Elkarrizketa

Fred Berruet

2020.10.06

Fred Berruet

“Zuzenekorik gabe, zaila da talde bezala irautea”

Elkarrizketa: Kuartz

Oihan Delavignek (bateria eta koruak) eta Ibes Mongaburek (gitarra eta ahotsa) osatzen duten Kuartz bikotea xumeki II izendatu duen bigarren diskoarekin datorkigu. Bluesa, rocka eta stonerra dotore uztartzen dituzten 10 kantu berri biltzen ditu, 2018an kaleratutako lehen diskoaren ildotik. Lan berria aitzakiatzat harturik, galdera batzuk egin dizkiogu Ibes Mongabure kideari.

kuartz-3

Ibes Mongabure + Oihan Delavigne = Kuartz.

Inguma edo Hurmurao bezalako taldeetan ezagutu zintuztegun. Kuartz aurkeztuko zeniguke? Nola eta noiz hasi zineten? 
Proiektua 2016an hasi zen. Kontzertu batzuetan elkar ezagutu genuen, gure lehengo taldeekin ari ginelarik. Blues, rock eta stoner estiloen inguruko talde bat sortzeko asmoa genuen. Hastapen batean biak bildu ginen, bikote modu hau gustatu zitzaigun eta horrela gelditu gara. Hortik at gure kantu propioak konposatzen hasi ginen eta gure lehen kontzertuak eman ditugu. Gure lehen diskoa 2018an atera genuen.

Kuartz… Zergatik izen hori?
Musikaren inguruan den irudimena garrantzitsua iduritzen zaigu. Beti saiatzen gara musika unibertso batean kokatzen, eta maiz sumendi baten irudia burura etortzen zitzaigunez, pentsazen genuen taldearen izenak horri lotua izan behar zuela. Arroka bolkanikoen izenetan miatu genuen kuartz aurkitu arte.

Zuen lehen diskoko kantuak blues-rockaren eta stonerraren artean ibiltzen ziren. Nonbait “heavy blues power duo” bezala izendatuak izan zarete. Taldearen estiloa nola definituko zenuke?
Beti zaila da estilo baten definitzea, baina gure ustez, bi alde nabarmen ditugu: bata, stoner rockerantz doana, fuzz eta octaver efektuekin gitarretan eta bateria indartsu batekin. Eta bestea lasaiagoa, kantu akustikoak izan daitezkeenak, melodia aitzinean jartzen duena. Power duo izena gustukoa dugu, ongi azpimarratzen duelako oholtza gainean bi musikari garela.

Zuen inspirazio iturriak zeintzuk dira? Zer musika entzuten duzue?
Proiektu honetarako, gure estilora hurbiltzen den musika anitz xerkatzen dugu. Egia da biek talde anitz ezagutu ditugula azken urte hauetan, nagusiki Interneten bidez. Izen batzuk aipatzearren, Royal Blood, Crobot, Frank Carter edo Black Keys bezalako batzuk entzuten ditugu. Power duo guztiak ere begiratzen ditugu…

Bigarren disko honi buruz mintza gaitezen. Gustu karatsak gozoari lekua utzi ote dio? Entzuleak zer aurkituko du disko honetan?
(Irriak) Disko hau bi urtez sortu ditugun kantuen bilduma da. Beraz, gure ibilbidearen segida natural bat da. Ez gara behartzen hau edo hori egitera. Aski libre sentitzen gara. Azken kantua osoki akustikoa da. Gitarran efektu batzuk gehitu ditugu, perkusio soinu batzuk ere sartu ditugu ere…

Lehen diskoan Jérémie Garat arduratu zen grabaketa eta nahasketa lanaz. Disko berri honen sortze prozesua nolakoa izan da?
Egia da Jérémierekin biziki ongi pasatu zela lehen diskoarentzat, beraz, naturalki itzuli gara bere Sohütako estudiora bigarren honentzat ere. Gainera, ekoizle baten begirada ekartzen digu. Sormena prozesuan ere laguntzen digu.

Hitzak nork idazten ditu ? Zertaz ari dira?
Hitzak nihaurek idazten ditut. Gehienetan, egoera baten aurrean aurkitzen garelarik sortzen diren emozioen deskribapena izaten dira: hurbileko pertsona baten heriotza, norbait zure bizitzan itzultzen denean. Inspirazioa, film, istorio edota egiazki bizi izandako momentu batetik etor daiteke. Beste testu batzuk egoera sozial edo politikoari lotuak izan daitezke.

Autoekoizpena zuentzat hautu bat da edo ezinbesteko aterabidea zuen musika plazaratzeko?
Ezinbestekoa da, segur… Uste dut gaur egun zure lekua bilatzeko, do it yourself bidea segitu behar duzula, izan musika edo bideoklipen egiteko, komunikazio lana egiteko edo kontzertu datak aurkitzeko…

Diskoa bera nola banatzen duzue? Non aurkitu daiteke?
Elkar-en sarean atzeman daiteke, baita gure Bandcamp orrian ere. Laster beste plataforma digitaletan ere jarriko dugu.

“Erreserba kultural batean kokaturik folk-loreak sasitu dira”, diozue “Haltzazko totema” kantuan. Zer ikuspegi duzue euskal musikaren eta, orokorki, euskal kulturaren egoeraz  Sasitua ikusten duzue?
Esaldi hori gehiago turismoari zuzendutako kritika bat da. Musika mailan, pentsatzen dugu talde onak badirela gaur egun, musika zein bideo onak proposatzen dituztenak. Aldiz, komunikabide tradizionaletan (irratia, telebista) ez da aski hedatzen, gure iduriko.

Eta zuen eskualdeko edota Ipar Euskal Herriko euskal eszena nola ikusten duzue ? 
Maila emendatuz doa, eta anitz talde aurkitzen dira Ipar Euskal Herrian. Aldiz, zuzenean jotzeko leku gutxiago bada orain, egoera sanitarioa eta bere ondorioak aipatu gabe. Zuzenekorik gabe, zaila da musika talde bezala irautea.

Hemendik goiti, zuen proiektuak zeintzuk dira?
Bideoklip bat grabatu genuen uztailean, eta urrian ateratuko dugu. Berantetsiak gara, esperientzia bikaina izan baita.

Gehitu nahi zenukeen zerbait?
Milesker Badok atariari, garrantzitsua baita euskarazko sormena erakustea eta ezagutaraztea.

ETIKETAK:Ibes MongabureKuartzOihan Delavigne