2022.11.19
Ni bakarreko enborra, bi ahotsetan adarkatuta. Igor Elortza bertsolariak eta Rafa Rueda musikariak sortu dute Anonyme Popular proiektua, eta disko-liburua kaleratu dute orain Zart kolektiboarekin. Plazak eskaintzen zion bat-batekoaz harago joateko gogoz zen Elortza, bederatzi bertso sorta idatzi, eta musikara moldatu ditu orain testu horiek, lehenengo Zazpi eskale izeneko proiektuan, eta gero, Gu ta Gutarrak taldean egin bezala. Ruedarengana jo du horretarako, eta hip-hop, pop, bachata zein funk doinuetara eraman ditu hark hitzak. Bertso jarriak, musika eta ikus-entzunezkoak uztartzen ditu lanak, eta hori guztia zuzenekoetara nola eraman darabilte orain buruan. Urtarrilaren 29an egingo dute lehen aurkezpen publikoa Azpeitiko Soreasu antzokian (Gipuzkoa). Oier Zuñiga antzerkigilea hartu dute bidaia lagun horretarako, eta Alvaro Olaetxea musikaria ere izango dute ondoan saioetan. Lana definitzeko eskatuta, azalpen luze bat eman dute lehenik, eta erantzun labur bat ondoren: «Ez dakit». Eta ardura handirik ere ez horregatik.
«Lehen gutarra nintzen,/ orain nitar nago». Mundumoduinmundu izeneko abestia sareratu zenuten lehenengo proiektua aurkezteko, eta lehen bertsoko esaldi horrek laburbil dezake proiektua. Erreferentzia egiten diolako Gu ta Gutarrak proiektuari, eta lan osoa gurutzatzen duelako nitasunaren eta gutasunaren arteko tentsio horrek.
IGOR ELORTZA: Bi edo hiru faktore gurutzatzen dira hor. Plazako jardunarekin izan nuen krisitxo bat, edo atseden falta bat, bestelako modu batzuetan berba egin ahal izateko. Gero, justu dator pandemia, eta harrapatzen du bakoitza dagoen moduan, eta ni harrapatzen nau 45 urterekin: bizitzaren erdian, kasurik onenean. Denoi eragin digu gogoetatu beharra, eta hortik dator asko ni-tik hitz egitea, nahiz eta ez gai estriktoki pertsonalei buruz aritu. Denok bizi dugu tentsio hori, geure buruari begira egote moduko bat, eta, aldi berean, premia moduko bat ere kolektiboarena. Esaldi horretan nik hori dena ikusten dut.
Nondik dator plazako krisi hori?
ELORTZA: Batetik, urte asko direlako, eta, bestetik, Gu ta Gutarrak haren ostean, niri behintzat, kostatu egin zitzaidan berriz egitea bat-bateko ibili horretara. Premia nuen bat-batekoak dauzkan mugetatik askatuago aritzeko, norbere ikuspegitik eta modu pausatuago eta gogoetatuagoan, hitzei ere beste zorroztasun bat bilatuz. Hori plazari eskatzea inposible bat da, eta, segurutik, hori gehiago zen gauzak beste era batera egiteko nire premia bat, eta ez plazaren problema bat.
Plazarekin krisian den bertsolari bat, eta musikagintzaren krisi betean dabilen musikari bat.
RAFA RUEDA: Sorkuntzan ez gaude krisian, baina argi dago merkatu deitu dena eraldaketa prozesu betean dagoela.
Nola jaso zenuen Igorren deia?
RUEDA: Komentatu zidan zer zeukan buruan, eta testuak irakurrita kolpea hartu nuen. Ez nuen espero horren zintzoak eta gordinak izatea. Iruditu zitzaidan oso ariketa ausarta, eta nitasun hain nabarmenetik idatzita egoteak biderkatu egiten zuela euren indarra. Hainbat momentutan neure burua ere ikusi nuen islatuta, eta, gainera, segituan ikusi nuen gure belaunaldiko jendearentzat oso-oso gertuko hitzak zirela. Lehen unetik pentsatu nuen haietako batzuk oso-oso ederrak zirela. Oso luzeak ere bai musikatzeko [irribarrez], eta bilatu behar izan dugu hori musikalki entzungarri egiteko bide bat.
Testu horiek ahalik eta kanten bilakatzea izan da erronka?
RUEDA: Bai. Igorrek bazeuzkan ideia batzuk ere, eta bertso batzuk deklamatuta pasatu zizkidanez, horrek erraztu egin du bilaketa.
Musikan igartzen dira zure unibertsoaren adar horiek: musika elektronikoa, pop kutsuko kantak, funk doinuak, bachata bat…
RUEDA: Lan hau ez dakit nola defini daitekeen.
Zuk baduzu definizioa?
ELORTZA: Hasieratik mezua izan zen, ez gaitezen jolastu, baina izan gaitezen ausartak. Ez nuen errepikatu nahi orain arte antzeko proiektuetan egindakoa. Eta ez dakit egindakoa definitu beharrik dagoen ere, nik neuk topatu diodan definizioa hau da: ikus-entzunezko bertso berriak.
Zergatik?
ELORTZA: Hasieratik asmoa izan delako kantak Youtuben zabaltzea, eta egotea hor hitzak, musika eta irudia; hori delako musika zabaltzeko egun gehien erabiltzen den kanala, eta hori delako, bertsoen ikuspegitik ere, garai honetako formatua. Garai batean bertso paperak zeuden bezala, eta gero bertso kaseteak eta bertso diskoak, eta gero bertso musikatuak, orain hori da kanala. Baina disko-liburuan ere batu nahi izan dugu diseinu txukun batekin. Beraz, nola definitu proiektua… Ez dakit.
Erantzun bat da hori ere.
RUEDA: Asmoa izan da open mind esaten dioten jarrerarekin aritzea. Bere testuak jaso ostean, oso modu intuitiboan joan da dena, ez aurrez pentsatutako estetika baten bila joan nahian. Pin-poneatzen aritu gara, oso prozesu polita izan da, eta nahiz eta piezak Igorren oso barrutik ateratako testuekin eraiki diren, ni ere banago bere testuetan, eta oso niretzat egon naiz lanean ni ere.
ELORTZA: Bertso sortak idatzi nahi nituen, eta horretan zurruna izan naiz. Musikara pasatutakoan, denbora batera egokitu behar zutenik edo gehiegi luzatuko zirenik pentsatu gabe. Eta horrek, gainera, kantu modura ere funtziona zezan egin du lana Rafak.
Testuetan Igor da mintzo dena, nabarmen, lehen pertsonan. Baina Anonyme Popular da proiektua eta ahotsaren trataeragatik, batzuetan, ez da erraz errekonozitzen haren ahotsa denik. Hori hasieratik zenuten argi, edo gertatu egin da?
RUEDA: Gertatu egin da. Behin jolasten hasten zarenean, batzuetan hari batetik tiratzen hasi, tira egin, ez dakizu non bukatuko den, eta hariak berak eramaten zaitu leku batera edo bestera. Izan zitekeen proiektu bat buelta asko behar zituena, oso testu luzeekin, neurri errepikapenekin… Hori dena musikaren lengoaian dinamiko egitea izan da erronka, eta, lanean hasterakoan, testuak oso malgu ikusten nituen, eta pixkanaka joan dira eratzen. Ez da behar izan buelta handirik.
Azkar joan da orduan?
ELORTZA: Baietz uste dut. Otsailean hasi ginen, eta ekainera bitarte sortu dira kantak.
RUEDA: Lanean martxoan hasi ginen kasik.
ELORTZA: Nahiko arin joan da. Intentzio batzuk bazeudelako izan da hori, eta, aldi berean, zabaltasun bat. Bizi dugun garaiaren eragina ere bada, baina nik uste dut lehen askoz ere zurrunagoak ginela, estetikoki edo bertsoak nola egin behar diren pentsatzean, esaterako, eta, aldiz, jolaserako oso garai onak dira. Batetik, hori, eta, bestetik, eta berriz ere adinera noa baina uste dut gu gaudela adin batean edo total akobardatzeko edo total ausartak izateko, edo horrelako zerbait, eta, zorionez, ausartzea eta jolastea aukeratu dugu.
RUEDA: Ideia planteatu zidanean, eta buruan zer data zerabilen esan zidanean, nik pentsatu nuen flipatuta zegoela. Ez diot esan orain arte… [Barreak]. Ez nion esan ezetz, eta lanean hasi eta, ba bai.
Biek konpartitzen duzue zuen diziplinaz kanpoko sortzaileekin elkartzeko joera.
RUEDA: Ezinbestean.
Ofizioak bultzatuta?
RUEDA: Bai, eta gure kulturaren nondiko norakoak ere hala eskatuta. Kontaktu horretara behartzen zaitu, eta beste diziplinetako artistekin lan egitera ere bai. Oso gutxi gara, eta denok ezagutzen dugu elkar. Orain, agian, ohikoagoa da diziplinartekotasun hori, baina, diziplina edozein dela ere, arazo berak ditugu denok. Sortze lana bera ere, batzuetan, oso antzekoa da, eta oso modu naturalean bizi izan dut hori.
ELORTZA: Nik nire zentroa bertsoetan ikusten dut, eta beste diziplina eta beste proiektu batzuetan ibilita ere, beti saiatu naiz pentsatzen besteetatik zer eroan edo ekar nezakeen bertsoetara. Gauzak beste zelanbait esateko beharra ikusten duzunean, beti jotzen duzu begiratzera ea beste zerk lagundu ahal dizun. Gainera, musika da niretzat nire bigarren zaletasun handiena, eta, zehazki, zuzeneko musika. Proiektu batzuetan ebidentea da hiru edo lau diziplina nahasten zabiltzala, baina, gero, igual zaude Bilboko Plaza Barrian a cappella bertsotan, baina zeure buruan badaude irakurritako poema batzuk edo landutako antzezlan bat ere, nahiz eta zu zurrun egon. Bakarlari bat oso literaturazalea denean igarri egiten zaio, eta oso dantzazalea edo oso antzerkizalea denean ere bai.
Jaio orduko eta Baina heuk be badakik dira laneko piezarik biluzienak. Euskal gatazkaz ari da bata, eta feminismoak eraginda, zeure burua berriz kokatu beharraz bigarrena.
ELORTZA: Ulertuko duzunez, egun bat egon naiteke kanta horietako bakoitzari buruz.
Lotuta daude bi kantak nolabait, halere, ez?
ELORTZA: Bai, bietan dago oinarrian zintzotasun erradikal samar bat. Uste dut bai gai batean bai bestean horretarako sasoiak direla. Zalantza garai batean bizi gara, eta ni, momentu honetan, ez naiz kapaz ez gai bati ez besteari buruz beste pertsona batean hitz egiteko. Ausartagoa eta ausartegia irudituko litzaidake zu-ka edo gu-ka hitz egitea bi gai horiei buruz. Nik momentu honetan daukat esateko nik bizi dudana.
Hala hasten da Jaio orduko. «Jaio orduko, gu bat/ nintzen ni jadanik,/ ez den herri bateko/ haurra izanik./ Zauri bat jaso nuen/ zaharragoengandik:/ zilborrean orbaina/ hor daukat oraindik./ Halako iraganik/ geroratzen lanik/ hartu izanak nik/ ia umetandik,/ mundurako leku bat ere eman dit».
ELORTZA: Esango nukeena da… Ez dakit… [Hitz zehatzak hautatzen] Ba, ni neu ere deseroso jardun naizela, baina aldi berean eroso, pixka bat askatzeko ere balio izan didalako. Uste dut, batetik, beldur pixka bat dagoela gai horri buruz gordin hitz egiteko, eta premia pixka bat ere bai. Eta, bestetik, badago joera orokor bat gatazkarena dramaren parametroetan planteatzeko, eta drama batean beti daude biktimak eta biktimarioak, eta erosoago kolokatzen gara denok gaiztoak eta onak dituen kontakizun horretan, baina nik uste dut tragedia modura ere uler daitekeela, dramak marrazten duen bitasun hori baino zabalagoa delako kontua, gehiago edo gutxiago, honek denoi eragin digun neurrian. Uste dut, baita ere, gaizto batzuk seinalatzen dituen irakurketa bat dela nagusi, eta ni ez nator bat irakurketa horrekin, eta kontakizun hori egin nahi nuen. Zintzotasunetik. Leziorik eman nahi gabe, baina, aldi berean, aipatuz eskertuko nukeela zintzotasun hori tragedia horren parte izan diren beste batzuen aldetik ere.
Eta hau dio Baina heuk be badakik kantaren bukaerak: «Onartik lenaukue/ komodue zana,/ ta beti azertetan/ ohitu ein hintzana./ Oin dana duk dudie/ ta kontraesana».
ELORTZA: Duela hamar urte gutxi batzuek bakarrik ikusten zuten, eta gaur egun hain garbi dago… Azken hamar urteotan, gure belaunaldiko gizon ia denoi eta ez emakume gutxiri gertatu zaigu, zorionez etorri den feminismoaren olatu honekin, geure burua oso berdinzaletzat geneukan arren, konturatu behar izan dugula hortik oso urrun gaudela gure egunerokoan. Deserosotasun pilo bat etorri zaizkigu horrekin eta baita galdera asko ere, eta ispiluaren aurrean egin beharreko galderak izan dira, gainera. Eta horrekin batera, baita berritu eta hobetu behar bat ere. Kolpe hori etorri da jada adintxo bat daukagunean, eta ibilbide bat eta hanka sartze batzuk ere bai, baina baita adin on batean ere, bere deserosotasun guztiekin ere, hobeak izateko, zer edo zelan esanda, horretarako prest egonez gero. Eta jakinik hori nor bere buruaren kontrako borroka bat dela.
Musikan ere sentitu duzue birkokatu behar hori?
RUEDA: Bai, bai. Ez da diziplina honi edo hari dagokion zerbait, askoz ere orokorragoa da. Gauzak bere onera etorri behar dira inoiz. Zure lekutik, jarri, ikasi, eta birkokatu, eta aurrera egin.