Musika

Iñigo Astiz

2021.10.03

Iñigo Astiz

Abestien itzaleko biztanleak

Ez aurkian, ez eta ifrentzuan ere, ez A aldean, ezta B aldean ere, inon egotekotan biniloaren ertzean behar du musika ekoizleak: inon ez, eta denean. Salbuespenak salbuespen, abestien itzaleko aldean mugitu ohi den figura da musika ekoizlearena, eta, kasuen arabera, izan daiteke musikariaren laguntzaile, gidari, suspertzaile, esploratzaile, solaskide, soinu diseinatzaile, lagun edo baita aurreko guztien arteko nahaski bat ere, ekoizle adina ekoizteko modu daudelako, eta, funtsean, esku artean darabiltzan abestien arabera egokitzen asmatzea delako haren egiteko nagusia. Figura labainkor horren lanaz, garrantziaz eta bilakaeraz aritu da BERRIA bost aditurekin: Marino Goñi ekoizle eta Gor diskoetxeko buru ohiarekin, Jon Agirrezabalaga El Tigre estudioko teknikari eta ekoizlearekin, Ana Arsuaga Verde Prato proiektuko musikariarekin, Izaskun Gonzalez bateria jotzaile eta musika elektronikoko ekoizlearekin eta Merina Gris musika taldeko kideekin. Kaleidoskopio batetik begiratuta bezala ageri da ekoizlearen irudia haien guztien hitzen artean.

p028_f01

Ilunpetan haztamuka irudikatu du bere burua Marino Goñik, esaterako. «80ko hamarkadaren hasieran ez zegoen inor, eta, praktikoki, ez zegoen grabazio estudiorik ere. Salbuespena Jean Phocas izan zen, bera hasi baitzen jarduera honekin». Sasoi hartan, Goñi izan zen Euskal Herrian ekoizle lanetan hasi zen lehenetako bat, eta, lau hamarkadako ibilbidean, luzea bezain esanguratsua da haren eskuetatik pasatu diren taldeen zerrenda: Hertzainak, La Polla Records, Barricada, Kortatu, Skalariak, Marea, Berri Txarrak… Bera izan zen Jose Mari Blascorekin batera Euskal Rock Erradikala etiketaren sortzaileetako bat ere. «Ni Txantreako Soñua zigiluaren estudio txiki batean hasi nintzen grabazioekin, autodidakta gisan, eta, aldi berean, ekoizpenarekin hasi nintzen. Gure lurraldean ez zegoen ikasteko tokirik. Itsu-itsuan mugitzen ginen, kanpoan grabatutako diskoak entzuten eta proba-akatsa praktikatzen: horiek izan ziren gure iturriak».

Onartu duenez, lanbro artean bezala ikusten zituen ekoizleak orduan. «Zaletuok badakigu nor diren musika ekoizpenaren mitoak; ekoizle famatuen izenak ezagunak dira, baina ez dakigu zein lan zehatz egiten duten».

Orain, erretiroan, eta urteetako esperientziari esker, hainbat ekoizle mota bereizi behar liratekeela dio: ekoizle exekutiboa , ekoizle musikala eta ekoizle-teknikaria, adibidez. Egiteko espezifikoa du haietako bakoitzak, Goñiren hitzetan, baina errealitatean nahastu egiten dira guztiak, «bereziki gure eremuan». «Ni diskoetan nenbilenean hiru protagonista zeuden: musika taldea, soinu teknikaria eta ekoizlea. Harrigarria da, baina bakoitzak disko ezberdin bat entzuten zuen. Musikari bakoitzak bere pista entzuten du, teknikariak soinuari erreparatzen dio eta ekoizleak emaitza osoa entzun behar du».

Belaunaldien arteko etena
Etena aipatu du Goñik, halere. «XXI. mendearen hasieran, pirateriaren garaian, diskoetxeen kontrako jarrera hedatu zen, eta irizpide hori oso kaltegarria bihurtu zen jarduera profesionaltzat hartutako musikarentzat. Hori hilketa bat izan zen ekoizle historikoentzat. Jakina, ekoizle berriak sortu ziren, baina belaunaldien arteko haria hautsi zen, eta esperientzia handia galdu genuen».

Marino Goñi: “Zaletuok badakigu nor diren musika ekoizpenaren mitoak; ekoizle famatuen izenak ezagunak dira, baina ez dakigu zein lan zehatz egiten duten”

Hain zuzen ere, Goñi ekoizle hasi eta hamarkada batzuetara hasi zen lan berean Jon Agirrezabalaga ere, eta, dioenez, haztamuka aritu da bera ere.

«Beti ibili naiz lagun eta ezagunekin lan hori egiten: nire ordenagailuarekin eta eskura nituen lau baliabideekin laguntzen nien han eta hemen erakusteko moduko zerbait grabatzen, baina We Are Standard taldearekin Andy Gill ekoizlearekin bigarren diskoa grabatzeko Londresera joan ginenean, orduan ikusi nuen hor egon zitekeela aukera bat. Baziren gustatu zitzaizkidan eta gustatu ez zitzaizkidan gauzak, baina han ikusi nuen erreferente bat, eta orduan ikusi nuen zein zen ekoizle baten lana: nola sartzen zen abestietan, nola lantzen zituen, nola moldatzen zuen dena norabide baterantz, nola bilatzen duen soinu bat lehen unetik, lehen ahotsetik… Handik itzulitakoan hasi nintzen estudioa muntatzen».

Nahasian doaz soinu ingeniariaren eta musika ekoizlearen figurak Agirrezabalagaren kasuan. «Baliabide faltaren ondorio da joera hori, nagusiki, baina ekoizleak, nolabait ere, zuzendari orokorraren lanak egin behar ditu, eta ingeniariak alde teknikoak funtziona dezan lortu behar du, baina beti ekoizlearen esanetara». Bietan aritzen da bera, Bilboko El Tigre estudioan. Gustura. «Nahiz eta, egia esan, ekoizleago sentitzen naizen».

Digitalizazioak, gainera, musikariei asko erraztu die etxean grabazio onak egitea, Agirrezabalagak dioenez, eta, horregatik, gero eta gehiago dira abestiei eta soinuari azken ukituak emateko laguntza eske joaten zaizkionak. Zati bat edo bestea kendu. Zubiren bat proposatu. Nahasketak egin. Badira, ordea, gitarra akustikoarekin eta ahotsaren melodiarekin bakarrik joan, eta oinarri horren gainean abestia eraikitzen joateko laguntza eskatzen diotenak ere. Hori egin du, adibidez, Gari musikariaren azken diskoekin, eta berdin Rafa Rueda musikariaren Rueda diskoarekin. «Asko disfrutatzen dut halakoetan».

Sofistikazio bila
Eta non dago muga? Ekoizlearenak ere badira abesti horiek? Agirrezabalaga: «Propio sentitzen dituzu, noski, baina esentzia hor zegoen, letretan, melodian, oinarrian, eta zuk jantzi egiten duzu».Ana Arsuagak iaz eman zuen argitara bere lehen proiektu pertsonala: Verde Prato. Ahotsa eta sintetizadoreak dira proposamenaren oinarri nagusia, eta minimalista da abestien azken janzkera. Etxean sortu zituen kantak, etxean grabatu, eta, gehiegi planifikatu gabe bukatu zuen diskoa Agirrezabalagarekin lantzen. «Mazmorra taldean aritzen nintzen lehen, eta harekin grabatu eta ekoitzi genuen lan bat. Ezagutzen nuen eta gustatu zitzaidan nola egiten zuen lan. Verde Pratoren kontzertu batean ikusi ninduen gero, eta laguntzeko prest azaldu zen. Hala hasi ginen diskoaz hizketan, eta modu oso organikoan joan zen dena».

Jon Agirrezabalaga: “Ekoizleak zuzendari orokorraren lanak egin behar ditu, eta ingeniariak alde teknikoak funtziona dezan lortu behar du, baina beti ekoizlearen esanetara”

Haren hitzetan, «sofistikatu» egin ziren kantak hartu-eman horri esker. Erabaki artistikoak berak hartu zituela dio Arsuagak, eta soinua janzten lagundu ziola ekoizleak. «Ni mundu undergroundagotik nator, Do It Yourself filosofiarekin. Nahiko primitiboa da musika elektronikora gerturatzeko nire modua, eta soinua beste puntu batera eramaten lagundu dit Agirrezabalagak. Soinu kontu bat izan da, emaitzarekin zerikusia duena. Borobilago edo dirdiratsuago egiteko eskatzen nion nik, eta berak bazekin nola egin. Beste ofizio bat da».

Eta zerk egiten du ekoizle bat on? Arsuaga: «Niretzako garrantzitsuena da ekoizlearekin emaitza kontzeptual komun bat konpartitzea, eta ikustea biok norabide berean goazela».

Izaskun Gonzalezek aldian-aldian aldatu egiten du bere buruaz ematen duen deskribapena. Bera da Rrucculla izeneko proiektuaren atzean dagoen sortzailea. 2016aren bueltan hasi zuen ibilbidea, eta musika elektronikoaren esparruan Euskal Herrian den diskurtsorik pertsonalenetako bat garatu du geroztik, erritmikoki batzuetan jazzaren ertzeraino heltzen diren abestiekin. Berak konposatzen ditu kantak, berak grabatu eta nahastu, bateria ere jotzen du zuzenekoetan, eta berak sortzen ditu kontzertuetan proiektatzen dituen irudiak. «Orokorrean musika ekoizlea, soinu diseinatzailea, bateria jotzailea eta artista bisuala naizela esango nuke, baina azkenaldian espresionista edo sortzaile hitzak datozkit ongien; egiten dudan guztia biltzen dutela uste dut».

Ia aldi bereko bi prozesu
Gonzalezen hitzetan, haren kasuan ere, beste hainbat egitekorekin batera urtuta doa ekoizlearena. «Musika elektronikoaren kasuan, konpositorea izan ohi da ekoizlea gehienetan, prozesu horiek ia aldi berean gertatzen direlako. Industriako artista handien kasura joz gero, baliteke kanta bakarrean hainbat ekoizle, soinu diseinatzaile eta ingeniari egotea». Sekula ez ditu bere kantak kaleratu aurretik kanpoko inorekin kontrastatu, baina beste hainbat sortzailerentzat bai egin ditu ekoizle lanak, enkarguz. «Berehala jakinaraziko dute; oraindik ezin dut besterik aurreratu».

Ana Arsuaga: “Niretzako garrantzitsuena da ekoizlearekin emaitza kontzeptual komun bat konpartitzea, eta ikustea biok norabide berean goazela”

Merina Gris taldeak hasieratik egin du lan Ed is Dead ekoizle madrildarrarekin. 2020an eman zuten argitara beren lehen lana sarean, “Besteek zer” abestia, eta beste hainbat kanta kaleratu dituzte geroztik, tantaka denak, eta beti bideoklip zainduekin guztiak. Ahots melodia garbiekin uztartutako musika elektronikoa da euren soinuaren muina, eta pop bortitza egiten dutela diote haiek.

Julen, Paskal eta Sara dira taldekideak, eta izena besterik ez dute ematen: abizenik zehaztu gabe, eta argazkietan beti aurpegia estalita azalduz. Anonimotasun hori mantentzeko baldintzapean onartu dute BERRIAren galderak erantzutea, eta, diotenez, haiek hasiera-hasieratik zuten gogoa ekoizle batekin lan egiteko. «Gure kantuetan hasieratik egongo zen norbait nahi genuen, soinuaren nondik norakoak kontuan izango zituena beti. Musikariok askotan pentsatzen dugulako soinua dela gero datorren zerbait eta nahasketetan lortzen dena, dirutza bat pagatuta, eta bai, baina hasiera-hasieratik dago baldintzatuta; abestien pentsakeran bertan dago soinu on horren lehenengo aztarna, eta horretarako behar genuen ekoizlea, gu ez garelako batere ortodoxoak eta musika beti egin dugulako intuizioz».

Merina Gris: “Abestien pentsakeran bertan dago soinu on horren lehenengo aztarna, eta horretarako behar genuen ekoizlea, gu ez garelako batere ortodoxoak”

Ekoizlearekin batera norabide berean aritzen direla diote Merina Grisekoek, baina ez direla beti bat etortzen. «Borrokak egon dira, eta, agian, kantaren batekin haserretu ere egin gara; artistikoki, noski, maila pertsonalean sartu gabe. Baina gustatzen zaigu Ed is Dead, ze nahiz eta asko estutzen zaituen, eta bere iritziaren alde asko borrokatzen duen, badakizu azken hitza beti zurea dela, eta lasai gaude. Badakigu zerbait nahi badugu, seguruenik horrela joango dela».

Estiloak, garaiak zein teknologiak aldatuz joan direla onartuta ere, ekoizlearen lana oraindik ere garrantzitsu dela dio Goñik. «Beti ikusi izan dut ekoizlearen figura modu berean. Beti iruditu zitzaidan beharrezkoa grabazio prozesuan gauzak kanpotik ikusiko zituen pertsona bat egotea. Talde izpirituarekin eta sparring gisa zerbitzua eskaintzeko prest, baita Pepito Grillo gisa ere. Erabaki dezala inork erabaki nahi ez duen zerbait».

ETIKETAK:Izaskun GonzalezJon AgirrezabalagaMarino GoñiMerina GrisVerde Prato