Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2017.11.16

Jon Eskisabel

“Laboaren artea ez da inolaz ere argia, iluntasun bat dauka”

Elkarrizketa: Delorean

Donostiako Udalak Mikel Laboari 2014an emandako Adarra sariaren harira jasotako enkargua disko batean islatu du Deloreanek. Ez da bertsioen ohiko disko bat, esan bailiteke Laboaren obra inspirazio iturri gisa erabili duela taldeak konposizio berriak sortzeko. Ekhi Lopetegik erantzun ditu gure galderak.

Delorean Laboa

Delorean taldeak Laboaren jarrera esperimentala aldarrikatu nahi du.

Diskoan Laboaren kantuen bertsioak entzutea espero duenak dezepzioa jaso dezake. Zenbait kasutan (“Denbora galduaren bila”-n, esaterako) apenas dago jatorrizkoaren arrastorik. Abestien “egokitzapenak” direla diozue. Zergatik erabaki zenuten bide hori hartzea?
Mikel Laboak beti izan zuen esperimentaziorako jarrera erradikal bat, eta guk jarrera hori nabarmendu nahi genuen, bere abesti ohikoen gainetik. Esperimentazioarekiko maitasun hori hartu dugu zubitzat gure mundua eta Laboaren munduaren artean. Aipatzen duzun kasu horretan, jatorrizko abestiaren akorde progresioa errespetatu dugu %100ean, baina produkzio guztiz libre eta esperimental bat eman diogu. Agian lehen entzunaldi batean arrastorik ez da somatzen, baina abesti berbera da. Hala ere, entzuleak Laboaren abestiak kantatu ahal izango ditu. “Kantuz” edo “Bentara noa”, adibidez, ahotsean oinarritu ditugu, instrumentazioa bakarrik aldatuz.

Hain zuzen, Laboaren grabazioen pistetatik ahotsa baino ez duzue erabili, ez da entzuten haren gitarra ezta Laboaren diskoetako beste instrumenturik ere.
Bai. Diskotik kanpo gelditu diren beste adaptazio batzuetan erabili genituen Laboaren sintetizadoreak, baina nolabait azken hautaketa ez zuten pasa. Gure metodoa argitu beharko genuke ahotsaren erabilera azaltzeko. Ez genuen Laboaren ahotsa ordezkatu nahi, hain da errepikaezina. Elkarrek estudioko grabaketak pasa zizkigun eta audio laginak hartuz gure abestiak sortu ditugu. Zer gertatuko litzateke 2017an Mikel Laboak bere abestiak talde elektroniko batekin berriz grabatuko balitu? Galdera horri erantzuna ematen saiatu gara diskoan.

Grabatu duzuen errepertorioaren erdia Lekeitioen adaptazioak dira. Hori da talde gisa gertuen sentitzen duzuen Laboaren alderdia?
Bai. Lekeitioen izaera erdiabstraktu hori gure esperimentaziorako oso aproposa iruditu zitzaigun. Laboaren abesti ezagunenak gustuko ditugu baina bere alderdi esperimental eta arriskutsuena ez da hain ezaguna gaur egun. Hori aldarrikatu nahi genuen, arriskuarekiko beldur gabezia hori. “Komunikazioa-Inkomunikazioa” adibidez, zentzugabekeriatzat hartua izan daiteke, baina guretzako hain da zentzuz aberatsa! Ahots eta hitzen arteko nahasketa hori asko gustatzen zaigu eta horren izpiritua jarraitu dugu. Laboaren artea ez da inolaz ere argia, nolabaiteko iluntasun bat dauka. Batzuetan, beharbada, ilunegia da sen onarentzat. Ironikoa ere bada, umorea konfusio horren kontrako azala balitz bezala. Era berean, ez da ulergaitza, ez da arbitrarioa. Horrek guztiak egiten du interesgarri guretzat.

Nola ikusten duzue lan hau Deloreanen diskografian: salbuespen gisa edo lehen diskotik izandako bilakaerarekin eta, ondorioz, taldearen gaur egungo une artistikoarekin lotuta?
Ez da salbuespena, baina hainbeste urteren ondoren guk nahi duguna libreki egiteko garai bat zabaltzen du. Beti izan gara artistikoki libre, baina lehen gure proiektuaren norabidea argiagoa zen nolabait. Orain ez dago bide argirik eta horrek askatasun handiagoa ematen digu, gure ibilbidearen zama sentituko ez bagenu bezala.

(Elkar aldizkariaren 50. zenbakirako egindako elkarrizketa)

ETIKETAK:DeloreanElkarMikel Laboa