Elkarrizketa

Jon Urzelai

2016.01.25

Jon Urzelai

“Western tankerako irudiekin lotzen dugu gure musika”

Elkarrizketa: Buffalo

Zarauzko Modelo zinema aretoan zuzenean grabatu zuten pasa den urtean Zinematik diskoa Joanes Ederra (baxua), Ander Ederra (gitarra) eta David Gorospe (bateria) musikari finek, eraikinaren akustikaz maiteminduta. Jazza eta rocka uztartzen dituzten zazpi abesti instrumental osatu ditu oraingoan Buffalok, eta DJ Amsia herrikideak egindako erremix batekin batera bildu dituzte binilo formatoan plazaratutako taldearen hirugarren disko autoekoitzian. Soinu banda baterako egokiak izan omen litezkeen abesti hauek atzean zer ezkutatzen duten jakin nahian bildu gara hirukotearekin.

Buffalo-Zumaia-banda 27.12.14

Ander Ederra, David Gorospe eta Joanes Ederra, Buffalo taldeko kideak.

Taldekide guztiak zarauztarrak izan arren, Buffaloren sorrera ezagutzeko Donostiako jazz akademia batera jo behar dugu, ezta?
Hala da, bai. Hirurok Jazzle izeneko akademia batean ikasten ari ginela ezagutu genuen elkar. Joanesi irakasleak Zarauzko bateria jole bati buruz hitzegin zion, ea zergatik ez genuen elkarrekin jotzen… eta horrela hasi zen dena, duela zortzi bat urte.

Zinematik zuen hirugarren diskoa da, maketa eta disko homonimo baten ondotik. Diskoak zuen ohiko soinua izaten jarraitzen duen arren, lasaiagoa da agian, malenkoniatsua kasik. Aurrekoak baina are finagoa izateaz gain, esango nuke, gainera, osotasun gisa hobeto funtzionatzen duela. Zer iruditzen zaizue?
Azken disko hau da gure estilo eta soinua hobekien definitzen dituena. Taldearekin hasi ginenean lokalean sortzen ziren abesti gehienak, inprobisatzen hasi eta ondorioz ateratako abestiak ziren. Orain, aldiz, etxean lantzen ditugu bakarka eta lokalean bukatu. Oro har, abestiak gehiago lantzen ditugu eta zortzi urte eta gero argiago dugu zer nahi dugun.

Badirudi lehenago argiagoak ziren eta funketik eta antzeko estiloetatik zetozen eraginak pixka bat alboratu dituzuela. Melodiari erritmoari baino garrantzia handiagoa eman diozue oraingoan?
Esan daiteke Zinematik aurreko bi lanen eboluzio bat dela. Abestiak egiteko modua aldatzeak eragin handia izan du; lehen aipatu bezala, hasieran lokalean bertan egiten genituen abestiak inprobisaziotik abiatuz, eta horrek agian estilo ezberdinak jorratzera eraman gintuen. Orain dena intentzio handiagoz egina dago eta egia da kanta melodikoagoak eta ilunagoak atera direla.

Musika instrumentala jorratzen duten talde askok egiten dutenaren kontra, zuek ez zarete in crescendo-etan eta pasarte amaiezinetan oinarritzen. Dena kontrolpean duzuela dirudi, muga zehatzak ezarri eta abesti labur eta entzungarriak egiteko asmo argia duzuela.
Egia esan, ez gara abesti luzeen zale. Abestien formatoa, estruktura eta iraupen aldetik nahiko estandarra dela esan daiteke. Abesti zuzenak eta melodia “hipnotikoak” egiten saiatzen gara.

Zuen musikaren beste ezaugarri bereizgarri bat gitarra eta baxu garbiak dira. Ez duzue inoiz giro eta distortsioekin jokatzeko tentaziorik izan?
Momentuz ez. Momentu jakin batzutan erabiltzen ditugu overdrive-a bezalako efektuak baina modu nahiko leun batean. Hala ere, gitarrarekin gehienbat efektu ugari erabiltzen ditugu: reverb, delay, looper eta antzerakoak. Hala ere, ez dugu uste distortsiorik behar dutenik gure abestiek.

Disko honetan DJ Amsiaren erremix bat sartu duzue. Nola otu zitzaizuen horrelakorik egitea? Lehen itxura batean badirudi zuen lanek ez dutela elkar zer ikusi handirik.
Amsia aspalditik ezagutzen dugu eta, bere lana ezagututa, bagenekien zerbait kuriosoa egingo zuela. Ez genuen erremix tipiko bat nahi eta hala atera da. Batzuek gustuko dute, beste batzuk ez; baina ez da ohikoa, hori seguru.

buffalo

Diskoa Zinematik deitzen da, Zarauzko Modelo aretoan grabatu zenutelako, zuzenean. Zuen musikak, gainera, badu zinematografikotik zerbait, edo hori pentsatu dute Gure kabuz ala hil dokumentaleko egileek behintzat, soinu bandatzat hartu baitzaituztete Elkano Browning Cream taldearekin batera. Alderantzizko ariketa eginez, zuek zein irudi jarriko zeniokete Zinematik diskoko musikari? Edo zein zuzendariri deituko zeniokete irudiak sortzea eskatzeko?
Diskoko musikari jarri beharreko irudietan pentsatzerakoan, basamortuko paisaiak etortzen zaizkigu burura, irudi mantsoak, western tankerako film batenak akaso. Ez litzaiguke axolako Tarantino, Jarmusch edo Iñarritu bezalako zuzendariren batek bere filmeren baterako gure musika erabiliko balu, kar, kar!

Proiekziorik erabiltzea pentsatu al duzue inoiz?
Askotan. Buruan dugu lehenago edo beranduago zuzenekoari begira zeozer egitea irudiekin. Hain zuzen, aurreko astean lagun batekin proba batzuk egiten ibili gara proiektore batekin.

Buffalon egiten duzuen musikaren antzekorik lantzen ez duten beste musikari batzuekin ere egin duzue lan azken urteotan. Taldekide guztiek Olatz Zugastiren diskoan parte hartu berri duzue (Ur goiena, ur barrena) eta orain dela urte pare bat David eta Joanesek Txuma Murugarren eta Angel Unzurekin ere egin zenuten lan (14 abesti eta hamahiru istorio txiki). Zein izan zen zuen papera proiektu horietan eta zer ikasi duzue beraiengandik?
Rola instrumentistarena izan dela esan daiteke. Abestiak iada eginda zeuden, sortze prozesuan ez dugu parte hartu. Hori bai, norberak egin ditu bere instrumentuaren moldaketak. Egia esan, asko ikasten da proiektu eta jende ezberdinarekin jotzen, leku eta jende ezberdinaren aurrean jotzea oso lagungarria izan zaigu Buffalorekin lasaiago eta konfiantza handiagoarekin jotzerako orduan.

Bi proiektu horiez gain, Davidek Gozategi eta Benito Lertxundirekin jotzen du eta Ander Makala Jazz Funk Band taldean aritu izan da. Hain talde desberdinetan aritu izanak euskal publikoari buruzko ezagutza zabala emango zizuen. Alde handirik topatu al duzue “eszena” bakoitzeko publikoaren artean? Zein da Buffaloren publikoa?
Desberdintasun handienak jendearen adinean edota estiloan nabaritzen dira. Orokorrean publikoak errespetu handia izan ohi du hemen, bai gaztetxe nahiz antzokietan izan. Buffaloren publikoa nahiko irekia dela esango genuke, jende musika zalea orokorrean, heldua. Gazte jende gutxi ikusten dugu gure kontzertutan, kar, kar!

Hainbeste proiektu ikusita, taldekideren batek hartu al du inoiz musikatik bizitzeko hautua? Posible al da halakorik Euskal Herrian?
Momentuz, David eta Joanes Musikenen ari dira ikasketak egiten eta Ander lanean dabil telebista munduan. Oso zaila dirudi, hala ere, Buffalorekin gure lehentasuna gustuko dugun musika egitea da eta hortik aurrera datorrena ongietorria izango da. Nahiz eta proiektu ezberdinetan ibili Buffalo da gure proiektu pertsonala, non gure ezinegon musikalak islatzeko aukera dugun.

Buffalo bezalako talde batek ba al du erreferenterik Euskal Herrian ala kanpoan bilatu behar al ditu derrigorrean?
Egia da gure erreferenteak gehienbat kanpotarrak direla, amerikarrak batez ere, baina badira gustuko ditugun taldeak hemen ere. Azken urteotan panorama musikala asko ireki da.

Orain gutxi, Kafea eta Galletak estiloko egitasmo batera gonbidatu zintuzteten eta zuek aukeratutako disko bat entzun zenuten bertaratutako guztiekin batera. Chicagoko Tortoise taldearen TNT diskoa aukeratu zenuten. Antolatzaileek euskal disko bat hautatzera derrigortuko bazintuztete, zein aukeratuko zenukete?
Hirurak ados jartzea ez litzateke erraza izango!! Egia esan, disko on asko daude. Adibidez, Ruper Ordorikaren Haizea Garizumakoa borobila iruditzen zaigu.

Azkenik, zer jaten duzue Zarautz alde horretan hainbeste talde eta hain desberdinak atera daitezen?
Txokolate belgiarra batez ere, udan belgiar ugari etortzen baita herrira. Bestalde, Zarauzko tomatea ere oso ona da… eta noizean behin ur tragoxka bat itsasoan.

ETIKETAK:Angel UnzuBenito LertxundiBuffaloGozategiMakalaOlatz Zugastitxuma Murugarren