2024.10.22
Forbiden Colours diskoetxeak azken harribitxi bat eskaini nahi izan digu agur esan baino lehen. Jon Agirrezabalaga aka Zabala (Bilbo, 1979) musikari eta ekoizleak No Club dakar agur hori, ondare baten ospakizun epel eta goxo bat bilakatzeko asmoz. Baita lortu ere. WAS taldeko partaide ohiak, ekoizle, soinu banda konpositore eta elektronika pittin bat vintage, misteriotsu eta dotoreko paisaiez jositako diskoen egileak, agian bere lan borobilena eta zirraragarriena dakar besapean. Verde Prato edota Sara Zozaya-ren ahotsez hornitua eta Thailandiako iruditeria iradokitzailearen erdian landutako doinu bilduma bikaina.
Zabalak Verde Pratorekin batera ondutako Nire azala piezaren bideoa. RAFA ZUBIRIA
Estilo eta dinamika aldetik agian ez dago alde handirik No Club eta zure aurreko diskoen artean (ezta beharrik ere), baina bestalde, nolabaiteko tour de force zirraragarri eta aberatsa dela esan daiteke, eta garrantzitsuena eta zaleok gehien eskertzen dutena, hamaika entzunaldiren ondoren ere, sekretu eta altxor txiki berriak erakusten dituen grabaketa da.
Nire ustez bada haustura bat nire aurreko lanarekiko, Martian Civilization, edo hori izan da nire asmoa behintzat. Nire disko berria pop kutsu berotsuagoz jantzia dagoela esango nuke, orohar. Aurrekoa latzagoa eta abstraktuagoa dela esango nuke. Agian nire aurreko Vik diskoarekiko nabaritzen dut lotura zuzenena. EP hartan ahozko kolaborazioak eta doinu poperoagoak lantzen nituen lehena izan baitzen. Nolabait orain dela sei urte irekitako bide haren jarraipen bat egin dudala esan daiteke.
Diskoaren izenburuak, No Club, kuriostasuna eragiten du, misteriotsua suertatzen da. Nondik eta nola sortu duzu? Badu halako mezu ezkuturik edo besterik gabe hitz konbinaketa bitxi, iradokitzaile eta ireki moduan utzi duzu?
Izenburu egoki baten bila zoratzekotan ibili nintzela onartu behar dizut, eta azkenean azalerako erabili dugun Rafa Zubiriaren argazkia izan zen inspiratu ninduena. Bertan azaltzen diren aulki huts horiek inoiz etorriko ez den norbaiten zain daudela baitirudi. Bestalde, No Club dantza pistara hain zuzendua ez dagoen elektronika musika baten aldarrikapena ere bada, eta era berean, gure inguruan bizi dugun komunitate kontzeptuaren higadura eta desagertzearen salaketa bat da.
“No Club dantza pistara hain zuzendua ez dagoen elektronika musika baten aldarrikapena ere bada, eta era berean, gure inguruan bizi dugun komunitate kontzeptuaren higadura eta desagertzearen salaketa bat da”
Hala da. Ohiko klubetara ez dago zuzenduta, baina era berean ez zaio guztiz arrotza. Agian “irudikatutako klub” bati egin nahi diozu erreferentzia? Edo bestalde, gaur arte Klub moduan ulertu eta mirestu izan den eszena pixkanaka desagertzen ari dela eta zeure musika goza daitekeen Klub espazio fisikorik apenas geratzen dela adierazi nahi duzu ere. Interpretazio aukera asko dago.
Bai. Ados nago; esango nuke baduela halako klub musika kutsu sotil bat doinu batzuetan. Eta baliteke Klub ezberdin bat izatea, ametsetakoa zeuk irudikatzen duzun bezala. Klub eszena desagertzear dagoela ez daukat garbi esaterik, aspaldian ez baitut partehartze zuzenik izan. Baina kanpotik ikusita, edozein ekimeni bizitza eta indarra ematen dion underground jarrera galtzen ari dela esango nuke, eta beste gauza askoren antzera, erabat homogeneizatzen ari dela ere bai. Baina, tira, nire ikuspegia oso mugatua da eta agian gauza garrantzitsu asko galtzen ditut.
Zure bideoak eta diskoaren azalak erakusten duten asiar iruditeria tropikal, gautar hori oso erakargarria eta iradokitzailea da. Nondik dator? Eta nor da egilea? Eta zein da musikarekiko lotura?
Thailandiakoak dira denak. Gustura joango nintzateke baina ez naiz inoiz han izan. Rafa Zubiria artista bisual donostiarrarekin kontaktuan jarri nintzen honetarako. Bera urte askoz bizi izan da han eta bideo eta irudi guztiak bereak dira. Genio bat iruditzen zait eta bere lanari oso inspiratzaile eta iradokitzailea deritzot. Kasu batzuetan aurretik neuk emandako doinu bukatu bati erantzunez sortu du, baina beste batzuetan demo hutsak bidali dizkiot eta berak egindako irudiei erantzunez bukatu dut doinua. Joan eta etorriko prozesua izan da, eta oso interesgarria eta aberasgarria suertatu zait.
Urtu kantuaren bideoa. RAFA ZUBIRIA
Diskoan zehar hainbat artistek kolaboratzen dute (Verde Prato, Sara Zozaya…), haietako batzuekin ekoizle moduan lan egin izan duzu eta kasu honetan kolore anitz eta bereziz janzten dute diskoa bere ekarpenekin. Nola suertatu dira elkarlan hauek eta zer esango zenuke ekarri duela bereziki haietako bakoitzak? Eta honi lotuta, zein punturaino da Zabala pertsona bakar baten proiektua edo pertsona eta disziplina anitzagoak (bideo artea, zinema) jasotzen dituen ekimena? Irisgarritasun poliedrikoagoa duen izate bat dela esango nuke eta horrek erakargarriagoa egiten duela gainera.
Kolaborazioak modu naturalez gertatiu dira erabat; erabat miresten ditudan artista eta lagunak baitira denak. Guztiekin kidetasun artistikoa banuela banekien gainera, azken urteetan elkarrekin estudioan lan asko egin baitugu. Goiz da agian ekarpenak baloratzeko baina diskoa izugarri aberasten dutela esango nuke, bakoitzak bere erara, Zabalaren soinu paleta eta unibertsoa handiagotzen dute.
Proiektu hau zehazki zer den, neuk ere ez dut garbi, ez dut gehiegi pentsatu horretan. Baina hasieratik garbi izan dut alderdi bisuala nahitaezkoa dela. Kolaborazioen hautua une zehatz baten eta buruan dudan diskoaren arabera egiten dut. Baina bai esango nuke, Anakk, Sara edo lehenago Cris Belakok nire doinuetan partehartzen dutenean, nolabait proiektuaren zati bat bilakatzen direla.
Berriki eman duzun elkarrizketa batean zuzeneko emanaldien inguruko hausnarketa bat egiten zenuen. Elektronikako musikarientzat auzi konplikatua dena aipatuz: sarritan pistak modu mekaniko eta zurrun batean erreproduzitzera mugatzen da artista eta pittin bat frustragarri izan daiteke ikuslearentzat (agian okerragoa da oraindik play botoia sakatu eta Instagrameko profilerako argazkitxo eta bideoak igotzera dedikatzen direnean egia esan). No club izen hori baliteke honekin ere erlazionatuta egotea. Edozein erara zure zuzenekoak beti eduki bisualez eta performance bereziz hornitzen saiatzen zarela esaten zenuen. Disko berri honetarako ezer berezirik duzu buruan?
Orain arte ez dut ezer pentsatu disko honetarako zuzenekoen inguruan. Sormen era argitaratze prozesua amaitu behar dut lehenik eta horren ondoren, eskura ditudan aukera ezberdinen artean zerbait berria egiteko gehien motibatzen nauena hartuko dut. Alderdi bisuala presente egon behar duela garbi dut, eta nire anaiak kudeatuko du alderdi hori, aurreko askoetan bezala.
Edozein erara, guztiz beharrezkoa zait egitura bizi baten barnean, arriskua eta akatsa onartu eta magia eragin dezakeen testuinguru batean sentitzea. Hala ez bada, kontzertu batek ez du zentzurik niretzat. Musika aldetik gitarra elektrikoari pisu handiagoa emateari bueltak ematen ari naiz azkenaldian. Ezezagunak zaizkidan eremuetara eraman nahi nuke. Ea zer pasatzen den azkenean.
Abesti batzuren izenburuak euskaraz egin dituzu. Zein garrantzia eta zein paper ematen diozu euskarari zure musikaren barnean?
Erlazio konplikatu samarra dut euskararekin. Nire baitan sentitzen dut eta era berean ez naiz gai nire ideiak euskaraz zuzenki espresatzeko. Aita naiz eta seme alabekin erabiltzen saiatu naiz baina nire mugez ohartu naiz hori egitean, errekurtso falta handia dudala sumatu baitut eta horrek etsitu egiten nau. Hala ere, diskoan presente egotea nahi nuen, bai izenburuetan baita Anak (Verde Prato) idatzi duen Nire azala abestian ere.
“Edozein erara, guztiz beharrezkoa zait egitura bizi baten barnean, arriskua eta akatsa onartu eta magia eragin dezakeen testuinguru batean sentitzea”
Soinu banda konpositore eta beste artisten ekoizle moduan ere lan handia egin duzu. Zure fazeta ezberdinen artean nagusitzen den bat badago edo denak dira parekoak? Eta zein punturaino eragin dute No Club honen sorkuntzan?
Ekoizle bezala curriculum handi bat pilatzen hasi naiz egia esan, baina soinu banda munduan hasi besterik ez naiz egin. Nire buruan bereizketa garbi bat egiten dut bi fazeten artean. Zabala proiektua eta soinu bandak alde batetik eta ekoizle lana bestetik. Lehena nire ahots pertsonala espresatzeko funtsezkoa zait baina artista edo talde bat ekoizten dudanean nire pertsonalitate hori disolbatzen eta desagerrarazten saiatzen naiz eta eskuartean ditugun abestiei dirdira ematen kontzentratzen naiz erabat. Edozein erara, egia da baita ere, alde batean ikasitakoak bestean eragin eta aberasten duela.
Aitor Etxebarria-ren lanarekin eta ibilbidearekin halako paralelismo bat badagoela esan daiteke, eta kasualitatez, edo ez, bere Forbidden Colours diskoetxean plazaratu duzu disko hau, eta baita aurrekoa ere. Pena handia da Aitorrek diskoetxea itxi behar izana. Nola baloratzen duzu bertan egin duen lana eta zergatik plazaratu duzu bertan diskoa?
Pena handia da, zalantzarik gabe. Forbidden Coloursek hutsune handia utziko du ixtean, eta euskal eszenari oso zaila izango zaio betetzea. Hala ere hamar urteko historia hori ospatzeko eta balioztatzeko unea dela uste dut. Beraiekin etxean sentitu naiz beti eta ez dut leku hoberik irudikatzen nire lana plazaratzeko. Diskoetxearen filosofia eta ikuspegiak guztiz bat egiten du nirearekin.