Musika

Jon Eskisabel

2015.12.31

Jon Eskisabel

2015. urtea, A-tik Z-ra

AMAIA APAOLAZA: uztailaren 23an zendu zen, minbiziak jota, Amaia Apaolaza musikari, ekoizle eta managerra, 49 urte zituela. Akeita management enpresa sortu zuen Apaolazak, eta bertatik Fermin Muguruza, Ruper Ordorika, GoseEsne Beltza eta beste hainbat talderen proiektuak bultzatu zituen. Publiko zabalarentzat ezezaguna zen Apaolaza, baita musika zale askorentzat ere, baina Akeitako taldeek Ordizian egin zioten omenaldian Ines Osinagak (Gose) azpimarratu zuenez, “ez zen edozein”. Musikaren arlo guztietan emakumezkoen presentzia normalizatu dadin beharrezkoak diren erreferente horietako bat zen Apaolaza.

amaia--575x320

Amaia Apaolaza, Katarain estudioan hartutako argazki batean.

BERRI TXARRAK: Donostian, urtarrileko lau gauez jarraian sarrera guztiak salduz hasi zuen Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitzaren aurkezpen bira Lekunberrin (Nafarroa) oinarria duen hirukoteak. Abendura bitartean 75 kontzertu eskaini ditu, eta horietatik 17 baino ez dira izan Euskal Herrian. Espainian, Herrialde Katalanetan, Frantzian, Suitzan, Herbeheretan, Alemanian, AEBetan eta Mexikon ere izan da taldea. Zalantzarik gabe, urte borobila izan da Berri Txarrakentzat.

CANO, HARKAITZ: Xabier Montoiaren bakarkako lehen diskoaren izenburu bera jarri dio idazleak bere narrazio liburu berriari, Beti oporretan, baina ez da hori hona ekartzeko arrazoia, letren egileen artean Canoren izena agertzen den disko kopurua baizik. Lou Topet taldearekin Abesti bat gutxiago disko-liburua ontzeaz gain (bertan ingelesetik euskarara ekarri ditu hamar kantu), Iker Lauroba donostiarraren Zeru tolesgarria diskoko kantu guztien letrak sortu ditu, eta aleak jarri ditu Tenpora, Ken Zazpi, Jabier Muguruza, Alos Quartet eta Sorkun-en lan berrietan.

Harkaitz Cano eta Lou Topet 01 by Juan G. Andres

Harkaitz Cano eta Oier Arantzabal, ‘Abesti bat gutxiago’ disko-liburuaren egileak. (Juan G. Andres)

DISKO EKOIZPENA: euskarazko 140 disko inguru katalogatu ditugu BADOK atarian. Horietatik bi heren norberak argitaratutako lanak izan dira. Diskoetxeek eta autogestioaren inguruan eraturiko zigiluek plazaratutako diskoak ez dira 50era iristen, horrela banaturik: Elkar-Oihuka (14), Mauka (9), Baga-Biga (8), Bonberenea Ekintzak (5), Taupaka (5), Bidehuts (4), Syntorama (1) eta Aztarna Records (1).

ENTZUN!: prentsa idatziaren Argia saria jaso zuen musika aldizkariak urtarrilean. 1996ko ekainean lehen zenbakia plazaratu zuenetik ez du bide erraza izan euskarazko argitalpenak. Formatu, arduradun eta maiztasun aldaketak izan ditu, paperaren krisia eta Internetaren etxekotzea ezagutu ditu, baina aldiro jakin du garai eta behar berrietara egokitzen. Eta iraun du. Eta ez da gutxi. 2016an 20 urte egingo ditu. Badira ospatzeko arrazoiak.

5971922

Xabier Sagardia eta Iñigo Martinez, ‘Entzun!’ aldizkariari emandako Argia sariarekin. (Gorka Rubio / Argazki Press)

FENIX: errautsetatik berpiztutako hegazti mitologikoaren kondairaz jabetu da Ken Zazpi bere lan berriaren ildo kontzeptuala zehazteko, talde barruko krisia gainditu ostean etorri baita Phoenicoperus, Ricky Falkner ekoizlearekin grabatutako diskoa. Zuzeneko lehen aurkezpenak Bilbon (Arriaga antzokian, urtarrilaren 8an eta 9an) eta Donostian (Viktoria Eugenia antzokian, urtarrilaren 14, 15 eta 16an) izango dira. Denborak esango du taldearen azken hegaldia izango ote den…

GAZTELUPEKO HOTSAK / GOR: bi diskoetxe historikoentzat amaitu berri dena ez da urte ona izan argitalpenen aldetik, ez baitute lan berririk plazaratu. Horren ondorioz, 20 urtean lehen aldiz, Durangoko Azokan salmahairik ez jartzea erabaki zuen Gaztelupeko Hotsak-ek. Gor diskoetxeak berriz, 25. urtemuga ospatuko du 2016an.

HERTZETAN: RadioKultura irrati digitalak eta Kanaldude web telebistak indarrak batu eta Hertzetan musika saioa jarri dute martxan. Hilero artista bat gonbidatzen dute plato txiki batean zuzeneko emanaldi bat eskaini dezan, eta kantuen artean elkarrizketa bat egiten diote. Giranice, 2zio eta Aguxtin Alkhat izan dira lehen hiru saioetako gonbidatuak. Hemen ikus daitezke hirurak.

IKA-MIKA: bere polemikatxoa ere —edo polemikatzarra, norbere ikuspegiaren arabera— izan du euskal musikak 2015ean. Bizardunak taldeak Esne Beltzaren disko berriaren singlearen harira (“Sueños de color”) Facebooken idatzitakoak hautsak harrotu zituen sare sozialetan.

JOSEBA B. LENOIR: urtea errepidean eman du Berako (Nafarroa) musikariak. Hainbat formatutan ikusi ahal izan dugu Euskal Herriaren luze zabaleko eszenatokietan: bikotean (Felix Buff bateria jotzailearekin), hirukotean (Miren Narbaiza eta Ander Mujika lagun hartuta, Gakobeltzak izenpean) eta Joseba B. Lenoir Gang bezala, talde oso batekin (aipatutako musikariak gehi Xan Bidegain). Halaber, jarraitu du Sumision City Blues taldearekin jotzen eta Rafa Berrioren Paradoja diskoan parte hartu du, grabazioan zein zuzenekoetan.

JOSEBA-B.-LENOIR-GANG-@-Jon-Iraundegi

Joseba B. Lenoir Gang. (Jon Iraundegi)

KLONAK: Joseba Poncerenak, jakina. Dut eta Kuraia taldeetako kide ohiak aho bete hortz utzi ditu denak JP Lohian eta Klonen Klana bakarkako diskoarekin, zeinean kantuak sortzeaz gain, tresna guztiak jo, abestu, diseinua egin eta diskoa bera editatu ere egin duen. Hori gutxi balitz, “Alperrik da apaintzea” kantuaren animazioko bideoklipa ere egin du Poncek.

LURRA: kontzertuak emateari utzi egingo ziola iragarri zuen taldeak urrian, Iñigo Muguruzaren gaixotasuna zela medio. Esklerosi anizkoitza diagnostikatu diote KortatuNegu Gorriak eta Joxe Ripiau taldeetako kide ohiari, eta haren osasun egoera gutxienez “egonkortu arte” zuzenekorik ez ematea erabaki dute taldekideek.

MUSIKA BULEGOA: ekainean aurkeztu zuten Musika Bulegoa elkarte berria. Bere baitan beste lau elkarte biltzen ditu egitura berriak: Musika Industriaren Elkartea, Musika Live, Musikagileak eta Musikari. Eusko Jaurlaritzaren babesa du Musika Bulegoak, industriari buruzko politikak ezartzeko interlokutoretzat hartuko baitu.

6199746

Musika Bulegoaren aurkezpena egin zuten ekainean Eusko Jaurlaritzak eta lau elkarteetako ordezkariek. (Luis Jauregialtzo / Argazki Press)

NOLA?: 2015ean ere hainbat proiektutan murgilduta ibili da Fermin Muguruza. Urte hasieran, Black is Beltza komikiaren harira, izenburu bereko erakusketa eta ekitaldi sorta antolatu zituen Bilboko Azkuna Zentroan, eta udazkenean New Orleansen grabatutako diskoa eta dokumentala plazaratu zituen, Katrina urakanak hirian eragindako hondamendiaren 10. urteurrenean.

OSKORRI: urteko albiste nagusietako bat izan da, nagusia ez bada, euskal musikari dagokionean. 44 urteko ibilbideari amaiera eman dio Oskorrik Hauxe da despedidia kontzertu birarekin. Getxon, Baionan, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Bartzelonan eta Maulen jo ostean, Bilboko Arriaga antzokian igo zen azken aldiz eszenatokira, azaroaren 21ean. Emanaldi hura grabatua izan zen eta baliteke 2016an CD eta DVD formatuetan entzuteko eta ikusteko aukera izatea.

Oskorri

Oskorrik azaroaren 21ean eman zuen azken kontzertua, Bilboko Arriaga antzokian. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

PEIREMANS+: 2005ean argitaratutako disko txikiaren 10. urtemugaren aitzakian, kontzertu batzuk emateko berriz elkartzea erabaki zuten Gorka Urbizuk, Imanol Ubedak, Haritz Beristainek eta Marino Goñik. Zazpi kontzertu eskaini zituzten azaroan —eta bidenabar, bi kantu berri grabatu— eta jendearen harrera beroak ezustean harrapatu zituen taldekideak eurak ere. Itzulerak jarraipena izango du 2016an, martxoan EP bat grabatu eta Durangon, Madrilen eta Bartzelonan joko baitute.

Peiremans +

Peiremans+ taldearen itzulerak segida izango du 2016an. (Josetxo Perez)

RAPA: disko ekoizpenaren aldetik bederen, euskal raparen eszena egonkortzen ari dela ematen du. Besteak beste, Manugaitz, 2zio, Gatom, Norte Apache, Kodigo Norte edota Suaia eta Lahaine-ren lan berriak plazaratu dira 2015ean. Gainera, horietako bat, 2zio hirukotearen Bideak, euskal rap disko batek aspaldi pizten ez zuen arreta eta oihartzuna izaten ari da komunikabide eta kritikaren aldetik. Bestalde, urtearen hondarrean jakinarazi zuen Norte Apachek agur esateko erabakia.

2zio 2015

Laudorio ugari jasotzen ari da 2zio taldearen ‘Bideak’ diskoa.

SARIA: Ruper Ordorikak jaso zuen, ekainaren 21ean, Donostiako Udalak musikari baten ibilbideari aitortza egiteko ematen duen Adarra saria —aurreko urtean, lehen aldia, Mikel Laboa zenari eman zion—. Ordorikak Leo Abrahams gitarrista gonbidatu zuen saria jasotzeko ekitaldiaren barruko kontzertuan parte hartzera eta haren eta ohiko Mugalarien laguntzaz ezohiko emanaldia eskaini zuen Viktoria Eugenia antzokian.

Ruper Ordorika Leo Abrahams

Ruper Ordorika eta Leo Abrahams, Viktoria Eugenia antzokiko emanaldian. (Gorka Rubio / Argazki Press)

TXILLARDEGI: poesia musikatzeko joera oso zabalduta dago euskal kantagintzan, baina ez da ohikoa liburu baten inguruan osatzea disko bat. Hori egin du Zurak Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin. Taldea eraberriturik, aurreko lanaren bossanova doinu beroak laga ditu Xabi Strubellek eta eta rock sonoritatea eman dio kantu sorta berriari.

UPiztiak taldeak bere zazpigarren diskoari jarritako izenburua da. Lan horrekin laukote formatura itzuli da Ondarroako taldea, eta bere kantu multzorik eklektiko eta positiboena osatu du. Marabilli jaialdiko kanta ofiziala bihurtu den “Bixitxi marabilli re” da horren adibideetako bat.

XX: Hogei urte egin ditu Euskal Herria Zuzenean jaialdiak. Sorrerako izaerari eutsi egin dio jaialdiak urte hauetan guztietan, Pauline Guelle EHZko presidentearen esaldi honetan laburbildu daitekeena: “Euskal mikrogizarte ideal bat proposatzen du jaialdiak, kolektiboa dena eta sistematik kanpo diren balio batzuk dituena”. 2015eko ekitaldian uko egin zion jaialdietako afixa buruak izan ohi diren talde handiak ekartzeari, eta talde berriak eta engaiatuak ezagutarazteari eman zion lehentasuna, ohi bezala, euskal taldeei tarte zabala eskainiz egitarauan. 

ZURE AURREKARI PENALAK: Anarik disko berri bat plazaratu duen urtea ere izan da 2015a. Maiatzean aurkeztu zuen, Irla izan kaleratu zuenetik sei urtera, eta izenburutik bertatik antzeman daiteke diskoaren berritasun nagusia: hitzetan emandako erregistro aldaketa. Poesia eta literaturarekiko distantzia hartzea eta ahozkotasunera jotzea bilatu du kantariak abesti berrietan. Musikalki garapena hain agerikoa ez bada ere, gogoan gordetzeko beste disko bat egin du Azkoitiko abeslariak.

ETIKETAK:2zioAguxtin AlkhatAlos QuartetAmaia ApaolazaAnariBerri TxarrakBizardunakDutEHZEntzun!Esne BeltzaFermin MuguruzaGatomGaztelupeko HotsakGorGoseHarkaitz CanoHertzetanIker LaurobaJabier MuguruzaJoseba B. LenoirJoseba B. Lenoir GangJoseba PonceJP Lohian & Klonen KlanaKen ZazpiKodigo NorteKuraiaLou TopetLurraManugaitzNorte ApacheOskorriPeiremans+PiztiakRuper OrdorikaSorkunSuaia eta LahaineTenporaTxillardegiXabi StrubellZura