Musika

Gorka Erostarbe

2016.04.01

Gorka Erostarbe

Oroimenean iltzatzeko kantuak

“Euskara ez erori, hara sagardotegira. Euria, euria. Eskerrik asko». Hitz horiek entzun litezke, beste zenbaiten artean, Euskanta. Eromako zubia 2015 egitasmoko lehen kantuan, Euskara” izenekoan. Emakumezko eta gizonezkoen hainbat ahots entzuten da, eta igartzen da jolasten ari direla euskararen musikarekin. Eta gozatzen.

EUSKANTA
Italiako Lanuvio herriko (Erroma hiriburutik 13 kilometrotara) zentro okupazionalean ondu zuten iaz Euskanta-ren seigarren alea. «Zentro horretara baliabide psiko-fisiko murriztuak dituen jende heldua joaten da», argitu du Alex Mendizabal musikari donostiarrak. 1982tik Erroman egonkortua dago Mendizabal. Hark bultzatu zuen 2002an, Marlene Merikaetxebarriarekin batera, Associazione Culturale Euskara-Eromako Euskal Etxea elkartea. Eta hark bideratu du proiektua duela sei urtez geroztik. 2009-2010ko ikasturtean egin zuten lehen aldikoz: «Eroma hiriko [r bakarrarekin esan eta idazten du berak euskaraz] lehen mailako eskola publikotan egin dugu lehen bost urteetan, bosgarren mailako neska mutil gaztetxoekin».

Asmoa soila bezain berezia da. Berezia, ezohikoa delako Euskal Herritik kanpo halako egitasmo bat. Eta helburua, sinplea: «Euskara ikastaro berezi bat egitea». Eta bidea, honako hau: «Partaide bakoitzak bere kantua idatzi, konposatu, egin eta grabatu, euskaraz». Orotara, sei pieza grabatu zituzten. Honela dio Poesia, zukin musika” izenekoak: «Poesia, zukin musika, bai bai bai, zer zer zer, ezer, orain bai, bai-bai-bai, banoa banoa». Proiektuak asko dauka jolasetik, baina «esperimentazio» hitza erabiltzea ez du gustukoegi Mendizabalek. «Nik, behintzat, ez dut inoiz ulertu Euskanta esperimentazio moduan. Euskanta pop proiektu bat da. Kantu pop bat egitea oso erraza eta ederra da. Kantuak baliabide mnemoniko handiak dauzka eta are gehiago abestia zuk egiten baduzu osorik». Ez, ez, ez”, “Baita beste”, Itsaso” eta Ametsa” dira beste lau kantuak. Kantu guztiak entzungai daude, baita aurreko bost aldietakoak ere, www.euskanta.wordpress.com gunean.  

Mendizabalek Marcello Liberato italiarrarekin batera bideratu du proiektua urteotan. Biak dira musikariak, eta baliabide musikalak eskaintzen dizkiete kantuak sortu dituztenei. «Gure lana kuriositatea piztu eta probokatzea ere bada. Zati instrumentalak eginik, euskaraz kantatzen, melodiak asmatzen eta grabatzen hasten dira. Eta aukeratutako hainbat zatirekin kantua atontzen».

Partaideek, haur ala gazte, deskubritzen duten gauzarik garrantzitsuena da kantu bat egin eta grabatzeko gauza direla, «baita ezagutzen ez duten hizkuntza baten ere», Mendizabalen hitzetan: «Eta kantua grabatua geratuko zaie, ez CD edo audio file batean soilik, baizik eta haien memorian. Eta, beraz, hitzak eta esaldiak ikasiko dituzte». 

Kantua, euskararako bide
Euskararekin aurrez inolako harremanik ez dute izan aurreko bost urteetan egitasmoan parte hartu duten 200 haurrek. Azken urteko helduek, berriz, bazuten haren berri: «Bera herriko Uxane Aspace zentro okupazionalarekin harremanak izan dituztelako zenbait urtetan». 2010. urtean Lazkaoko Maizpide euskaltegian aurkeztu zuten egitasmoa, eta, aukerarik izanez gero, etorriko lirateke Euskal Herrira berriro ere, baina Mendizabalek argi du zein litzatekeen egitasmoa ezagutarazteko modu onena: «Aurkezteko modurik ederrena, irratiek noizean behin kantu bat transmititzea litzateke». Euskanta proiektua HABEren Euskara Munduan egitasmoaren laguntzarekin egiten da, eta lehenengo lau urteetan Erromako UPTER Unibertsitateko Euskal Sailaren diru laguntza jaso zuen, «baina Etxepare Institutuak galarazi zion Euskal Sailari inongo dirurik ematea proiektuari. Ez omen du maila akademikorik», zehaztu du kritika Mendizabalek.  

Hala ere, zazpigarren alea, aurtengoa, jada buruan darabilte, eta lanean ari dira Italiako hiriburuko hainbat rap kantarirekin. Urte amaieran ikusi eta entzun ahal izango da emaitza.

(Berria egunkarian, 2016ko martxoaren 23an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:Alex MendizabalEuskantaEuskara