2014.09.11
Aberriak arazo handiak sortzen ditu. Lehen, hizkuntza bera hitz egiten genuen frantsesak eta espainiarrak ginenean, ez genuen arazorik aberria zer zen esateko: bandera eta armada. Euskaldunok identifikazio arazoak dauzkagu Aberriarekin, geure aberria asmatu edo ikusarazi zigutenek, oro har, ez zutelako euskara ezinbesteko. Esan liteke Aberria dela Euskal Herriaren maila politikoa, horrek suposatzen dituen on-gaitz guztiekin. Joseba Sarrionandiak Hitzen ondoeza bere hiztegian hauxe dio: “Aberri hitza berria da euskaraz. Zulo bat tapatzeko erabiltzen da. Badirudi, lehenagoko euskaldunek bazutela “herria” eta ez zutela aberri beharrik. Herria galdu arte ez zuten, euskaldunok, aberria asmatu beharrik izan. Guzi hori dela-eta, badira euskaldunek lotsa apur batekin esaten ditugun hitzak: aberria, Euzkadi…”. Lehenagotik ere hausnartua zuen Sarrionandiak aberriaz. 1981eko Izuen gordelekuetan barrena bere lehen poema liburuan zioen:
Aberria hautatu egiten da
—eta emakumea— edo
bakardadeak edo besterik ezak
ezartzen derauku.
2006an plazaratu zuten Ruper Ordorikak eta biek Memoriaren mapan diskoan bi kanta dagoz aberriari erreferentzia zuzena egiten diotenak. “Hiriak“ deritzonean Mohammed Mizzian Atarrabian bizi den amazighak inongoa izateko duen ezintasunaz mintzo dira. Inon sustraitzerik ez duenarentzat, zertarako da aberria?
Zeure gorputza da orain nire hiria,
zeu zara orain nahi dudan aberria.
[munduko hainbat hiri aipatu ostean]
Hiltzeko ere berdintsu zait herria:
(…)
Baina orain zeu zara nire hiriburua,
aberri, hilobi, neure sorlekua.
“Enbaxadore hodeiertzean“ Julen Badiola Ondarroako iheslari politikoaren sasiko bizimodua, zeina Sarrionandiarenaren oso antzekoa izan bait den, kontatzeko sortu zuten:
Ahaztu dugu nongo ordezkari garen,
banderarik gabe, aberririk gabe,
diplomaziarik gabe, agindurik gabe,
enbaxadore hodeiertzean.
Sarrionandia bera ere aberribako sentitzen da, edo kanta Badiolaren gisan klandestinitatean urteetan ikustezin bilakatu diren euskaldunen egoeraren salaketa da?
Gratien Andema Zaldubik 1893an idatzi eta Urkok zein Oskorrik musikatutako Gauden gu euskualdun poemak, gerora Lauaxetak, Lizardik, Orixek zein Mixel Labegeriek erabiliko zuten Euzkadiren aurrekari den Eskual Herria zer den argiro definitu zuen:
Zazpi Eskualherriek bat egin dezagun
Guziak bethi, bethi, gauden gu Eskualdun.
Agur eta ohore Eskualherriari:
Lapurdi, Basa-Nabar, Zibero gainari;
Bizkai, Nabar, Gipuzko, eta Alabari.
Zazpiak bat besarka lot beitetz elgarri.
Haritz eder bat bada gure mendietan,
Zazpi adarrez dena zabaltzen airetan,
Frantzian, Espainian, bi alderdietan:
Hemen hiru ‘ta han lau, bat da zazpietan.
Ekhalde-Iberrian noiz othe sortua?
Lau mila urthe huntan hunat aldatua;
Hain handi eta azkar lehen izatua,
Orai gure haritza zein den murriztua!
Funditua uholdez, zirimolez, ortziz;
Aizkorari arrotzek adargoiak hautsiz;
Harrek ere ixilka barnetik iretsiz;…
Haritz maitea, min duk aphaltzea gaitziz.
Gure haritz hau, azken mende hautaraino,
Zaharturik ere zen eder bezein sano.
Bere lur hoin garbian oso zagoeno,
Gainetik zoakona behar zen arrano.
Hi haiz, Eskualherria, haritz hori bera,
Arrotza nausiturik moztua sobera.
Oi! gure arbasoak, ez, othoi, ez beira
Zein goratik garen gu jautsiak behera.
Zazpi probintzia, euskarak banaezin bihurtzen dituena. Hizkuntza, lurra, herria: Aberria.
Joxe Ariztimuño Aitzol-ek poesia erabili gura izan zuen euskaldunen kontzientzia nazionala berpizteko. Lizardi, Lauaxeta eta Orixeri betekizun horixe ezarri zien. Hiruren poemetan etengabeak dira aberriari buruzko aipamenak, Lauaxetarenak zuzenagoak, Lizardi zein Orixerenak alegorikoagoak. Orixek, hain zuzen ere, Zaldubiren Gauden gu eskualdun poemari izenburua aldatu eta Agur Euskal-erriari goiburututa eroan zuen Euskaldunak poemara, Zaldubirena dela aitortu barik, ordea. Orixeren egiletza eta ez Zaldubirena erakusten du Urkok 1977an plazaratu zuen Sakonki maite zaitut Euskal Herria diskoak. Ondoren ere izan dira benetako egilea ostendu duten poeta ezagunak.
Antton Valverdek Lauaxeta zein Lizardiren poemekin osatutako disko bana argitaratu zituen 1978an eta 1986an, hurrenez hurren. Gasteizen fusilatu aurreko egunetan, ziegan idatzi zuen Lauaxetak Agur, Euzkadi eta bertan, Mendigoxaliarena poeman esandakoak berresten ditu, heriotzaren bezperan. Dena eman behar zaio maite den askatasunari, dena herriari,
Aberria ala hil, Patria libre vencer o morir, Todo por la patria.
Agur, Euzkadi, Jaunak naroa
Aberri eder argira.
Neure negarrak jarion neuzan
zeure mendiai begira.
Seme bat zeukan, baña etsayak
kendu eutsoen biotza;
soin ederrera ixuri yakon
mayetz bateko goiz otza.
Gurutz Deunari mosu egiñaz
aldegin eutson mundutik,
Kistoren gentza abo ganean
loratu yakon gastetik.
Jaunaren maitez, aberri maitez,
ez eban euki bildurrik,
eta zeuretzat zorion utsa
opaldu eutson gogotik.
(…)
Lizardik, aipatu legez, metaforak erabili zituen aberria, herria edota hizkuntzari kantatzeko. Natura zerabilen, hain zuzen, gehienetan, dela txolarrea, dela mendia, dela Asaba zaharren baratza:
(…)
V
Etorkizuna
Ordun eguzkiz yantzi zan
asaba zârren baratza;
ordun, zuaitzak igaliz;
ordun baratza lêneratu zan
mugak berriro zabaliz.
Ta lên ikusi gabeko
zuaitz berri bat zegoan
erdian, guzien buru…
Aren gerizak erri-baratzak
ezin-ilkor egin ditu.
Nire Tabor-mendi: nire
baratz zârraren antzalda!,
egi, mami, biur adi:
lênaren muñak aldatu beza
baratz zârra baratz berri!
Mixel Labegeriek, euskal kantagintza modernoaren aitapontekotzat jotzen dugunak, oso garbi aldarrikatu zuen aberria zer den “Gazteri berria“ 1970eko hamarkadan ipar zein hego euskal herriko gazteriaren ereserki bilakatu zen kantan:
Aita, zer egin duzu gure lur maitea?
Kanpokoari saldu, oi dohakabea!
Arrotzez betea da Euzkadi guzia,
Eskualduna etxean ez dago nausia.
Gu gira Euzkadiko gazteri berria,
Euzkadi bakarra da gure aberria.
Gu gira Euzkadiko gazteri berria,
Euzkadi bakarra da gure aberria.
Ildo berean darrai Manex Pagolak “Kanta aberria” idaztean. Pantxoa eta Peiok, batez ere errepikan, samalda baten, soldadu aldraren kantatzeko konposatu zuten. Erraz irudikatu ditzakegu emakume gizonak pauso arin bezain irmoz kokotsa gora, burua harro kantari:
Kantazak, Euskalduna,
kantazak hire Herria!
kantazak, Euskalduna,
hire Aberria!
Gure mendi zelaiak bakezko jauntzitan,
etxe zuri gorriak altzotan!…
gure ikurrin bandera plaza kaskoetan,
herritarrak kantuz ostatutan!…
horra Aberria nola nik utzi dutan
kanpo alde joan egunetan…
Kantazak, Euskalduna,…
Nere ama maiteak nigarra gordetzen,
ttipitik bainuen kexarazten…
haren bihotz zaurtuan nik deus ez ikusten,
haurrak ez baitaki so egiten…
amaren iduri Euskadi zaut agertzen,
baina nik kasurik ez emaiten!…
Euskadi, herria, aberria. Manex Pagolak berak aitortzera, bere hitzek ulerterrazak behar zuten izan, tabernetan zein etxekoen artean kantatzekoak, zuzenak, aldarrikatzaileak. Propaganda politikoa.
Ordurako hainbat poema eta kanta idatziak zituen Xabier Letek aurrekoek kantatutakoaren ifrentzua ekarri zuen. Aberria ez da harrotasunerako, aberriak ez zekarkion bizipozik Leteri. Euskaldun desengainatu baten kanta da “Aberri ilunaren poema“, abertzaletasunari itzuri egin gura dionaren aitortza.
Behar zaitut Euskadi
desesperatuki
puta batek alkohola
behar duen gisan
Behar zaitut Euskadi
…
Maitasun gorroto sentipen hori ez da berria. Hain zuzen ere, Xabier Letek horrenbeste jazarri zuen Gabriel Arestik behin baizen gehiagotan idatzi zuen Bilboko erdal hirian euskaldun izateak eta zenbait euskaldun zahar erosoren mespretxuak sorrarazten zion etsipena. Hernanin emandako hitzaldi batean honela kantatu zuen Arestik:
AZKEN EUSKALDUNAREN HERIOCEA
(Euzkadi año 2.000):
Bi mila urte eta
gehiago dira
Jesukristok zuela
kreatu ludia.
Ordutikan negarrez
dager Euzkadia,
bernean daramala
dolore haundia.
Zurekin minzaceko
nahi dut euskera;
galdu zicaigunetik
arras galdu gera.
Inork ez du adicen
neure minzaera;
euskal bersotan hartu
behar dut erdera.
Euzkadi, madre mía,
no puedo quererte,
pues sólo me prometes
sufrimiento y muerte.
Mas sufriendo y muriendo,
he de defenderte,
a golpes de un martillo
vigoroso y fuerte.
Mi voz es un martillo,
negra poesía,
palabra firme y llena
de feroz hombría,
que golpea en tus clavos,
dulce madre mía,
y, mientras te golpea,
sufre tu agonía.
Tras de, sobre tu cuerpo
extender mi manto,
no puedo, por tu muerte,
derramar mi llanto.
Madre mía, querida,
te he querido tanto,
que, huérfano, aun con todo,
te golpea y canto.
Aquellos que juraron
darte hacienda y vida,
después ocasionaron
tu profunda herida,
esa que ahora te tiene
toda ensangrecida,
por donde, a borbotones,
se te va la vida.
Juraron darte vida,
y te dieron muerte;
no llores, madre mía,
sólo yace inerte.
El poeta maldito
no puede quererte,
y sí aceptar tu misma
desdichada suerte.
Un aire gris se lleva
estos cuatro puntos,
y suena como un triste
toque de difuntos.
En las alas del viento
dejo mis asuntos.
Quiero yacer contigo.
moriremos juntos.
Honeik baitira euskeraren izen poetikoak: sufrikario eta heriocea, edo erderaz kantatu dudan bezala, sufrimiento y muerte.
Besterik ez. Barkatu.
Eta Letek gerora Euskal Herri nerea izenburukoa kantatu zuen, errepika, tonua, gaia mespretxatu zuen Arestirena zela aitortu gabe. Koldo Izagirrek eta Xabier Mendigurenek honela azaldu zuten Xabier Letek aberriarekiko erakusten zuen egonezina:
“Urrats desbideratuak (1981) izan zen Leteren hirugarren liburua, eta handik hartua da Aberria, orain poema. Lexikoan joera berri bat ekarri zuen: hitz atzizkidun ugari sortzen eta sartzen ditu, bere adierazpidearen ñabardurak hobeto zaintzeko eta esateko modu biribilago, ozenago baten bila ere bai agian. Bestalde, olerki hau Letek Euskal Herriarekiko sentitzen duen harreman gatazkatsu eta agonikoaren adibide ere bada; harreman kontraesankor hori hobeto ulertzeko interesgarria da jakitea, nola, poema honen kontrapuntu bezala, geroko liburu batean (Zentzu antzaldatuen poemategia, 1992), bukaera hauxe eman zion beste olerki bati: «Nor izango zaio oraindik leial aberri dohakabe honi?” (Euskal literaturaren antologia, Elkar, 1988).
Ekarri dugu Sarrionandiak esana, euskaldunok lotsaz esaten ditugula aberria lako berbak. Poema eta kanta askotan, ostera, lotsa ez beste sentipenik agertu dugu. Grina, amorrua, harrotasuna hasieran, desengainua, arbuioa zenbaiten kasuan, definitzeko zailtasuna une batean, norberaren galbahera ekarri beharra, gerora.
Joxerra Gartziak idatzi eta Txomin Artolak kantu-liburuetan lekua egiteko eran musikatutako Aberriaren mugak poemak aberria (herria) hizkuntzari atxikitzen dio:
Aberriaren mugak, euskararenak
gure baitan daude gehienak
euskara zabalduaz, lau haizetara
zabalago egiten gara
Xabier Montoia idazle eta musikariak 1995ean kaleratu zuen Beti oporretan diskoan “Aberri galdua“ izenburu argigarriko kanta eskaini zigun.
Horra hor ez oso aspaldi herri bat zena.
Orain berriz, noraezean ibiltzen dena.
90eko hamarkada arte kantagai nagusienetako bat izan bazen, jada Aberriak kantagai garrantzitsu izateari utzi dio, bai poetentzat zein musikagileentzat, ez da ezinbestekoa. Baten batzuk badiren arren, aberriaren zera hori zer ote den asmatu guran dabizenak. Zergatik ote? Aberririk gabeko gara? Edo, beharrik ere ez dugu? Zerk ordezkatu du aberria?
Aberria norberak bere baitan
daraman lur zatia baino ez da
baina nire aberria
irriño baten barruan kabitzen da
oroitzapenez osaturiko aberria da nirea
zurea eta nirea
izenik gabeko adio isil bat askotan
beti arte, ez dakit noiz arte bat
baina arte bat
horrelakoxea da nire gurazko aberria
hutsa eta jendetsua
boz minartua
hurbil eta urruna
bestelakotua
nimiñoa
poema baten barruan kabitzen den
aberria da nirea
Nire aberriaz (Mikel Ibarguren / Bide Ertzean)
Mikel Ibarguren, Hemen gauak lau ertz ditu (Susa, 1996). Kartzelan zelarik bildu zituen hitzok Ibargurenek. Kartzelan zelarik idatzi zuen Ene begiek ez dute malko isuritzeko gogorik Sarrionandiak, Ordorikak (gerora Pettik edota Mikel Errazkinek) betikotu duen
(…)
Mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua, lekua besterik ez izan, urrun deritzan aberrian (Marinel zaharrak. Elkar 1986).
Txuma Murugarrenek aberria mapetan, alegia, irudimenean baino ez dagoela dio eta berak ez duela balizko aberri horretan lekurik:
Mapetan baino bizi ez den zure aberrian
nire izena ahaztu duzu, eta egin nizkizun
promesak ere bai zure eskuak manera onekoak
dira orain, bihotza urratzen duen
adeitasunez jantzi dira,
ezin ahaztu izan zirena nire gorputza
esnatzen zuen mekanismo iluna, ezin ahantzi,
mundura begira zegoen gela hartan
etorkizunari begira zegoen denbora hartan…
Idazle eta musikari den Asier Serranok Gerrari bai diskoan aberriaren izenean bere ustea egin diren izugarrikeriak kantatzen ditu, aberria hilen lur gisa definitzeraino:
(…)
eta non idazten ote da
gure hitz mutuaren kronika
eta nongo mapetan marrazten ote da
aberri galduaren karrika
eta zein bihotzetan mugatzen da
zure lur muturra
bizien hilerri ez beste denean
bizien hilerri denean
hilen lur bakarrik denean
Mugaldekoak taldeko Edu Zelaieta idazleak 2012an argitaratutako Begiak lekuko diskoan Gogoan izan aberriak poeman aberriaren definizio askotarikoa dakar:
Gogoan izan,
mintzatzen zaren hizkuntzan mintzatzen zarela ere,
gizakiok bi aberri ditugula:
euria eta ortzadarra.
Inbentario erraldoi bat egiten ari gara
gure seme-alabak daltonikoak izan ez daitezen.
Ortzadarraren zipriztinek busti gaitzaten mila koloretan.
Gogoan izan,
jaio zaren herrian jaio zarela ere,
gizakiok bi aberri ditugula:
ilargia eta eguzkia.
Tamaina ezberdina badute ere,
biak ikusten ditugu Lurretik.
Ura eta haizea bezain beharrezkoak dira:
Eguzkirik gabe, ez genuke egunaren argia.
Ilargirik gabe, gauaren magia galduko luke.
Gogoan izan
inork ez duela sorterria aukeratu
euria eta eguzkia maite dituzula.
Arren eskatzen dizut,
zauden lekuan zaudela ere.
bi aberri ditugula ez ahantzi:
zurea eta nirea.
Aberasgarria litzateke zinez Mixel Labegerie eta Edu Zelaieta bata Euzkadi bakarra da gure aberria, bestea bi aberri ditugula… defendatzen. Ez dira alferrik 50 urte igaro.
Gutxi barru karrikaratuko den Arkaitz Minerren disko berrian, Iñigo Aranbarrik aberria, herria, Euzkadi, Euskal Herria argitu ezinak sortzen duen azkuraz idatzitako Aberriaren zera hau entzun ahal izango dugu:
Nola arindu hainbeste egonezinen zama
Nola higatu gure harrotasun zigortua
Nola gorrotatu gure mintzoaren merkatu zuria
Aspaldi eraitsi behar genituzkeen arbola santuak
Inoiz eraitsi behar ez gintuzkeen
Ez genituzkeen txara hezigaitzak
Nola ahantzi itzal iluneko hegaztiei
Harrika eman izan diegun zelaiak
Nola ahantzi hainbeste bide hesitu hainbeste hesi bidetu
Esan nola erakutsi behar dugun gure etxea
Gela bakar bat giltzatu gabe
Nola erakutsi eskuak nola bildu begiak
Nola mututu hauen kodea
Esan nola zikindu behar dugun gure memoria
Hain hauskor hain barne
Hain geografia basa non bidezidorrak
Itsasora amiltzen diren
Itsasora amiltzen gaituzten
Gorpu ahantziak besarkatzen dituzten harkaitzak
Antzinako ametsak urrumatzen dituzten urak
Esan nola maitatu behar den
Hain astiro ernemintzen dena
Kristalezko arrosa hau, hain zauri bozatua
Nola aurkitu haren aurpegia itsu hatzez ez bada
Nola eman ahora haren hatzak horzkada ttikirik gabe
Nola ikasi ahal dugun hainbeste eginbehar
Nola ikasi behar dugun
Nola idatzi lur zokorretan
Nola desidatzi zorua larratu gabe
Lotsa baino, azkura sortzen digu aberriak, noiz eta erabakitzeko eskubidea gauzatzekotan gaudela, noiz eta independentzia ozenen aldarrikatzen dugun garaiotan.