Elkarrizketa

Saioa Baleztena

2015.01.27

Saioa Baleztena

“Unea bizitzeko ideia azken muturreraino eraman dugu”

Elkarrizketa: DAMA

Euskal Herriko metal taldeen oihartzunaren aldeko borroka bizirik dagoen honetan elkarrizketatu dugu DAMA laukotea. Donezteben (Nafarroa) dute kanpamendu nagusia, Ramontxo Etxebeste bateria jolearen aitaren baratzeko txabolan, eta bertan landu dituzte, orain arte kaleratu dituzten bi lanak. Lehena Ostikoa muturrean izendatu zuten eta 2013ko azaroan ikusi zuen argia, eta urtebete geroago, erlojuari atsedenik eman gabe, eskuartean izan zuten bigarrena: Hil baino lehen. Otsailaren 7an Ondarroako gaztetxean abiatuko dute zuzeneko bira. 

Dama

DAMA taldea 2008an sortu zen Donezteben.

Nafarroatik ateratzen da DAMAren orroa, baina noiz eta nola hasi zineten?
2008an, Jon Esteben Agara –gitarra– eta Ramontxo Etxebeste –bateria– ideia bat garatzen hasi ginenean. Argi geneukan gauza bakarra gogor astinduko genuela zen, eta horri ekin genion. Bi urte beranduago Txomin Piztia –ahotsa– eta Iker Plaza –baxua– barkura igo zirenean hasi zen proiektua sendotzen. 

Taldekideak, hala ere, hainbat taldetan aritu zarete aurretik. Zertan desberdintzen da DAMA aurrekoekin?
Errugabe, Himen, Saiak eta Su Etena bezalako taldeetan arituak gara, eta talde horietan izandako bizipenek dinamika hobeago bat izaten lagundu gaitu, esperientzia irabaziz. Musika estilo aldetik, desberdintasun nabarmenenak indarra eta gordintasuna lirateke seguruenik. 

Erritmo bizia daramazue eta lehen diskoaren lehen urteurrena ospatzeko kaleratu zenuten bigarrena. Oraindik entzuteko plazera izan ez duenak zer aurkituko du bertan?
Bi diskoak bikainak dira, motzak, biziak eta elkarren artean estuki lotuak. Bigarren lan hau, hala ere, Ostikoa muturrean lehen diskoaren eboluzioa da: gure estiloa mantenduz, ekoizpen lan xamurragoa izan du prestakuntza hobeagoarekin sartu ginelako estudiora. Hitz guttitan, lan borobil eta sakonagoa dela erran genezake.

Hil baino lehen izendatu duzue. Zergatik?
“Hil baino lehen” abestia konposatzez bukatu bezain laster erabaki genuen horixe izango zela gure hurrengo diskoaren izena. Momentua bizitzeko ideia muturreraino eraman nahi izan dugu, beldurrak eta konplexuak albo batera utzi, zoriontsu egiten gaituenari ekin, eta sekula damutu gabe!

“Bi diskoak bikainak dira, motzak, biziak eta elkarren artean estuki lotuak. Bigarren lan hau, hala ere, borobil eta sakonagoa dela erran genezake”

Zer moduzko harrera izan du?
Ona, baina oraindik zabaltze lan handia egitea falta zaigu. Disko osoa sarean dago, eta bertan erantzun polita izaten ari da, baina guk garrantzia handia ematen diogu zuzenekoari, eta espero dugu hurrengo emanaldietan jendea guregana hurbiltzea. 

Disko indartsua da, baina piztiaren orroak baretzeko Petti handia aukeratu duzue.
Esperientzia hagitz polita izan da. Anitz miresten dugun musikaria da, eta guretzat ohore handia izan da berarekin lan egitea. Gainera, proposatu genion lehen momentutik baiezkoa eman zuen… Bereziki eskertzen dugu bere konpromisoa! 

Zer bilatzen zenuten bere ekarpenarekin?
Musikalki oso tinkoak edo konpaktuak gara, eta disko honek arnasaldi ttiki bat izan zezan nahi genuelako prestatu genuen Pettiren zati akustikoa. Emaitzarekin hagitz kontent gelditu gara! 

Petti eta DAMA

Bigarren diskoan Pettiren kolaborazioa izan du DAMAk. Argazkian, Jorge Mariñelarena soinu teknikariarekin.

Kontatu, nola joan zen grabaketa prozesua?
Alde batetik, ideia argiagoa genuen, eta ondorioz prestaketa hobea izan dugu. Bertzalde, material hobearekin egin dugu lan, eta horrek gauzak anitz erraztu ditu, soinua bilatzerako orduan, batez ere. 

Zenbat denbora behar izan zenuten?
Grabaketarako hiru asteburu eman genituen Jorge Mariñelarena teknikari eta lagunarekin. Ezin hobe ulertu ginen eta bere familiaren baserri zahar batean, irri artean igaro genuen grabaketa prozesua. Noski, lan serioa eginez… Kar-kar.

Zein da taldean abestiak sortzeko jarraitzen duzuen lan dinamika?
Hitz gehienak Txominek egiten ditu. Batzuetan bertzeok ere parte hartzen dugun arren, guztion artean kantak osatuz. Lan dinamikari dagokionez, entseguetan kanta zerrenda jotzen dugu lehenik, eta ondoren, dauzkagun ideia berriak lantzen hasten gara. Jon Estebenek ekartzen ditu normalean ideiak, eta denon artean finkatzen joaten gara. Nahi duguna argi dugunez ez dugu arazorik izaten konposizioan. 

Non elkartzen zarete?
Donezteben, Ramontxoren aitaren baratzaren txabolan. Badakigu talde anitzek alokairua ordaintzen dutela entsegatu ahal izateko, eta hortaz, abantaila izugarria da guretzat musutruk izatea. Eskerrak ematen dizkiogu hemendik! Hari esker sortu baikenuen 2013an, gainera, Baratzekill zigilua…

Azken bilduma irekitzen duen lehen abestian (“Odola irakitan”) argi uzten duzue Nafarroatik mundu osora zabaldu nahi duzuela DAMAren garrasia. Zuzenekoetan ere Euskal Herritik kanpo jotzea aurreikusten duzue?
Ez da gure helburu nagusiena. Noiz edo noiz aukeraren bat izan dugu, baina konpromisoak tarteko, ezinezkoa izan zaigu orain arte. Hala ere, prest gaude Euskal Herritik kanpo jotzeko, eta baditugu zenbait ideia eskuartean…

“Herrietako taldeok zailtasun gehiago izaten ditugu hedapenari dagokionez, hirietakoekin alderatuz gero. Gaur egun, hala ere, sarearen bitartez norberak bilatu behar du bere oihartzuna”

Momentuz kontzertu biran murgilduta zaudete, behintzat. Nola baloratzen duzue metalaren egoera Euskal Herrian?
Jakina da dagoeneko, metalak gainontzeko hainbat estilo baino eszena murritzagoa duela orohar, eta Euskal Herria ez da salbuespenik. Hala ere, publikoa badagoela uste dugu; publiko horri heldu nahi diogu eta kontzertu anitz jotzea da modu bakarra. 

Bertako taldeek nahikoa oihartzun duzuela errango zenukete?
Herrietako taldeok zailtasun gehiago izaten ditugu hedapenari dagokionez, hirikoekin alderatuz gero. Gaur egun, hala ere, sarearen bitartez norberak bilatu behar du bere oihartzuna, eta horri garrantzia ematen diogu. 

Zein da gakoa?
Gure kasuan, promoak eta bideoak egiteak laguntzen gaitu, Facebook, Youtube, Bandcamp eta gisa honetako euskarriak funtsezkoak baitira edozein musikarirentzat. 

Promozio lan handiagoa behar al du metalak zentzu honetan?
Bertze estiloek baino babes gutxiagoa dugu, noski. Dena den, Euskal Herritik kontzertuak emanez dezente mugitu gara, eta harrigarria da zenbat talde makarra dauden hortik! Hortaz, metala gustoko duen jende anitz badago, eta elkarrizketa hau adibide bat izan daiteke, babes hori izateko.

Metal taldeen lana sustatzeko ekimenak badira gaur egun, nagusiena bertzeak bertze, Herriko Burdina webzinea. Zein iritzi duzue egiten duen lanaren inguruan?
Eurekin oraindik parte hartu ez dugun arren ezagutzen dugu, eta izugarria iruditzen zaigu egiten duten lana, funtsezkoa baita gure gisako taldeentzat!

promo555

Baratzekill zigilua sortu du DAMAk bere diskoak argitaratzeko.

Tira, goazen zuen lanen diseinuari erreparatzera. Izan ere, bereziki zaintzen duzue. Lehen diskoan Xabi Sagastaren marrazkiak erabili zenituzten, eta oraingoan Mikel Larratxerenak…
Hala da bai, irudiari garrantzia ematen diogu, bertze guztiari bezala… Sobera ez dakigun gaietan, horrelako adituen laguntza izatea luxua da guretzat!

Emaitzarekin pozik gelditu zarete?
Noski! Biak lan izugarriak dira, genituen ideien garapen bikaina egin dute. Euren lana egiteko askatasuna eman genien artista hutsak baitira, eta meritu latza dute. Guretzat garrantzitsuena biek gurekin lan egiteko zuten motibazioa izan da, proiektua asko gustatu zaie, eta erabat murgildu dira…

Dama

Mikel Larratxek egin du ‘Hil baino lehen’ diskoaren azala.

Etorkizunari begira zein dira zuen erronka nagusiak?
Lehendabizi Hil baino lehen zabaldu eta kontzertuak jo nahi dugu, eta momentuz ez dugu bira amaitzean gertatuko denean pentsatu. Auskalo! Orain indartsu sentitzen gara eta zuzenekoetan jarriko ditugu indar guztiak, baina seguru gaude etorkizunean ere lan berriak iritsiko direla!
 
Amaitzeko, datozen egunetan non ariko zarete?
Otsailean abiatuko dugu kontzertu bira, eta orain agenda betetzen ari gara. Otsailaren 7an Ondarroako gaztetxean, otsailaren 21ean Bilboko Rozzalino Rude aretoan, eta martxoaren 6an Berako Kaxerna gaztetxean ariko gara. Edonola ere, gure kontzertuen berri izan nahi duenak sartu dadila gure Facebook orrira!

ETIKETAK:DamaPetti