Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2014.10.30

Gorka Erostarbe

«Zeure burua saldu gabe, publikoa zuk ekarri behar duzu»

Elkarrizketa: Morau eta Beñardo

Zirt edo zart egin behar batean ikusi zuen bere burua Andoni Tolosa Morau-k (Hernani, 1963). «Zeinek eskatzen zuen duela lau urte Morauren disko berri bat? Bide horretan utzi egiten duzu zeure burua, azkenean artista publikoak gara eta denok daukagu autoestima puska bat». Hutsetik hastea. Disko berri baten prestaketari ekin zion, baina ez modu konbentzionalean; www.arrainentzakohimnoak.org bloga sortu zuen duela bi urte pasa, kantuen sortze prozesua ere jarraitzaileekin partekatuz. Kantuen hezurdura nagusiak prest izatean murgildu zen proiektuaren uretan Beñardo Goietxe musikari eta adiskidea (Zugarramurdi, 1969), orrazkera musikalak eta ahots joko, koru eta girotzeak landuz. Emaitza: 16 kantuz osaturiko lan biluzi eta zintzoa, bi gitarraz eta bi ahotsez emana, autoekoitzia, eta esku propioz nahiz auzolanean borobildua (hala egin dute CDaren kaxaren, azalaren eta barruko osagaien bilgotzea). Betiko Morau. Kronista zorrotz eta samurra, baina formatu berrian. Urrats bat aurrera 20 urte inguru eta sei diskoko ibilbidean.

MORAU_TA_BEÑARDO

Morau eta Beñardo, arraindegian. (Jon Urbe / Argazki Press)

Barnekoak izan biak eta arrainentzako himnoak sortu dituzue. Zergatik arrainentzako?
MORAU: Igual horrexegatik, barnekoak izanik gure ametsa badelako arrainak izatea, ura desiatzen dugulako… Baina, batez ere himnoa bezalako kontzeptu handi batekin ondo kontrajartzen delako arrainarena. Himnoak gauza handiak dira eta arrainak oso gauza xumea, oso memoria gutxi dutenak. Traszendentzia-intraszendentzia joko asko egiten dira gure mundu honetan eta ondo islatzen du hori. Kantu hauek honela sortuta daude, txikitasunetik eta txikitasunera. Ez dugu egin nahi mundua esplikatzeko kanturik…
BEÑARDO: Ez, baina memoria txikia izanik ere, izan dadila ideia interesgarriz osatua.

Berri Txarrakeko Gorka Urbizuri elkarrizketa egin dio Sustrai Colinak Argia-n eta hark azpimarratu du kultura gutxiagotu bat izateaz gain, kultura gutxieslea ere badela gurea, eta anbizio txikikoa. Zuen ideiarekin kontrajarria al da hori?
M: Erabat ados nago berak dioenarekin. Gauza bat da besteek nola ikusten gaituzten, eta beste bat guk geuk estereotipo horiek aplikatzea geure buruari. Eta beste hirugarren bat, guk musikari edo sortzaile gisa daukagun lekua, eta leku horretatik abiatzen garela. Txikitasunak ez du zertan kontzeptu mugatzailea izan. Beñardo eta biok argi daukagu gure esparrua ez dela milaka entzulerengana iristea, eskarmentuak hori erakutsi baitigu. Gurea da ahoz-ahokoa eta poliki-poliki bidea egitea. Jakinda txikiak garela baina inolako lotsarik gabe, gure burua mugatu gabe; muga izan dadila gure musika gaitasuna.

Zein da zuen anbizioa?
M.: Ahalik eta kanturik onenak egitea. Ez dugu besterik.
B.: Bizioarekin ere lotura badu gure egitekoak. Kantuak behar ditugu bizirik sentitzeko. Hori kantautore baten janaria da, eguneroko ogia, erakustea badela gauza doinuak eta hitzak elkartzeko eta jendeari sentimenduak sortzeko. Andonik betidanik izan du kantautore sen hori, eta izango du betiko, nahiz eta talde bat izan ondoan edo ni bezalako laguntzaile bat izan.

«Kantu on bat egitea zer den dakidanean azalduko dizuet zer den» idatzi zenuen blogarekin batera hasitako biografian. Diskoa egin ostean azal zenezake zer den kantu on bat egitea? 
M: Ez, oraindik ez. Orain azal nezake zer den ia-ia kantu on bat egitea. Prozesu guzti honetan konturatu naiz kantuak asko lantzeak zer emaitza ekar ditzakeen. Orain arteko diskoetan kantuak askoz ere immediatoagoak ziren, ez zegoen hainbeste denborarik kantua egin eta grabatu artean. Hemen denbora hartu dugu. Kantu batzuek ia bi urte egin dute grabatu arte, eta pasatu dira hiruzpalau bertsio bidean, jendearen iradokizunak jaso ditugu… Denbora hartzeak kantuei on egin diezaiekeela ikasi dut.

Beñardo, idatzi al du kantu onik disko honetarako Andonik?
B.: Bai, nik uste dut badela bat edo beste dezentea. Ez dut nik esango zein diren, jendeak erabaki dezala. Guri gustatzen zaizkigun estiloko kantuak egiten saiatu gara eta uste dut batzuekin lortu dugula. Berak esan du denbora hartu dugula prozesuan, ni ez nago erabat ados horrekin. Kantu batzuk landu gabe genituen grabaketa iritsi orduko eta hori nabaritu da, baina badira bai. Kantugile ona da Andoni.

Arrainentzako himnoak ez da disko bat bakarrik. Berrasmatze bat da, berrekite bat.
M.: Bai, argi eta garbi, zirt edo zart bat egitea izan zen, berriro hutsetik abiatu edo kantuak egiteari utzi, hiruzpalau urte baineramatzan kanturik egin gabe. Musikari gisa neure burua nola ikusten nuen planteatu beharra neukan eta horren arabera prozesu bat abiatu nuen.

Prozesu guztia partekatu duzu jendearekin blogaren bitartez. Gertutasun hori ezinbestekoa du musikariak garaiotan?
M.: Musikariok galdu egin dugu geure publikora akoplatzeko gaitasuna. Bertsolariek arte hori menderatu egiten dute, primeran egiten dute. Zure burua saldu gabe, publikoa zuk ekarri behar duzu. Pop eta rock industriaren bitartez beste gauza batetara  geunden ohituta  aspaldiko urteetan; musikariok ateratzen genituen geure produktuak, erosleek erosi eta kontsumitu egiten zuten, baina hori ez da sekula izan herri musikaren ezaugarrietako bat. Musika askoz ere gehiago da. Musikarion jarrerak ezin du izan, hortaz, ea industriak noiz ematen digun aukera bat, itxarotea ea noiz aldatuko diren gauzak edo publikoa noiz gerturatuko… Ez, guk egin behar dugu geurea azaldu eta zabaldu. Gero gustatzen zaionari ongi eta gustatzen ez zaionari bada oso ongi. Guk lan egin behar dugu gure publikoa berreskuratzeko. Lortuko dugu musikari lana, hain debaluatua dagoena, preziatzen hastea, eta bestetik, diskoari berriro ere garrantzia ematea. Diskoak ez du izan behar bakarrik produkzio industrial batetik datorren metal zati bat, beste zerbait baizik. Hau dena da hasieran buruan nerabilen teoria eta uste dut konprobatzen ari naizela baietz, hala dela.

Morau: «Musikaren munduan hasi nintzenean buruan neukana hau zen, orain atera duguna, bi gitarra akustiko, bi ahots»

Bada lana erabat bat bukatua izan artean ezer aurreratzeko errezeloa izaten duen artistarik. Gehiegi erakusteak ez dizu beldurrik eman?
M.: Hasieran asko pentsatu nuen zer kontatu behar nuen eta zer ez, baina ez dago erdibiderik; edo kontatzen duzu edo ez duzu kontatzen. Edo zirt edo zart hor ere.
B.: Nire iritzia ez da hori bera, halako pornografia ariketa bat izan baita gure bizipenak etengabe argitara ikuste hori. Hasieran ezerosoago egin zitzaidan, gero ohitzen zoazen arren; halako reality moduko bat musika sortzeko prozesuaren inguruan antolatua. Halere, onartu beharra dago, inoiz baino harrera beroago izan dugu orain artean, eta larrugorritan azaltze horrek lagundu duelakoan nago. Talde gehienek kontrakoa egiten dute. Sekretupean izaten dute dena. Gero kontatzen dute, baina ez gertatzen ari den bitartean.
M.: Bai, oso kuriosoa da nola funtzionatzen duen industriak. Gero ateratzen du dokumental bat bi ordukoa The Rolling Stonesek nola grabatu zuen diskoa Frantziako Kosta Urdinean. Eta saldu egiten dizute, eta orduan bai, ona da kontatzea bat jonkia zela, besteak ekartzen ziola droga… Arriskua ere hartu dugu, posiblea eta normala baita jendea nekatzea hainbeste entzuteaz diskoaren eta kantuen inguruan, eta pentsatzea «ia bale, noiz aterako duzu diskoa?».

Jendearekin partekatzeak zer eman die kantuei?
M.: Asko. Eta kontu praktikoetan gainera. Jende bat, pertsona batzuk, alegia, ez masa bat, busti egin da, eta ideiak eman dizkit. Arma txio pum kantuko estribilloa Twitterrez iritsi zitzaidan, esaterako. Eta hori izugarria da, feedback-a momentuan ari zara jasotzen, ez duzu erdi ezkutuko audientziarik egin behar lagun talde batekin behin diskoa prestatu eta gero…
B.: Ekarpen batzuk ez dute balio izan ezertarako, ni sartzean denak hondatu bainituen, ez baita gauza bera bakarka egindako kantuetarako ekarpenak egitea edo bi gitarra eta bi ahotsetarako egitea. Lanketa batzuk egin behar baitira hor bikote bizitzara edo elkarbizitzara bideratuak. Horretan izan dugu borrokatxoa, baina ohituta gaudenez, prozesu naturala izan da. Biak kaskagorrak baina…

Elkarrekin lan egin duzuen laugarren diskoa da. Baina esango nuke inoiz baino hobeto elkar hartu duzuela musikalki, edo asmatu duzuela inoiz baino hobeto formatuan.
M.: Morau Ta Beñardo izena izatea ez da kasualitate bat. Alde batetik izan da erabaki kontziente bat kantuak bere esku uztekoa erabat.
B.: Erraza izan da. Gorabeherak beti izaten dira eta izango dira, baina horrek bere fruitua ekarri du. Bien gustukoak beharbada ez dira 16 kantuak izan. Nire ekarpena izan da musikalki gauza batzuk egokitzea. Hitzena erabat berea da, horretan ez naiz sartu gainera, eta ez nuen sartu nahi.

Zertan fintzen edo mugatzen duzue batak bestearen lana?
M.: Nik berea ezertan ere ez. Egon naiz adi kantua gehiegi joan ez zedin. Bestela egon zaitezke kantu bera lantzen bizitza guztian, eta beti topatuko duzu zerbait hobetzeko, zerbait aldatzeko…
B.: Azkenean erabaki behar da noiz bukatu behar den prozesua. Kantu batzuk gehiago ondu zitezkeen akaso, baina orain ontzen ari gara zuzenean eta jendeak ikusiko du diferentzia. Ahotsak kontrolatzea ere nire egitekoa izan da gehiago. Hori bereziki landu beharrekoa da, ez baitago beste apaindurarik diskoan.
M.: Kantu guztiek hartu dute heldutasuna Beñardoren ukituarekin. Egia da kantu batzuetan denbora pixka bat beharko zela ukitu hori mamitzeko.

Beñardo Goietxe: «Gaur egun jendeak dena azkar egin nahi du. Bizpahiru kantu aditu eta kito. Diskoa osorik ez du inork entzun nahi»

Formatua berria da, baina betiko Morau ageri da letretan: kronista zorrotza, samurtasuna, umorea…
M.: Bai. Zirt edo zart egin behar horretan hasieran izan nuen tentazioa zerbait berria egiteko erabat, berrasmatzeko… «saiatuko naiz melodia gehiago sartzen edo letretan errazkerietan ez erortzen», baina ez…

Sei urte behar izan dituzu zure seigarrena kaleratzeko. Nekatua zeunden?
M.: Neure buruarekin akaso. Iristen da momentu bat dinamikak eraman egiten zaituela. Disko bat ateratzen duzu, disko hori defendatzen duzu, eta hasi behar zara beste disko bat prestatzen… Baina gure kasuan kate hori hautsi egin da. Gure publikoa daukagu, neurri txikikoa. Hortaz, diskoetxeak zer esango dizu? Ezer ere ez. Komunikabideek zer esango dizute? Ezer ere ez… Zeinek eskatzen zuen duela lau urte Morauren disko berri bat? Bide horretan utzi egiten duzu zeure burua, azkenean artista publikoak gara eta denok daukagu autoestima puska bat. Eta egia da, nahiz eta oso ondo pasa, beti jende gutxiren aurrean aritzea, azkenean gogorra bihurtzen dela. Taldearen [Agotak] desegitea ere egokitu zen, eta zerbait berria egiteko gogoa nuen.
B.: Taldea ez bazen desegin, baxu jotzaileak eta bateria jotzaileak jarraitzerik izan balute, agian beste diskoren bat ailegatuko zen, oso ondo konpontzen baikinen eta feeling-a baikenuen.
M.: Baina, egia da, musikaren munduan hasi nintzenean buruan neukana hau zela, orain atera duguna, bi gitarra akustiko, bi ahots… gitarra elektrikoarekin eduki ditugu gora-behera batzuk, baina horixe, puntu.

Garaiotako joeren kontra 16 kantuko diskoa plazaratu duzue.
M.: Hori Beñardok esplikatu dezala, badauka teoria oso bat [barreak].
B.: Nik nahiago nuen kantu gutxiago izatea. 10-12 kantutxorekin ez legoke gaizki, uste dut aukeraketa bat egitea bazela, baina horretan bere eskua nabari da, bere agindua izan da. Bakoitzaren kaskagorkeriak [barreak]…
M.: Ez, ez, kasu honetan ez da kaskagorkeria izan. Proiektuaren hasieran esan nuen egindako kantu guztiak grabatuko nituela eta jarriko nituela jendeak entzuteko moduan, eta bete egin dut.
B.: Nire proposamena zen jaitsi eta entzuteko moduan izan zitezela 10-12 kantu, eta ondoren disko formatuan gainerakoak ere sartzea, zalearentzat opari gisa, baina ez zen onartua izan. Hurrengo diskoan, Beñardo ta Morau garenean, nik erabakiko dut.

Jeff Tweedy Wilco taldeko kantariak berriki atera duen disko bikoitzaren haritik zioen berak LPa edo diskoa defendatzen duela kontzeptu modura; musika entzuteko beste modu bat aldarrikatzen zuen, pausatuagoa, kantu bakoitzari bere denbora emanaz, osotasuna…
B.: Bai, ados erabat. Nolabait hori egin dugu, baina biniloan izan beharrean, CDan eta deskargen aukerak baliatuz. Ez dugu binilorik, ez baita ailegatu sosarik horretarako. Baina blogean entzun eta jaitsi daitezke denak.
M.: Musikari balorea emateko hori da kontua, musika zaletasuna aldarrikatzen badugu, aldarrikatu behar dugu musika entzuteko modu hori. Diskoa ez da bakarrik merkantzia bat saltzen dena, eta zenbat eta gehiago saldu arrakasta edo balorea daukana. Hori da sartu zaigun mobida bat, baina berez diskoa da kantu bilduma bat, eta geroz eta kantu hobeak batu orduan eta disko hobea.
B.: Gaur egun jendeak dena azkar egin nahi du. Bizpahiru kantu aditu eta kito. Diskoa osorik ez du inork entzun nahi; lan bat da, musikazale batek hartu beharko lukeen lana, liburu oso bat irakurtzea bezala. Galdu da disko osoa entzuteko ohitura.

Baina hori errekuperatu ahal izango dela uste duzue?
B.: Ez, ez dut uste.
M.: Ez, nik osorik entzuten ditut baina beste zerbait egiten ari naizela, baina garai batean bezala, hartu biniloa, eseri eta hasi eta buka entzun… hori ez. Singlearen garaira itzuliak gara.

morau

Beñardo eta Morau, arrantzatik bueltan. (Conny Beyreuther)

Zuek ez duzue esango eta neuk nabarmenduko ditut diskoko hiru kantu on: Agur esan nahi ez, Hondarribia eta Ama.
M.: Agur esan nahi ez bereziki estimatzen dudan kantua da. Oso gustura geratu naiz, bai egiterakoan, eta baita emaitzarekin ere. Hor daude gitarra elektrikoaren marrazki horiek ere.
B.: Morauk gitarra elektrikoa ez zuen oso gustuko hasieran. Aipatu dituzun kantuetatik bitan gitarra elektrikoa ageri da. Kolorea ematen die kantuei, eta jolasteko aukera ematen du, reverb-ak, soinu desberdinak… Niri ere gustatu zaizkit hiru kantu horiek.
M.: Kantu hori izan da  aspaldian idatzitako pertsonalena. Konturatzen naiz nire barnea azaleratzeko kantuekin ez daukadala zaletasunik, nahiago dudala inguruaz hitz egin, nahiz eta horrela erakusten duzun zeure burua ere. Baina oso kantu gutxi ditut nire sentimenduez edo bizipenez egindakoak, eta hau da bat.
B.:Hitza ere oso berezia da, heriotza eta ondoan dagoen horren hutsari buruzkoa. Enarak taldearen Ama ere heriotzari buruzkoa da.
M.: Ama-k melodia izugarri polita dauka. 60ko pop ukitu izugarria du. Elektrikoarekin jokoak egiten hasi zen Beñardo eta naturalki atera zitzaion. Ez da gehiegi aldatu jatorrizkotik.
B.: Hondarribia-rekin izan genuen zalantza franko hasieran, luze geratzen zela, nola egokitu bere hiru zatiak, eta nik uste txukun geratu dela eta epikotasun hori harrapatzen duela.
M.: Ni oso gustura geratu nintzen hitz horiek idazterakoan. Gustatu zait hitzek hartu duten tonua azkenean. Alardea beste norbaiten begiekin ikustea bezala da…
B.: Ahotsarekin badago crescendo bat bukaeran, lau ahots ere sartu ditugu. Batzuetan egin ditugu halako gehiegikeria txiki batzuk.

Amaitzeko, aukeratu musetarako hiruna disko.
M.: Batetik, The Feelies-en Only Life (1988). Urruti egon daiteke The Feeliesen musika guretik, ala ez? Uste dut Arrainentzako himnoetako kantu pare batean oso nabarmena dela disko horretako pasarte batzuen eragina. Bestetik, Chris Wilsonen Random Centuries (1991), rock akustikoa egin daitekeela erakusten duen disko horietako bat. Flamin’ Groovies eta The Barracudaseko gitarra jotzaile eta kantariaren bihotz folkiak oihartzun ugari utzi zidala konturatu naiz. Izen bereko kantuarekin hasita. Azkenik, Frank Turnerren Buddies (2010). Disko xelebre xamar horietako bat da, erabat akustikoa, punkaren azkartasuna, poparen melodia eta jarrera folkia nahastuta sortzen den bitxikeria bat. Zintzoa eta zuzena, gehien gustatzen zaizkigun diskoak bezala.
B.: Bereziki diskorako inspirazio-motibazio hainbat folk-pop-country-rock disko elektro-akustiko izan zitezkeen, baina hiru hartzekotan… Bat: Lou Reeden New York (1989). Juxtu iazko urrian hasi ginen kantu berrien elkarlanean eta Lou Reed hil berritan haren hainbat diskoren errepasoen artean New York izan zen nagusi. Gainera Arrainentzako himnoak kantuan badago nahita egindako Dirty Blvd-en kameo-imitatione lotsagabe bat (Jonan Ordorika konturatu zen, ofkors!!). Bi: Yo La Tengoren Fakebook (1990). Bertsio eta jatorrizko kantuz osaturiko disko xoragarri honen izpiritua beti izan nuen grabazio deliriotan… Disko honetan ere bada Lou Reed eta VUren tximeleta franko! Hiru: Chris Wilsonen Random centuries (1991). Kantu akustikoetarako, behintzat, honen freskotasuna genuen gogoan. Bakarkako pop eta folk akustiko disko xarmanta, bere kantu propioak, herrikoiak eta bertsioak nahasita. Erran bezala, baita Feelies, Go-Betweens, REM, Jonathan Richman, Ben Vaughn, Steve Earle, eta abarbarbarbarbarbar… ere.

(Berria egunkarian, 2014ko urriaren 29an argitaratutako elkarrizketa bertsio luzea da hau)

ETIKETAK:Arrainentzako himnoakBeñardo GoietxeElkarrizketakMorau