2015.03.30
Labetik atera berria da Haizeen meneko, Aguxtin Alkhat heletarraren lehen lan luzea —aurretik sei abestiz osatutako EP bat argitaratu zuen 2013an, Usopop diskoetxearekin—. Folk eta pop doinuak samurki nahasten ditu; batzuetan, haren ahotsa gitarra akustiko soilarekin, “Amaieran” kasurako; beste batzuetan, soinu elektrikoago eta rockeroagoak erakutsiz, diskoari izena eta hasiera ematen dion “Haizeen meneko” eta “Eragin” kantuetan besteak beste, puntako musikarien laguntzaz: Julien Labat gitarran, Felix Buff baterian eta Xan Bidegain baxuan. Abesti guztiak Alkhatek sortuak dira, “Hasperen”-en doinua izan ezik, hori Labatek egin baitu. Hamar kantuetan Nafarroa Behereko haizeen meneko lasaitasuna arnas dezakegu.
(Berria egunkarian, 2015eko martxoaren 29an argitaratutako kritika)