Musika

badok

2019.01.31

badok

2019ko soinu banda osatzen hasi da

Hilabete igaro da 2019. urtea estreinatu genuenetik eta dagoeneko hasi da euskarazko musikaren aurtengo soinu banda osatzen. Datozen aste eta hilabeteetan argitaratuko diren diskoetako batzuk bildu ditugu artikulu honetan.

Lan berriak plazaratzen lehenak Minbizia eta Delient taldeak izan dira. Biek ala biek lehen disko homonimoak argitaratu dituzte urtarrileko lehen egunetan —oraingoz euskarri digitalean soilik—. Bultz! punk-rock taldea ere formazio berriarekin grabaturiko Galtzeko ezer EPa osatzen duten kantuak aletzen ari da sarean eta hilaren bukaeran iritsi dira Ibon RG musikari eta ekoizlearen bakarkako lehen disko bikoitza, Hil zara I eta II, eta Huts taldearen bigarrena, Toxiko. Laster argitaratzekoa da Maddi Zubeldia idazle eta kantariaren hirugarren diskoa ere, Zimurrak baleki.

Otsailean iritsiko da Unidad Alavesa-ren bigarren diskoa, Martin Martin. Aurrekoa bezala, Haritz Artola (Brigada Criminal, Fiachras, Bizardunak) buru duen taldeak Fredi Pelaezen Pottoko estudioan grabatu ditu abesti berriak, eta Xabi Señor Nok eta Leire Leturiak kolaboratu dute diskoan. Zuzeneko lehen aurkezpena otsailaren 16an egingo du Ataunen, eta 28an Arrasateko gaztetxean joko du. Jadanik “Zahartzearen onurak” lehen singlea entzun daiteke.

Unidad Alavesa berria

Unidad Alavesak otsailean kaleratuko du bigarren diskoa.

Argitaratzeko data dagoeneko finkatua duen beste lan bat Moxal izeneko proiektuaren lehen diskoa da. Hannot Mintegiak (Audience ohia) koordinaturiko proiektu horretan hainbat musikarik hartu dute parte: Aiora Renteria (Zea Mays), Ainara Legardon, MICE,  Ager eta Gaizka Insunza (Audience), Aitor Etxebarria,Mursego… Martxoaren 1ean argitaratuko du Forbidden Colours zigiluak eta egun batzuk geroago, 16an, Gernikako Lekuek jaialdian aurkeztuko da zuzenean.

Moxalen diskoaren egun berean argitaratuko da Niña Coyote eta Chico Tornado bikotearen lan berria, Aitzstar. Aurretik Berri Txarrak eta Ken Zazpi taldeek egin duten bezala, Ricky Faulkner ekoizlearekin grabatu dute laugarren diskoa La Casa Murada estudioan. Euskal Herriko lehen aurkezpenak apirilaren 11n, 12an eta 13an izango dira, Bilboko Kafe Antzokian, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eta Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, hurrenez hurren.

Martxoan ere argitaratzekoa zen Aguxtin Alkhat-en Hutsaren hatsa hirugarren diskoa, baina kaleratzea irailera arte atzeratzea erabaki du kantari behenafarrak. Lan berriko abestiak hainbat estudiotan eta soinu teknikari ezberdinekin grabatuko ditu Alkhatek, kantuen estilo aniztasuna islatu nahian. Lehen bi diskoetan ageri ziren folk eta rock doinuez gain, blues bat ere jasoko du abesti bilduma berriak. Oraindik hilabete batzuk falta diren arren lan osoa ezagutzeko, “Ezinaren izenean” aurrerapen abestia entzun daiteke jada.

Bestalde, aurtengoa Sharon Stoner taldearen itzuleraren urtea izango da. Zazpi urte igaro dira Oñatiko (Gipuzkoa) stoner hirukoteak azken diskoa kaleratu zuenetik. Tartean beste proiektu batzuetan aritu dira taldekideak —Iñigo Ibarrondo abeslari eta gitarristak diskoa kaleratu zuen Zingira izenpean, eta Egoitz Olalde bateria jotzailea Lenao taldean aritzen da—. Garate eta In estudioetan grabatu dute laugarren diskoa, eta Almehuna zigiluak kaleratuko du. Oñatiko zenbait talde bildu dira zigilu horren inguruan, eta horietako bat Iker Martinez Zuazo da. Latzen eta Potemkin taldeetan aritu ondoren, Lenaon jotzen du gaur egun baina duela bi urte bakarka grabatutako lehen diskoa kaleratu zuen, Itzalen mundua. Bigarrena dagoeneko grabatu du eta laster izango da kalean.

Sharon Stoner berria

Zazpi urteren ondoren laugarren diskoa kaleratuko du Sharon Stonerrek.

Maider Zabalegi-k ere bakarkako bigarren diskoa grabatu du, Bidean du izenburu eta martxoan argitaratuko du Baga-Biga diskoetxeak. Zuzenean laguntzen dioten musikariekin grabatu ditu abesti berriak: Urbil Artola, Gorka Urra, Karlos Aranzegi, Maria Soriazu eta Santi Romano. Diskoaren lehen aurkezpen kontzertua Bilborock aretoan emango du, martxoaren 8an.

Josh Cheatham estatubatuarrarekin Neighbor bikotea osatuz bi disko laudatu atera ondoren, Maite Larburu bere bakarkako lehen diskoa grabatzen ari da Usurbilgo Higain estudioan eta Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik kaleratuko du martxoan. Diskoetxeak azaldu duenez, Billie Holidayk ezagun egindako “Strange Fruit” abestitik abiatuta osatu du Larburuk Hezurren azpian izenburua izango duen lana. “Maleta, aireportu eta trenbidez josiriko mikrokosmos batera egingo dugu jauzi”, dio Gaztelupeko Hotsak-ek. Carlos Taroncher, Aida Torres eta Beñat Iturrioz ari zaizkio kolaborazio lanak egiten klarinetea eta perkusioekin, eta zuzenean laukote formatuan aurkeztuko du diskoa. Lehen bi kontzertuak Gernikako Lekuek jaialdian (martxoaren 16an) eta Bilboko Loraldia jaialdian (martxoaren 28an) izango dira. Irakurri diskoaren grabazioari buruzko artikulua.

Maite Larburu estudioan

Maite Larburu Higain estudioan ari da grabatzen bakarkako diskoa.

Udaberria bitartean iritsiko diren beste disko batzuk honako hauek dira: Fly Shit eta Mänägäitz taldeek partekaturiko diskoa, Occhi di Farfalla laukotearen hirugarrena, TOC taldearen estreinako EPa, Hibai Etxebarria gernikarraren lanik “intimo, pertsonal eta delikatuena”, Nabil taldearen Eter (hainbat musikarik kolaboratu dute diskoan, tartean Keu Agirretxea, Jon Basaguren, Haritz Lete, Kapi Guarrotxena…), Natali taldearen lehenengoa, Marmoka-ren Plakton maxi-singlea edota Lumi bikotearen bigarren lana, Itzal zikinak.

Azkenik, urtea Ama Say-ren disko berriaren iragarpenarekin hasi zen, baina ez dago argi taldeak ezer grabatu eta kaleratuko duenik. BADOKek jakin ahal izan duenez, Facebook-en taldeak jarritako mezua (“disko berria/new album”, dagoeneko ezabatua izan dena) afari baten ostean “erdi brometan” egindako “bapateko kontua” izan zen. “Gogoa berriz elkartzeko beti izan dugu, baina taldekide bakoitzaren egoera oso berezia da eta errealitateak esaten digu esnatzeko”, azaldu digu Gotzon Bilbao bateria jotzaileak. Ondorioz, “momentu honetan ez daukagu ideiarik zer egingo dugun eta noiz”, zehaztu du.

ETIKETAK:Aguxtin AlkhatAitor EtxebarriaAma SayAudienceBizardunakBrigada CriminalBultz!DelientFiachrasFly ShitHannot MintegiaHibai EtxebarriaHutsIbon RGIker MartinezKeu AgirretxeaLatzenLenaoMaddi ZubeldiaMaider ZabalegiMaite LarburuManagaitzMarmokaMiceMinbiziaMoxalNabilNataliNeighborNiña Coyote eta Chico TornadoOcchi di FarfallaPotemkinSharon StonerTOCUnidad AlavesaZingira