2024.07.18
Iruñegrado hotz batean, prekarizazioak, alokairu garestiek, polarizazioek eta brutalismoak bakarrik ahalbidetu dezakete Bris bezalako proiektu bat. Hori dario taldeari: zurruntasuna, korporatibismoa (abizena corp. dute, ez talde, adibidez) eta, zergaitik ez, alienazioa. Erritmo martzialak, ahots distortsionatu eta ezkutuak, sintetizagailuak, baxu boteretsuak eta delay-z gainezkako gitarraren bat dira ondorioa. Taldekide bat europa ekialdeko jatorria izateak ez dauka erlaziorik, izan ere ez gara modako post punk errusiarrera arte heldu behar erralitate hori ulertzeko: post punk hotz eta etsitutako taldeak Latinoamerikan ere badaude eta. Beraz, Nafarroan ere horrelako zantzuren bat topatzea denbora kontua besterik ez da izan, batez ere azken urteetako loraldiak ahalbidetu duen estilo zabalera eta gero. Hor sortu zuten Adam Kozinski eta Julen Cambrak Bris aurreikuspen handirik gabe, hala ere, horrelako proiektu baten existitze hutsak asko esan nahi du.
2023ko urrian lau abestiz osatutako lehen lana argitaratu zuten, guztiz autoekoitzi eta editatua. Aurtengo martxoan, Hira kaleratu dute, beste lau abestiz osatutako EPa. Lehendabizikoa punkagoa dela esan dezakegu, gitarra askorekin, ahots urratuekin eta Oi!etik hurbil egon daitezkeen melodiekin. Portadak ere arrasto berdina du. Kolore urdinetan, mailu batek kristal bat apurtzen duenaren adierazgarri, lehenengo bistan deigarri egiten da. Bigarrengo lan hau ilunagoa da, artelanetik hasita (Adam Kozinski taldekideak egiten du arte guztia, oso zaindua, abesti bakoitzerako artelanarekin): letra, karratu, zuri eta beltzez sortutako kaleidoskopio brutalista. 80ko hamarkadako coldwave-etik edo Electronic Body Music-etik edaten du gehiago disko honek. Erritmo zurrunagoak, sinte eta soinu digital askoz gehiago, eta ahots neurtu eta atmosferikoagoak. Azkenean, bi lanek dirudiena baino gehiago komunean dutela deskubrituko ote dugu? Dena dela, bikoteak argi du zein den bere lekua, egiteko era eta etorkizuna, eta hori ez du industria, eszena edo moda batek aldatuko.
Nola elkartu zineten? Osaketa hasieratik argi zenuten edo egoerak bultzatuta egin zenuten? Nondik dator izena?
Adam Kozinski eta Julen Cambra gara. Bris izena Julenen aspaldiko lagun bati bururatu zitzaion, liburu batean irudi bat ikusi ostean. Lan erreforma onartu zuten 2016ko ekainaren 14an, eta protesta egin zuten askok Parisen. Hamaika eskaparate eta erakusleiho apurtu zituzten manifestariek, eta pintada batek ekintzei egiten zien erreferentzia, bai eta Cincuenta Sombras de Grey liburuari ere, orduan entzutetsua izan zena. Hitz jokoa egin zuen grafiteroak: 50 nuances de BRIS zioen pintadak. Bris hitzak haustura edo apurketa esan nahi du; beraz, Hausturaren 50 itzal bezala itzuli daiteke pintadaren esanahia.
Zein da proiektuaren abiapuntu musikal eta kontzeptuala? Sortzeko metodoa aurkitu duzue? Zein da?
Post-punka, Darkwave, EBM eta Olatu Hotza (coldwave, ingelesez) bezalako generoak dira gure inspirazioa. Bateria elektronikoek, sinteek, gitarra zein baxu elektrikoak, ahots ilunak eta erreberberatuak ezaugarritzen dituzte genero hauek, besteak beste. Hamaika talde aipatu genitzazke: Molchat Doma, Boy Harsher, Blitz… eta Itoiz. Talde hauek ez ezik Europako ekialdeko soinuak ere gustoko ditugu, eta bigarren EPko kantetan igartzen dela esango genuke, bai eta lehen EPko Jasny i Gotowy kantan ere.
Sortzeko metodoari dagokionez, orain arte aldizkakoa da, txandaka ia-ia. Etxean ideiaren bat konposatu (bateria, sinteak eta gitarra edo baxu riffen bat) eta entsegu lokalean lantzen dugu gero. Etxean lantzen jarraitzen dugu, halere. Prozesuaren lehen pausu hau Adamek zuzentzen du, batez ere. Behin kantak konposatu ditugula soinu-diseinuan zentratzen da Julen, sampleak hautatzen, nahasten, sinteak moldatzen… eta abar. Ondoren etxean grabatu eta nahasten dugu, eta Ibon Larruzearen Euridia estudioan masterizatu dugu.
Musika, irudi eta hitzek hotza eta iluntasuna islatzen dute; intentzio gogorra du lanak. Zeintzuk dira zuen erreferenteak horretarako? Uste duzue momentu ilun eta hotz batean gaudela edo gizarteak ahalbidetzen duela nolabait?
Erreferente aldetik talde batzuk aipatu ditugu jada… Baina Joy Division, The Cure edota Soft Kill aipatu dezakegu.
Hasteko, tristurari abesteak edo musika iluna egiteak ez du esan nahi ez egun osoan triste gaudenik, ez munduarekiko ikuspegi ezkorra uneoro dugunik. Badira alaitasunari, borrokari, etsitasunari, tristeziari eta abar luze bati abesten dioten kantuak. Une batean ala bestean pentsatu, bizi edo sentitu dugunaren isla besterik ez dira kantuak.
Gure generoa iluna da oso, eta ohikoa da tristezia eta amorrua abestien abiapuntu izatea. Baina tristeziatik abesteak ez du esan nahi horretara mugatzen garenik, edo entzulea tristezia horretan barrena murgiltzea eta betiko katramilatzea nahi dugunik. Iluntasunaren, amorruaren eta tristeziaren bidaide dira kantak, eta dolua izan ondoren, aurrera egin behar dugu. Bizitzaren ajea da dolua, baina baita beharrezkoa ere.
Momentua iluna dela esan genezake, bai, gazteon etorkizuna iluna baita. Hainbat dira arrazoiak: lan- baldintzen kaskartzea eta ordainsari miserableak, emantzipatzeko zailtasunak, askatasun politikoen urraketak, bizitzaren garestitzea, arrazismoa, faxismoaren gorakada, errepresioa, krisi kapitalistak, aldaketa klimatikoa… Baina 90. hamarkadako gazte euskaldun batek ere ilun ikusiko zuen geroa. Anestesia-ren Bizitzara zigortuta (1993) kantaren hitzak berreskuratu ditzakegu:
Nire bizitza kontrolatzen dute
nik ahal dudan bezala defendatzen
nire denbora pixkanaka amaitzen
eta proposatutako helmuga ez dut ikusten
BIZITZERA ZIGORTUTA
Etrokizuna beltza aurkezten da
ilunpean eguzki dizdira
nola ikusiko dut argitasuna
begiak estatlita baditut munduaren aurrean
Hitz batean, miseriak ezaugarritzen du sistema kapitalistak. Bizitza biolento, hertsatzaile eta zapaltzailea, finean. Baina aspaldiko garaiekin alderatuta, despolitizazioak ezaugarritzen du ere gure garaia.
“Ez diogu geure buruari erritmo jasanezina inposatu nahi eta, gainera, gure musika ez da oso txozneroa”
Kontzertu gutxi egin dituzue eta orain bigarren lanarekin zatozte. Zein da taldearen helburua? Jasangarri ikusten duzue (ez bakarrik ekonomikoki) asko argitaratzea edo bira luzeak egitea (egun industriak duen abiadura)?
Elkartu eta kantuak egiten hasi ginen. Horietako batzuk tenpo azkarragoak, gitarreroagoak eta dantzagarriagoak ziren; besteak, ordea, ilunagoak ziren eta sintetizadoreek nagusitasun handiagoa zuten. Ez genuen EP edo diska oso eklektikoa egin nahi, beraz, bi EPtan banatu genituen geure kantak: Errautsiko dira hiriak (2023ko iraila) eta Hira (2024ko martxoa) publikatu genituen.
Kontzertu gutxi egin ditugu bi disken artean. Ez diogu geure buruari erritmo jasanezina inposatu nahi eta, gainera, gure musika ez da oso txozneroa. Hasiberria den talde batentzat aukerak mugatzen ditu horrek ere, ezagutzera emateko aukera ona baitira jaiak. Halere, Euskal Herriko hainbat txokotan egon gara, gaztetxeei esker batez ere. Sara, Zarautz, Barañain edota Ataungo gaztetxeetan egon gara, eta Aitzinan ere jo genuen urtarrilean, Egun Motelak kolektiboaren lehenengo edizioan. Etxean sentitzen gara horrelako lekuetan, eta gure musikak gaztetxeetan eta antroetan du lekua, gure ustez.
Industriari dagokionez, gaur gaurkoz ez dugu profesionalizatzeko asmorik, beraz, ez dugu bira luzeak egiteko behar handirik. Baina argi dago industriaren abiadura oso azkarra dela, eta musikariek exijentzia gehiagori aurre egin behar diotela. Elementu bisualak faltan ditugula esan digute behin baino gehiagotan; hots, bideoklipak, reelak, instako storiak etabarrak ez ditugu apenas igotzen, eta gaur egun behar-beharrezkoak omen dira audientzia elikatzeko. Marketing kontu horiekin ez gara oso trebeak, EPak eta kartelak artelanez josita dauden arren.
“Ahotsak lurperatu ditugu, distira galdu du gure soinuak eta sinteak nagusitu dira”
Bigarren lan honetan garapen nabarmena dago. Zein? Aurkeztu pixka bat. Gauza berriak frogatu dituzue? Zer islatzen saiatu zarete? Gustora geratu zarete?
Asko ikasi genuen lehen EParekin. Masterizazioa izan ezik dena etxean egiten dugu: grabaketa, ekoizpena eta nahasketa. Julenek egiten du hori, eta Adamek taldearen artelana egiten du. Musikari dagokionez, soinu ilunagoa eta propioa lortu dugu azken EP honetan. Ahotsak ez dira hain melodikoak, eta ez dugu oihurik egiten. Darkwave eta Olatu Hotza estilotara gerturatu gara, eta gustora gaude horretan. Ahotsak lurperatu ditugu, distira galdu du gure soinuak eta sinteak nagusitu dira.
Gauza berriak frogatu ditugu, bai. Bateriaren soinu dentsoagoa lortzen saiatu gara, eta sinteek protagonismoa hartzeak nahikotxo aldatzen du nahasketa eta ekoizpena. Gitarra eta baxua dira aldatu direnak, batez ere, Hira edota Haize eza bezalako kantetan sinteak hornitu eta inguratzen dituzte instrumentu hauek, lehen lerroan egon baino.
Ahotsari dagokionez ere aldaketak egon dira. Aurreko EPan ahotsak oso garbi grabatu genituen, kalitatezko mikrofono batekin. Oraingoan, aldiz, zintazko mikrofono merke bat erabili dugu. Distortsionatzen da, ez du apenas agudorik, eta oso soinu sudurkaria du; eta are gehiago, distortsionatu eta chorus-a eta bestelakoak jarri dizkiogu. Estiloarekin bat egiten dugula uste dugu, nahiz eta kalitatea galdu den (edo kalitatea galtzeak, nahi bada, on egin digu). Tailerra eta kronometroa edo Haize eza kantetan agerikoa da hau. Ibon Larruzeak masterizazioan egindako lana nabarmentzekoa da hemen, kanten soinua homogeneizatu baitzituen, han eta hemen distira kendu zien kantuei, unibertso berdinean jarriz.
Esan bezala, kantu ilunagoak dira Hira EP-koak. Aurrekoak borrokara dei egiten zituzten kantak bazeuden ere, honek tristura kutsua du. Nieznajomy (arrotza, polonieraz) kantan, adibidez, “ezezagun bat dago etxeko atarian” errepikatzen da, behin eta berriro. Ezezaguna narratzailea bera dela aditzera ematen da azkenean: “ez dut nire burua ezagutzen”. Tailerra eta kronometroa kanta, berriz, Txinako Foxconn lantegiko langile baten poemetan oinarrituta dago. Lan eta bizi-baldintza kaskarrak zituen beharginak, eta bere buruaz beste egin zuen. Bere poemen hitzak baliatu genituen, Benjamin Coriaten entsaio baten tituluarekin batera (“Tailerra eta Kronometroa. Fordismoa, Taylorismoa eta masa-ekoizpenari buruzko saiakera”). Haize eza Dut taldearen kantaren bertsioa da eta, azkenik, Hira kanta astronauta bati eginiko elkarrizketa batean oinarrituta dago. Astronautak perspektiba efektua deituriko gaitza zuen, eta depresioak hartu zuen espaziotik itzultzean, ondokoa zioen: “Huts ikusi nuen, hotza eta iluna, dena biltzen duena”.