Musika

Jon Eskisabel

2015.01.05

Jon Eskisabel

2015eko goiztiarrenak

Batzuk grabatuta eta nahasketak eginda daude, edozein momentutan kaleratzeko prest. Gabonetan hasi dira grabatzen beste batzuk, eta baten bat prestaketa fasean da oraindik. Hona hemen datozen aste eta hilabeteetan argitaratuko diren zortzi disko.

AGUXTIN ALKHAT
Abenduan grabatu du, Elkar estudioan, lehen disko luzea Heletako (Nafarroa Beherea) kantariak. Elkar diskoetxeak haren aldeko apustua egin du, Elkar Estudioa Sesioak ekimenean parte hartu ostean. Aguxtin Alkhatek Usopop jaialdiko lagunek bultzaturik grabaturiko Ihes egin (2013) EParekin eman zuen bere burua ezagutzera. Lan hura grabatzeko osatutako taldearekin grabatu du disko berria ere: Julien Labat (gitarra), Xan Bidegain (baxua) eta Felix Buff (bateria) —azken biak Willis Drummond-eko kideak dira—. Folk eta rockaren arteko hamar kantu jasoko ditu Haizeen meneko-k eta martxoan argitaratuko da.

ANAI ARREBAK
Pasaiako taldeak dagoeneko grabatu du bere bigarren diskoa, eta badira zenbait aste ezagutzen (eta dantzatu ahal) dugula haren aurrerapen kantu bat: “Zorte ona opa dizut”. Haatik, diskoa osorik entzuteko itxaron beharko dugu oraindik, martxora arte ez baita argitaratuko Bonberenea Ekintzak-en eskutik.

ANARI
Gabonetan hasi da grabatzen Anari Alberdi bere bostgarren diskoa, Andoaingo Garate estudioan. Kantari gipuzkoarrak denbora tarte luzeak uzten ditu diskotik diskora, eta oraingoan bost urte pasatxo igaro dira Irla izan (Bidehuts) kaleratu zuenetik —tartean zuzeneko disko bat plazaratu zuen 2013an, Bidea eta denbora (Bidehuts)—. Ohi duenez, zenbait musikari gonbidatuko ditu Anarik diskoan parte hartzera, horien artean MobyDick.

En el estudio Garate de Andoain, entrevista a la cantante Anari.

Anari Alberdi, ‘Irla izan’ diskoa grabatzen ari zen garaiko argazki batean. (Jon Urbe / Argazki Press)

ANESTESIA
Dena ondo bidean, urtarrilaren amaieran ikusiko du argia Anestesiaren disko berriak, duela bederatzi urte kaleratutako Terapia-ren ondorengoak. Zirkulutik espiralera (Bonberenea Ekintzak) izenburua du Zarauzko taldearen zazpigarren lanak. Irailean hasi ziren grabatzen Mikel Kazalisen Fidelenea estudioan, eta Kazalis bera arduratu da 13 kantuen nahasketak egiteaz. Aurrerapen gisa “Zaborra gara” kantua zabaldu du taldeak. Jarraian eszenatokietara itzuliko da laukotea (Ibon Esteibar, Txarly Diaz, Imanol Beloki eta Kazalis). Otsailaren 7an Zarauzko Putzuzulo gaztetxean aurkeztuko du, otsailaren 28an Durangoko 40 Minutu Rock jaialdian eta martxoaren 7an Bilboko Kafe Antzokian.

MANUGAITZ
Selektah Kolektiboko Iñigo Goikoetxeandia Wanka-ren proiektu berria da Manugaitz. 13 kantu grabatu ditu Ondarroako AME estudioan, Axular Arizmendirekin, eta datozen hilabeteetan kaleratzeko asmoa du. Oraingoz bi kantu zabaldu ditu sarean, rap, soul eta musika elektronikoaren arteko uztarketa dotore eta erakargarria erakusten dutenak. Hemen entzun ditzakezu.

Manugaitz

Iñigo Goikoetxeandia, lehen ‘Wanka’, orain ‘Manugaitz’.

NIÑA COYOTE ETA CHICO TORNADO
Zalantzarik gabe, Ursula Strong eta Koldo Soretek osatutako bikotearen urtea izan da 2014a (irakurri bestela iazko abuztuan Koldo Soreti egin genion elkarrizketa). Eszenatokiz eszenatoki, jaialdi handietan zein jaietako txosnetan, Euskal Herrian zein kanpoan, gelditu gabe aritu dira lehen diskoa aurkezten. Joan den urrian San Frantziskon izan ziren, Tania de Sousa eta Fermin Muguruzarekin, eta Faultline Studios-en EP baterako zenbait kantu grabatzeko baliatu zuten bidaia. Nahasketak Garate estudioan egin dituzte Kaki Arkarazorekin, eta otsailaren 5ean argitaratuko da Lainoland izenburupean.

Niña Coyote

Niña Coyote eta Chico Tornado, iazko Azkena Rock jaialdian. (Raul Bogajo / Argazki Press)

PIZTIAK
Urte berriarekin hasi da Ondarroako taldea U diskoa grabatzen Tio Pete estudioan. Jesus Galan gitarristaren itzulerarekin formazio klasikoa berreskuratu du Piztiak-ek, eta Zero (1999) grabatu zuen laukote berberak grabatuko du, 16 urteren ostean, taldearen zazpigarren diskoa. Diskoaren grabazioa diruz laguntzeko crowdfunding kanpaina bat zabaldu du taldeak. Aurreko diskoa, Gabeko kalapitxixak, 2009an kaleratu zuen.

SKASTI
Elkar diskoetxearen 2015. urterako beste apustuetako bat da Skasti. Aguxtin Alkhatek bezala, Zarauzko taldeak Elkar Estudioa Sesioak ekimenean parte hartu zuen iaz, eta leku berean grabatuko du datozen asteetan bere bigarren diskoa. Skastik Gaztea lehiaketa irabazi zuen 2013an, eta ondoren New Age diskoa kaleratu zuen.

ETIKETAK:Aguxtin AlkhatAnai ArrebakAnariAnestesiaManugaitzNiña Coyote eta Chico TornadoPiztiakSkasti