Elkarrizketa

Imanol Ubeda

2019.10.11

Imanol Ubeda

“Zuzenekoak beste grazia bat izaten du”

Elkarrizketa: Joseba Tapia

1998an ekin zion bakarkako ibilbideari Joseba Tapiak. 20. urteurrenean, jaialdi gogoangarria eskaini zuen Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Ospakizunak jarraipena izango du Usurbilgo (Gipuzkoa) Sutegi aretoan. Urriaren 25ean zuzeneko diskoa grabatuko du bertan. Deialdiak jakinmina piztu duenez, badaezpada, sarrera aldez aurretik eskuratzea komeni. Usurbilgo Bordatxo, Txirristra eta Lizardi tabernetan zein NOAUA! aldizkariaren egoitzan daude salgai 10 eurotan. Bestela, egun berean 13 eurotan Sutegin. Bi emanaldi eskainiko ditu Tapia: 20:00etan —sarrera guztiak saldu dira jada— eta 22:30ean.

IMG_2840

Joseba Tapiak bederatzi musikari izango ditu alboan zuzeneko diskoaren grabaketan. (Gaizka Peñafiel)

Apoaren edertasuna diskoarekin bakarkako ibilbideari ekin zenion 1998. urtean. 20. urteurrenean, talde berri batekin igo zinen Viktoria Eugenia Antzokiko oholtza gainera. Usurbilen eskainiko duzun emanaldia ere ildo berekoa izango al da?
JOSEBA TAPIA: Talde eta proiektu berri bat aurkeztu eta grabatuko dut Sutegin. Viktoria Eugenian abiatu zen baina geroztik aldaketa asko izan ditu bai musikarietan, bai moldaketetan. Errepertorioa ere ezberdin antolatu dut. Hogei urteko ibilbide diskografikoa egin ondoren etorri da kezka eta gogo hau, herri musikarekiko kezka bat. Eta honenbestez nire zortzigarren diskoa izango da Joseba Tapiaren izenean aurkeztuko dudana. Hasi Tapia eta Leturia garaitik eta bakarkakoetan egindako konposizioekin osatua egongo dena. Sorpresa taldeak berak emango du, eta moldaketek.

Urteurrenek atzera begiratzeko aukera eskaintzen dute. Dena den, zurea ez da nostalgia ariketa huts bat izango, ezta? Inoiz barkaka grabatutakoak talde baten laguntzaz plazaratuko dituzu. Zein neurritaraino eraldatu behar izan dituzu kantak?
J.T.: Ez dut lehengo formularik errepikatu nahi izan. Kantuek bizi berri bat hartzen dute beste norbaiten ahotsean jartzen badituzu, adibidez. Eta horrela bertsio berri horrek bultzada ematen dio zure kantuari. Nire kasuan nik neuk egin diot, eta egin izan diot aldaera berria nire buruari ere. Adibidez, Tapia eta Leturiarekin grabatu genuen “Maitatzen zaitudalako” kantua. Trikitixa kantu bat da, tarteko pasarte musikaletan berrikuntza zekarrena, testuan bezainbat. Beranduago Tapia eta Leturia Band-en, geronek egin genion erabat beste muturreko aldaera. Gero zein izango den gustukoen, entzulearen belarriaren araberakoa izango da. Baina bitartean sormenean eta lanean jarraitu dugu.

Bakarkako ibilbidearen ospakizun kolektibo honetan, zeintzuk izango dira alboan izango dituzun musikariak?
J.T.: Tronpetan Ion Celestino, saxoarekin Ibon Irixoa, tronboiarekin Asier Ituarte. Koruetan: Leire Berasaluze, Kristina Aranzabal eta Nerea Erbiti. Teklatuetan Jexux Aranburu Txus, baxu elektrikoan Iñigo Telletxea eta jazpanarekin Iker Uriarte.

Zuzeneko disko bat grabatuko duzu Usurbilen. Horrek zein neurritan baldintzatuko du ohiko kontzertuaren errituala?
J.T.: Nik uste dut tentsio gehiago egoten dela zuzenekoa grabatzen ari garela jakinik. Jendeak estropezua gehiago sentitzen du. Beharbada guk geuk baino gehiago. Zerbait historikoa gertatzen ari delako sentsazioa izaten da. Bestalde, zuzenekoak izaten du, estudiokoarekin konparatuta, beste grazia bat, nahiz eta soinua hain borobila ez izan. Batzuk freskotasuna deitzen diote horri eta horregatik maite dituzte gehiago zuzenekoak. Beste batzuetan kontrakoa gertatzen da. Gure diskoak ez dira teknologia eta pregrabatu askokoak izaten. Tranpa gutxikoak, alegia. Esan liteke zuzeneko talde bat garela eta komunikazioa akustikoan lortzen dugunez jendeak eskertuko duela ziur nai

Zuzeneko diskoa grabatzeko saio bakarra eskainiko duzu Sutegin. Durangoko Azokarako plazaratzeko asmoa al duzu? Eta zein euskarritan?
J.T.: Oraindik ez dugu CDa ez den beste euskarri fisikorik aurkitu behar besteko pisurik duenik. Biniloa ere hortxe dago baina oraindik oso bitxizaleentzat egina dela esango nuke. CDa ere halatsu dela esango duzue, baina gure sorkuntzak aurkezteko behar dugu zerbait. Gehienek Spotifyn entzungo dute seguruen oso praktikoa delako eta ia musika denak bertan daudelako. Guk ere han jartzen ditugu gure musikak nahiz eta hortik oso diru gutxi etortzen zaigun bueltan.

“Euskaraz ari garen talde gehienoi bezala guri ere garai batean baino askoz gehiago kostatzen zaigu eskaparatean egotea, baina ez nago amore emateko”

Urteurrena balantzea egiteko garai egokia izan ohi da. Iaztik hona emanaldi batzuk eskaini dituzue talde bezala. Gehiago ere badituzue begibistan. Grabazioa eta gero jarraipenik izango al du formatu honek?
J.T.: Oraindik arrankean gaude eta euskaraz ari garen talde gehienoi bezala guri ere garai batean baino askoz gehiago kostatzen zaigu eskaparatean egotea, eta beraz, lan egin beharko dugu jendearen egarria pizteko. Baina ziur gaude lortuko duguna… Ameslaria ni! Hurrengo diskoan pentsatzen ari naiz eta jarraipena izango duela ziur. Ez nago amore emateko.

Iaz, herri musika aldarrikatu zenuen hedabideen aurrean. Folklorikotzat edota etnikotzat hartzen dela musika popularra. Dena den, herritarren kezken bozgorailu izan eta badira herri kantak, jakintzaren transmisore, garaian garaiko gertaeren lekuko… Eta gaurko kontu asko ulertzeko ere, ispilu egokiak izan daitezke, ezta?
J.T.: Kantu berriek beren garaiko munduari edo gizarteari kantatzen diote eta gurean ere horrela da. Termometroa izaten da zer nolako mundutan bizi garen adierazten duena. Lehen hala zen eta gaur ere berdin. Hala ere, nire oraingo proiektua kezka batetik sortu da; musika popularraren norabidea ikusirik zerbait egiteko gogoa eta beharra sortu zitzaidan. Gure gazte garaian hala zen baina orain askoz ere agresiboago sentitzen dut musika komertzialaren eragina. Hor testuaren eta formaren baldarkeria eta zabarkeriak atentzioa ematen du; erdarazko edo latino musiketan emakumearen gorputz eta sexu esplizitoaren apologia eta erabilera patriarkalak markatzen du ildoa. Eta pixkanaka gure festa giroko errepertorioa aldatuz doa. Erreferentzia bat utzi nahi genuen, ahalegin bat gure kantutegirako.

Ibilbide oparoa osatu duzu bakarka. Tapia eta Leturiarekin eginikoa baino luzeagoa. Dena den, beti izango da Leturiarekin zenuen “duoaz” galdezka hurbilduko zaizunik. Zein neurritan da nekagarri? Zein neurritan da eder?
J.T.: Atzera begirakoa gazi-gozoa izaten da gehienontzat, gaur egun beste modu batera egingo genituzkeelako seguruen egindako hautaketak. Baina hori ez dago aldatzerik eta ez dago jakiterik asmatuko genukeen ordukoa aldatuz. Baina bestetik, oso sentsazio eta gogorapen onak ere baditut garai haietakoak. Nolanahi, burutazio hauetan ez dut denbora askorik galtzen. Lanean eta ikasten dihardut eta ez daukat denborarik nostalgiarako. Hori zahartzen naizenerako utzia daukat.

(Usurbilgo Noaua! aldizkarirako egindako elkarrizketa)

ETIKETAK:Joseba TapiaKontzertuakTapia eta Leturia