritu libreak / gaur zirkulu bat ixten den arren / jarraitzen baitu bideak». Maiak, bestalde, horrela bukatu zuen bere bertsoa: «Euskal kantari izateaz gain / emakume izatea / gero zenbatek pasatu dun / zuk irekitako atea».

11000726

“Maitia nun zira” abestuz eman zion Amaia Zubiriak amaiera kontzertuari (Gorka Rubio / Foku)

Zubiriaren gaua zen atzokoa, baina gaueko protagonismoa ez zen berea bakarrik izan. Banaka atera ziren oholtzara taldearekin kantatzera Maider Ansa, Jaione Olazabal eta Ainara Ortega, eta azken horrek “Hi bezala”-rekin publikoa txaloka jarri zuen. Segidan, Zubiriak eta Edorta Amurua semeak —gitarraren eta ahotsaren oinarri hutsarekin— “Ihesean” eta “Amodioa zoin den zoroa” interpretatu zituzten, eta Matixa Oterok, bere aldetik, “Ametsa nun zaude?” abestu zuen, Zubiriak “Heldu zaigu azaro”-ri heldu aurretik. .

Emanaldia bukaerara iristen ari zen, eta, Lujanbio eta Maiaren bigarren bertso saio umoretsuago baten ondoren, kantuan aritu ziren emakume guztiak azaldu ziren agertokira “Amonaren mengantza” elkarrekin abestera. Musikari guztiekin interpretatutako “Loa-loa”-rekin amaitzear zen kontzertua, baina, publikoak eskatuta, Zubiria berriro itzuli zen oholtzara, “Maitia nun zira” kantua a cappella abestera. Zirrara batekin bukatu zen kontzertua.

ETIKETAK:Adarra SariaAmaia Zubiria