Musika

Igor Susaeta

2014.05.01

Igor Susaeta

«A zer gogoa daukagun furgonetan sartu eta kontzertuetara joateko!»

Aitzol Gogortza Errenteriako preso politikoak gaixotasun larri bat dauka, eta haren alde Ihes puntua. Aitzol Gogortza preso lagunari musika, gutuna, bertsoak egitasmoa ondu zuten iaz. Kashbadek horretan parte hartu zuen, Okila kantua sortuz. Lau saiotan grabatu zuten Bonbereneako estudioan (Tolosa), eta handik egun batzuetara mezu elektroniko bat bidali zien Karlos Osinaga Txap musikari eta teknikari lagunak —Lisabö—. Zera zioen: «Disko bat grabatzen zenutela amestu dut». Hesiak (1999, Esan Ozenki) kaleratu zutenetik 15 urte zeramatzan-eta ezer argitaratu gabe 90eko hamarkadaren bigarren erdian euskaraz egindako rockaren talde erreferenteetako batek. Aipatutakoaz gainera, beste bi disko ondu zituen Esan Ozenkirekin: Kashbad (1996) eta Distantzia (1997).

Txapek esan ziena agian gezurra zela diote lau taldekideek, barrez, baina zirikatu egin zituen, behintzat. «Gutako inork ez zuen esan posible ez zenik». Udan hasi ziren elkartzen entseatzeko, eta atzo Arrakala diskoa plazaratu zuten Bonberenea Ekintzaken eskutik. Nahiz eta urte asko zeramatzaten elkarrekin jo gabe —2007an hiru kontzertu emateko elkartu ziren—, adierazi dute taldearen lan egiteko modua ez dela aldatu, eta, horregatik, iruditzen zaie jendeak zortzi abestiak —sei, Okila, eta 2001ean Gaztetxeak martxan disko kolektiborako egindako Zuen eskaparateetan doinua— erraz lotuko dituela Kashbaden betiko soinuarekin. «Hari berari tira egiten diote».

31 zuzeneko, eta etzi lehena 

Eta segituan hasiko dira pieza berriak zein zaharrak zuzenean defendatzen. Etzi dute aurrenekoa Hazparnen (Lapurdi), eta beste sei aurkezpen kontzertu egingo dituzte: 16an Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa), 17an Gasteizko gaztetxean, 22an Bilboko Kafe Antzokian, 31n Atarrabiako Totem aretoan (Nafarroa), ekainaren 6an Bergarako jaietan (Gipuzkoa) eta 7an Errenteriako Niessen aretoan (Gipuzkoa). Abendua bitartean 31 dauzkate jada lotuta. 2007an eman zituzten kontzertuek ikusmin handia piztu zuten, baina orain, aurreneko kontzertuen berritasunaren ondoren, su hori apalduko dela pentsatzen dute. Ikusteke dago.

Sorkun Rubio abeslariak, adibidez, aitortu du ez zuela pentsatzen taldea berpiztuko zutenik ere. Kontrakoa uste du Gorka Sesma gitarra jotzaileak. «Egiten ditugun bazkarietan eta, beti ateratzen zen gaia». Lagunak izaten jarraitu baitute. «Ezin zen deskartatu, ordea, taldea desegiteko modua ez zelako traumatikoa izan», zehaztu du Gorka Lazkano baxu jotzaileak. 2000ko abuztuan gertatu zen hori, kontzertu baten ondoren. «Entseatzeko baino gehiago, elkarrekin afaltzera joateko gogoa edukitzen genuen», laburtu du Sorkunek. Haritz Beristain Txiki bateria jotzaileak zehaztapen batzuk egin ditu: «Inoiz ez da gure lanbidea izan, hasteko. Gero, beharbada, ez genekien musikalki norantz egin; Euskal Herriko txoko ia guztietan jotakoak ginen…». Haien buruak behartzen ari zirela konturatu zirenean, etenaldia egitea deliberatu zuten. Naturala izan zen, Sesmaren iritziz.

Taldekide bakoitzak, hortaz, bere bidea egin zuen ondorengo urte luzeetan. Sorkunek bakarkako hiru disko kaleratu zituen, Fermin Muguruzari laguntzeaz gain; Txikik Peiremans+ eta Lau Itzalekin jo zuen; Sesma ere ibili zen Lau Itzalekin, besteak beste; eta Lazkano Trumboko kidea izan zen.

Baina bat egin zuten Okila grabatzeko, eta ikusi zuten ondo elkar hartzen jarraitzen zutela. Beraz, Bonberenean astean behin entseatzekotan geratu ziren: «Lehen minutuan ez genekien grabatzera iritsiko ginenik ere… Sortzen hasi ginen, eta begira, diskoa atera dugu», azaldu du bateria jotzaileak. Baina Sesmak aitortu du bazutela, era berean, beldur apur bat, ez zekitelako zein dinamikan sartuko ziren: entseguak, zuzenekoak, lana, seme-alabak… «Baina hitz egin genuen, eta ikusi genuen posible zela». Plangintza bat eginez, noski. Baldintza batzuk jarri zituzten denek erritmoari eutsi ahal ziezaioten, eta horiek errespetatuz gauzatu ahal izan dute Arrakala. Lazkanoren esanetan, abendua arteko argazkia egina daukate, eta bakoitza hasi da mentalizatzen. Sesmaren aburuz, dena ezinezkoa izango litzateke bakoitzaren familien onespena ez balute. Halere, Lazkanok argi utzi nahi izan du kontu bat: «Gure lehen premisa ondokoa zen: ‘goazen gustuz egitera, gogaitu gabe’».

Joan den urtarrilaren 24an eman zuten Kashbadekoek beren asmoen berri, Facebooken jarritako argazki baten bidez. Eta harrituta daude sortu duten ikusminarekin. «Tira, badirudi badagoela jende bat ezagutzen gintuena edo gaituena, badagoela mugimendua», esan du Txikik, apal.

Gainera, elkartzen direnean gauzak ez direla aldatu sentitu zuten aurreneko entsegutik bertatik. Tira, Sesmak bazuen kezka bat. «Ni blues munduan nenbilen, Gorka musika gogorragoa egiten… Neure buruari galdetzen nion: ‘Nola bat egingo dugu?’. ‘Igual jada bere bidea hartu du bakoitzak?’». Baina ez. Natural atera da, eta adibide bat jarri du Lazkanok: «Lagun batzuekin badakizu zerk elkartzen zaituen, zeri buruz hitz egin; ba gu musika egiteko elkartzen garenean, gure elkarrizketa musikaletan hizkuntza bera hitz egiten dugu».

Burutik ere ez zaie pasatu beste zerbait, diferentea, egitea. «Ez. Hori ariketa mental bat egitea litzateke, eta guk ez dugu horrela jokatzen», bota du, brausta, Sorkunek. Halere, beharbada, ariketa hori egin dezaketela iruditzen zaio Lazkanori. Baina ez. Sesmak pentsatzen du 70eko bluesean oinarritutako proiektu bat egin nahi izango balu ez lukeela Kashbadekin egingo. «Lauron artean hau da egiten duguna; horrela ateratzen zaigu».

Zentzu bakarreko hitzik gabe

Rock doinu indartsuak, «potenteak», dira atera direnak, Lokatz siderala keinu akustikoan izan ezik. Txapekin grabatu zituzten orain pare bat hilabete Bonberenean, eta oso gitarreroak dira. «Gitarra bikoiztuak dituzte ia guztiek; eta batzuetan hirugarren bat ere bai. Gustatzen zaizkigu Txapek egiten dituen soinu horma gisako produkzio horiek», eman ditu zehaztasun teknikoak Sesmak, umorez.

Hitzak nahiko kriptikoak dira, interpretazio irekikoak. Pentsatzen dute, gainera, zentzu bakarreko letra gutxi idatzi izan dituztela. Arrakala-n mintzo dira, esaterako, abortuaz, oreka mentalaz, bikote harremanetako inkomunikazioaz, bizitzan aurrera jarraitzeko egin behar diren ahaleginez… Lazkanok idatzi ditu denak, Lokatz siderala (Eider Rodriguez) eta Malabareak (Txiki) izan ezik.

Horiek jotzen hasteko desiratzen daude. «A zer gogoa daukadan furgonetan sartu eta kontzertuetara joateko!». Hori esan zuen Lazkanok, atzo, diskoaren aurkezpenera joateko furgonetara sartu zirenean. Formatu rockerokoak izango dira, eta gustuz joko dituzte abesti zaharrak ere. HegazNi izatekoOinutsikEgunsenti izartsua… Ez dituzte arbuiatzen aspaldiko kantuak, nahiz eta horietako batzuk beste modu batean ikusten dituzten orain.

Itzulerak epe mugatua du: urtea amaitu bitartean. Lazkanoren hitzetan, ez dute baztertu jarraitzea, baina oraindik ez dute horri buruz pentsatu. «Ikusiko dugu. Pasatutakoaren errepasoa egin eta gero erabakiko dugu».

ETIKETAK:Kashbad