2018.02.26
Itzulpengintza ikasketak bukatzeko Suediara joan zen Asier Beramendi (Donostia, 1991), Erasmus bekarekin. Bertan zegoela hartu zuen Eraul goitizena, eta lau kantuko maketa grabatu zuen. Izandako harrera onari esker, taldea osatu eta Iraultza lehen diskoa atera zuten iaz. Gaur egun, ordea, bakarlari zein hiruko moduan dabil abestiak eskaintzen, eta proiektuari agur esaten. Horri buruz eta bizi izandako barne gatazkaren inguruan, lehen aldiz, hitz egitea erabaki du.
Noiz hasi zinen kantuak sortzen?
Nerabea nintzenean izan nuen lehen taldearekin. Betidanik gustatu izan zait letrak idaztea eta pare bat abesti egin genituen. Gerora, karrerako laugarren ikasturtean hasi nintzen kantuak idazten eta erakusten. Aldi berean, poemak idazten eta erakusten hasi nintzen. Jende guztiak esaten zidan abestu eta disko bat egin behar nuela. Ona nintzela esaten zidaten. Horrek amorratu egin ninduen, soilik idatzi nahi nuelako.
Suediara joatea garrantzitsua izan zen zuretzako. Zergatik?
Ihesaldi modura hartu nuen. Helburu argi batekin joan nintzen, gauza oso zehatz bat idatzi nahi nuen eta ikasketak bukatu. Nire mamu pertsonalei ere aurre egin nahi nien. Nire bizitza pertsonaleko gauza batzuk konpondu nahi nituen. Karrerako hirugarren ikasturtera arte harroputz bat izan nintzen. Asko isolatu nintzen eta bakarrik sentitzen nintzen. Lotsatia eta beldurtia naiz, ez dakit sozializatzen. Denbora guztian buruari galdezka nabil ondo edo gaizki ari naizen.
Egonaldiak zer nolako ekarpen pertsonala eta musikala egin dizu?
Suedian mamuak alboratzea lortu nuen eta ez hain bakarrik egotea. Bertara iristean nire buruari jarritako erronka handiegia izan zen, eta hondoratu egin nintzen. Baina beste esperientzia batzuk izan nituen. Topatu-ren atarian Euskandinabia izeneko blog bat sortu nuen, eta idazteko asmo hura bide horretatik aurrera eraman nuen. Bestalde, lagun batzuk ezagutu nituen. Musikariak ziren eta nire kantuak gustuko zituzten. Beraiei esker maketa bat grabatu nuen. Zoragarria izan da zerbait sortzeko gai naizela sentitzea.
Bertan zinela aukeratu zenuen Eraul goitizena. Nondik dator?
Ikasketetako hirugarren ikasturtean sentitu nuen aldaketa beharrarekin lotura dauka. Nire jatorriarekin lotura baten bila, atzera begira jarri nintzen. Nor nintzen, nondik nentorren, nora nindoan… oinak lurrean jartzeko beharra sentitu nuen. Halako batean gogoratu nuen txikitan Eraul herria ezagutu nuela. Bertan ez zen inor bizi, dena botata zegoen. Irudi hori aproposa iruditu zitzaidan. Abandonatu nuen zerbait berreraiki nahi nuen.
Suedian grabaturiko maketa Kutxa Kultur jaialdira bidali zenuen, eta aukeratua izan zen. Bultzada handia izan zen zuretzat?
Sekulakoa izan zen. Proiektuak izan zitzakeen bideen artetik bat nabarmendu zuen, eta oso erraz iritsi zen. Eraul talde bihurtu zen, bi egun lehenago ni bakarrik nintzenean. Kanta horiek taldean eskaintzeko ziren. Musikariekin elkartu nintzenean aukera eman nien izena, kantuen letrak eta konposizioak aldatzeko. Nik talde bat osatu nahi nuen, eta ez nire musika banda batekin eskaini. Ez dakit Kutxa Kulturren deialdia egokiena zen horretarako. Bozgorailu aparta izan zen, baina iruditzen zait buruan nuen proiekturako ez zela egokia. Baina aprobetxatzea erabaki nuen.
Iraultza lehen diskoa iazko azaroan plazaratu zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia?
Oso gustura geratu naiz egindako lanarekin eta izandako esperientziarekin, baina estres handikoa izan zen. Entseguak baino gehiago, afari eta bilerak egiten genituen. Taldean sortu ziren dinamika batzuk ez zitzaizkidan gustatzen. Damutzen naiz dinamika horiek garaiz konpondu ez izanaz. Baina ez diet errua nire taldekide izandakoei botatzen. Ez nintzen gai izan bere garaian gatazka azaltzeko. Nire bizitza pertsonaleko momentu zail batean harrapatu ninduen eta ezin izan nion aurre egin. Orain pena ematen dit Eraul aurrera aterako zelako gauzak beste modu batera egin izan banitu.
“Taldean sortu ziren dinamika batzuk ez zitzaizkidan gustatzen. Damutzen naiz dinamika horiek garaiz konpondu ez izanaz”
Americana etiketa jarri diozu zure musikari. Zer du folk, country zein blues amerikarrak, egungo gazte askoren musika korronte bihurtzeko?
Nire kasuan bizi izandako garai txarrekin du lotura. Ikasketetan ez nenbilen ondo, ikusten nuen nituen aukerak ez nituela aprobetxatzen. Errukia sentitu nuen nire barruan, eta horrek eraman ninduen blues goibela entzutera. Nire gurasoen etxean blues, country eta flamenko asko entzun izan dugu betidanik. Estilo horiek tristeak dira, eta nire barruan zerbait mugitzen dute. Musika zure nahigabeak sendatzeko erabiltzea ondo dago, baino nahigabe berriak behar badituzu musika egiteko, sartzen zara zirkulu batean ez dela osasuntsua. Iraultza diskoa horretarako erabili dut.
Ingelesa eta euskara dituzu bidaide kantuetan. Bata zein bestea, eta biak elkartuta. Zer dela eta hizkuntzen erabilera hau?
Gaizki sentitzen nintzenean konturatu nintzen idatziz lortu dudala egoera konpontzea. Letra guztiak ni sendatzeko dira, lasaitzeko. Beti daude hizkuntza batean nahitaez egoera baten ondorio direlako. Egoera hori ingelesez bizi badut horrela idatziko dut. Izaro Andresek aurreko batean esaten zuen berak ez dituela hizkuntzak aukeratzen, hizkuntzek bera baizik. Horixe bera.
Zeintzuk osatzen duzue gaur egun Eraul?
Ez dakit. Eraul ez naiz ni, ni geratzen naiz Eraulen; asko pentsatzen dut horren inguruan. Garazi Esnaola teklatu jotzaileak behin esan zidan, Eraul beti izan dela nire taldea eta beraiek nire musikariak. Garazik hori esatea autoestimu aldetik ikaragarria da. Baina nik ez nuen hori bilatzen. Ez nituen nire musikariak izan nahi. Zentzu horretan, Eraul agurtzen ari dela ikusten dut. Nik abesti berriak ditut eta gogoa dut horiek erakusteko, baina bakarlari moduan erakutsiko ditut. Era berean irrikan nago talde horizontal bateko kide izateko.
Baina zuzenekoak eskaintzen jarraitzen duzu, ezta?
Bakarlari gisa, eta hiruko moduan nabil, bai. Maria Bustos txeloa eta Borja Anton gitarra izan ohi ditut alboan hiruko gisara aritzean. Beste formatu batean aurkezten dugu diskoa. Iragarrita dauden kontzertuak zikloa ixteko dira. Eraul izan zena edo izan behar zuena bukatu zen. Aspaldi bukatu zen. Zikloa itxi nahi dut. Joera dut ihes egiteko eta gauzak bukatu gabe uzteko, baina oraingoan ez.
Martxoaren 8an Tabakaleran izango zara. Nolakoa izango da emanaldia?
Laugarren solairuko Kultur Plazan eskainiko dut kontzertua. Bakarrik ariko naiz gitarra akustikoarekin. Iraultza diskoko kantuak eta berriren bat joko ditut. Poema batzuk ere errezitatuko ditut.
(Irutxuloko Hitza-n, 2018ko otsailaren 23an argitaratutako elkarrizketa)