2014.06.30
Haritz Harregirekin hitzordua dugu Usurbilen. Puntual elkartu gara kafetegian, bata eta bestearekin hitz egiten dabilen bitartean kafe batera gonbidatu nau. Nola ez, musikaren gainean hitz egiten hasi gara; gustuko ditugun rock eta pop klasikoez, boladan dagoen soinuaz, eta azkenaldian ea aurkikuntza aipagarriren bat egin ote dudan galdetzen dit. Beti erne dagoen pasioz beteriko profesionala dela nabaria da. Erraza da berarekin hitz egitea; apala eta hurbila da. Kafea amaitu, kotxea hartu eta Higain estudioetara egin dugu bidea; arreta eman dit kotxean diskorik ez duela jarri, irratiaren zurrumurruarekin joan gara.
Inguru eder-ederrean dago Higain; mendiek inguratutako eremu naturalean txertatuta. Sorkuntzarako paradisua ematen du, musikaren sorginkeriaz ehizatua izatekoa. Zeharo txundituta nago, jostailu dendan sartu berri den umea bezala. Nire harridura hitzei barre egiten die, behin eta berriz “bai zera!” erantzunez. Argazkilaria heldu bezain pronto serio eta urduri jarri da Haritz. “Ezin dut. Ez zait argazkietan ateratzea gustatzen. Ez dakit zer aurpegi jarri behar dudan”, esan dio irribarre egin dezala eskatu dion argazkilariari, baina Haritzek zirkinik ere ez. Argazkilariak alde egin duenean, orduak ematen dituen lan egiteko aulkian eroso jarri da, urduritasun alaiaz galderen zain.
Ibilbide luzea duen musikaria zaitugu; eszenatoki gainean zein azpian. Larrua Truk, 4 Itzal eta Sen taldeek oholtza gainean jarri zintuzten. Nola sortu ziren talde hauek?
Ni baino lauzpabost urte zaharragoak ziren lagunekin batera sortu nuen Larrua Truk. Eurek talde bat zeukaten dagoeneko, nik gitarra jotzen nuen eta elkarrekin zerbait egiteko gogoa piztu zitzaigun. Handik denbora batera, Elkar estudioetan laguntzaile bezala lan egiten nuenean, Sen taldea egiteko aukera sortu zen. Lasarte-Oriako estudioetako lokal bat utziko al zidaten galdetu nien arduradunei eta baiezkoa eman zidatenez, nire materiala eraman nuen; anpliak, grabatzeko cuatro pistas bat… Garai hartan, Latzenekin nenbilen teknikari gisa. Latzenek utzi behar zuela jakin nuen eta Aitorri [Aitor Uriarte, Latzen taldeko abeslari ohia] kanta batzuk egiten ari nintzela esan nion. Hasiera batean, elkarrekin talde bat egiteko aukerari ezetz esan zion. Sei hilabete ondoren ordea, baietz. Azkenik, 4 Itzal. Xabi Solanok Etzakit-ek egiten zuenetik gauza apur bat ezberdina egiteko gogoa zeukan. Xabi, Koldo [Koldo Soret; Surfin Kaos, Niña Coyote eta Chico Tornado] eta Txiki [Haritz Beristain; Kàshbäd] ginen 4 Itzal.
Jotzeaz gainera musika talde horien diskoen grabaketak ere zuk egiten zenituen.
Bai, batzuk Garate estudioan eta beste batzuk Elkarren egin ziren.
Elkarretik Garate estudiora saltoa eman zenuen, Kaki Arkarazo, Mikel Abrego eta Izaskun Silvarekin. Nola sortu zen aukera hori?
Kakirena zen ideia eta hor lantalde bat zegoen. Kaki Elkar estudiora etorri zen Latzen eta Etzakit taldeen diskoak ekoiztera. Orduan aipatu zidan buruan zerbait zebilkiola, alegia, Garate martxan jartzeko asmoa zuela eta ea parte hartu nahi nuen. Orduan 26 urte nituen, Elkarren laguntzailea nintzen eta gurasoen babesa jasota, baiezkoa eman nion. Horrela sortu genuen Garate.
Gitarra alde batera uztea erabaki zenuen eta Garate estudioan buru belarri ibili ondoren, hori ere atzean uzteko erabakia hartu, eta Higain martxan jarri zenuen. Pausoz pauso zure estudio propioa abiatu zenuen arte.
Bai. Urte eta erdi ibili nintzen alde batetik bestera, Azkaratetik bueltaka… Momentu horretan Ken Zazpiren soinu teknikari gisa lan egiten nuen, eta Rafa Sardina [11 Grammy sari irabazi dituen soinu teknikaria] ezagutu nuen, euren diskoa grabatzera etorri zelako; Elkar estudioan grabatu behar zuten, ondoren nahasketak egiteko Los Angelesera joango ziren. Eurekin joateko gonbitea egin zidaten. Rafarekin oso harreman ona egin nuen, eta material dezente berari erosi nion. Materiala mugitzeko furgoneta lagun batek utzi zidan eta den-dena gurasoen etxean gordetzen nuen. Trasteak mugitzeko tabernetan eskatzen nuen laguntza. Familiak asko animatu ninduen Higain martxan jar nezan eta arrisku hori hartu nuen. Orain hemen, 10 urte bakar-bakarrik…
Bakar-bakarrik? Zenbat talde pasatu dira hemendik?
Kar-kar-kar. Auskalo! Batzuk aipatzearren, Loquillo, Soziedad Alkoholika, El Drogas… Ken Zazpik hemen grabatu ditu zenbait lan, tartean Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera egindakoa. Ez nuke jakingo zenbaki bat esaten, talde asko.
Kontatu daitekeen anekdotarik gertatu al zaizue grabaketetan?
Normalak. Diziplinatua izaten saiatzen naiz.
Seriotasuna nagusi al da musika estudio batean?
Behar luke.
Diziplina, seriotasuna eta, noski, agenda errespetatu beharra. Ez al dago esperimentaziorako tarterik musika estudioan?
Adostutako datak errespetatzea ezinbestekoa da. Ni saiatu egiten naiz, onerako eta txarrerako. Onerako, epemuga horietara egokitzea nire lana delako. Gauzak hasi eta bukatu behar dira. Txarrerako, zenbaitetan denbora gustura hartuko nukeelako gauza batzuk gehiago esperimentatzeko, baina taldeen ekonomia kontuan hartu behar da, eta gainera batzuetan ez dakizu taldeak dinamika hori nola hartuko duen, denbora galtzen ari garela sentituko ote duen… Gauza asko daude tartean.
“Txiki-txikitatik garbi neukan musikaren mundua zela nire tokia, eta emandako pausoak bizitzaren eboluzio logikoa dira. Ez dut sekula nire burua lantegi batean ikusi”
Musikari bakoitzak estilo propioa du, taldeen kasuan partaide guztien ekarpenek definitzen dute hori. Zu ere soinu-marka sortzeko prozesuaren parte zara. Nola igarri egiten da musika teknikari baten ekarpena?
Ez da erraza horri erantzutea. Nik uste dut zaila dela musika teknikariaren marka pertsonala identifikatzea, diskoak egitearen poderioz geratzen den zigilua dela. Nahita nahiez badakizu bakoitza nondik dabilen, bai musika ekoizpenaren aurrean ibiltzen direnak baita atzean daudenak ere. Esango nuke bakoitzak soinu pertsonala duela, eta musika ulertzeko era bat. Azken batean hori da diskoan islatzen duguna.
Beraz, zuk zure aztarna uzten duzula argi daukazu?
Ni saiatzen naiz talde bakoitzak bere aztarna errespeta dezan. Badakit ez dela erraza, baina saiatzen naiz taldeak bere nortasuna izan dezan.
Zer eduki behar du musika ekoizle on batek?
Inkietudea, kezka, beti erne egon behar dugu. Era berean, musikaria errespetatu behar dugu. Musika asko entzutea eta gazteekin harremana izan behar da. Gaztea beti berria da.
Atzera begiratzen badugu eta zure ibilbidearen erradiografia egin, beti sortu izan duzu musika, baina jauzia eman duzu erakusleihoan egotetik atzean lan egitera. Izan al da musikaren munduan mantendu ahal izateko hautu bat?
Ez, nik nire lana maite dut. Ez dut sekula nire burua lantegi batean ikusi, ez nintzateke kapaza izango horrelako lan bat egiteko. Txiki-txikitatik garbi neukan musika mundua nire tokia zela, eta emandako pausoak bizitzaren eboluzio logikoa dira. Orain bi ume ditut eta barruak ez dit eskatzen agertokietan ibiltzea. Zeinek daki, agian aurrerago gogoa emango dit gitarra hartu eta zerbait egiteko. Edo ez. Orain honetan nago, eta zuzenekoetan nabil. Horrekin pozik nago.
Joxean Artze zure osaba da, eta haren poema batzuk musikatu dituzu. Nola suertatu da hori?
Bai, kar-kar-kar. Nire osaba da eta bere poesia irakurtzea tokatu zait! Olerki batzuk asko gustatzen zaizkit eta egokiak iruditu zitzaizkidan garai hartan musikatzeko. Berari galdetu nion eta ondo iruditu zitzaionez egin nuen.
Parte hartu al du zure diskoetan?
Senen azken diskoaren Pil-pil sessions-a egin genuen, eta kantu bat zegoen txelo batekin. Abestia mantsoa zen, eta horretan bere olerki bat errezitatzeko eskatu nion. Kantua entzun zuen eta asko gustatu zitzaion: “polita da e, Haritz” esan zidan. Poza eman zidan osabak kantua gustatu zitzaiola esateak.
Uste duzu musika eta literatura lotuta doazela?
Bai, behar du. Azkenean letra bat literatura da, ez?
Orduan, letra edo musika?
Biak. Gertatzen dena da… Atzerriko zenbat talde entzun ditugu eta ez dakigu zer esaten duten? Nik musikari bezala esango dizut melodia dela garrantzitsuena, abeslari on batekin. Gero, letra ulertzen baldin badut, ba noski, letra ona izan dezala kantuak. Beraz, biak, baina nik, nire deformazio profesionalarekin… musika diotsut.
Lehen plano horretatik orokorrera egiten badugu, zer deritzozu euskal audientziaz?
Nire erreferentziak gazteak dira eta saiatzen naiz galdetzen ea zer musika entzuten duten, ihes egiten didan horretara heldu ahal izateko. Batzuetan sumatzen dut interes falta, eta aurreneko planoan dauden taldeak jarraitzeko joera, alegia, ez dagoela kezka bat atzean dagoenari kasu egiteko. Eta gainera gaur egun dauden abantaila teknologikoekin!
Zaletasun kontuak beraz. Zu nola zaletu zinen musikara?
Etxeko egoerak eramanda. Osabak [Joxean Artze] gure etxean egunero bazkaltzen zuen; harreman oso estua daukagu. Gurasoak Beatles zaleak ziren, gure etxean asko entzuten zen taldea zen, eta poliki-poliki hasi nintzen sartzen. Txiki-txikitan gitarra bat oparitu zioten nire anai bati eta segituan kendu nion eta saltseatzen hasi nintzen. Argazkietan begiratzen nuen ea zer akorde jartzen zuen eta horrek ondo sonatu arte, afina eta afina nire kasa, putaidearik ez neukan.
“Soinu teknikariok beti erne egon behar dugu. Musika asko entzun behar dugu eta gazteekin harremana izan. Gaztea beti berria da”
Zure gustua adinak baldintzatu du?
Dudarik gabe. Beti izan naiz oso poperoa. Itoiz asko gustatzen zait, eta Beatles zale amorratua naiz. Gero rock erradikaleko talde punk asko gustatu zitzaizkidan: Eskorbuto, RIP eta Cicatriz kristorenak iruditzen zitzaizkidan. Ondoren, Ramones edota AC/DC. Grungearen garaian Alice in Chains zale amorratua nintzen.
Bizitza oso bat musikarekin gozatuz musikara dedikatua. Zerk markatu zaitu gehiago, talde batek, disko batek edo kanta batek?
Etapa bakoitzean desberdina izan da. Beatlesen edozein disko edota Mikel Laboarenak bereziak dira niretzat. Etxean Laboa asko entzuten genuen. Itoizen Espaloian diskotzarra da. Bereziak diren lan asko daude niretzat.
Esan dugu ‘bizitza oso bat’, baina, musikak bizitzeko ematen du?
Ni hortik bizi naiz; teknikoari gisa bizi naiz, eta uste dut jendea bizi dela. Ofizio bat da. Musikari bezala, zailagoa da eta Euskal Herria txikia da; urtebetean plaza guztiak egin dituzu. Desberdina da musikariaren bizitza edo musika teknikariarena.
Amaitzeko, hiru euskal disko aukeratzeko eskatu ohi diegu elkarrizketatuei. Zein dira zureak?
Mikel Laboaren edozein disko: Hor bazegoen herri honetako sentimendu fuerte bat. Eta autoreak zeukan sentsibilitatea, kantuak egiteko era, eta gero bere alderdi literarioa. Letrak ere iritsi egiten ziren.
Espaloian (Itoiz, 1985): Herri honetan pop-ak ez du bestelako arrakastarik izan; ez da estilo orokor bat izan. Juan Carlosen kantatzeko era asko gustatzen zitzaidan.
Kuraia (Kuraia, 2001): Gogoratzen naiz diskoa nahasten ari nintzenean, musikarekin burua mugitzen ari nintzela etengabe. Gero ikusi zen talde horrek izango zuen etorkizun arrakastatsua.