Elkarrizketa

“Trikitiaren errealitatea ez dator bat gizarteak irudikatzen duenarekin”

Elkarrizketa: Gontzal Carrasco

Baserri munduarekin eta gizonekin lotu izan da batez ere trikitia. Eta, arrazoi horrengatik, gutxietsia ere izan da sarritan. Gaur egungo ikuspegia zein den aztertzeko, trikitiaren egoera eta iruditeria kolektiboa ari da ikertzen Gontzal Carrasco (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1995). Historian graduatua da, eta doktoretza tesia egiten dabil orain, Estitxu Garai irakaslea gidari duela.

(Iratxe Etxeandia)

(Iratxe Etxeandia)

Trikitiaren ibilbidea eta iruditeria kolektiboa ikertzen ari zara doktoretza tesian. Nondik datorkizu gai horrekiko interesa?

Betidanik eman izan dit arreta ikerketaren munduak, eta trikitilaria ere banaizenez, biak uztartzea interesgarria iruditu zitzaidan. Instrumentutik harago, kultura bezala ulertzen dut trikitia; euskal nortasunean pisu izugarria du. Zein ikuspuntutatik helduko nion erabakitzea izan da zailena; izan ere, trikitiak ez du ikerketa ekoizpen askorik jaso.

Trikitiaren bilakaera historikoaz gainera, haren pertzepzio orokorra zein den jakin nahi duzu.

Hori da. Jendeak, oro har, trikitia nola hautematen duen ikertzea da asmoa. Hau da, ea oraindik ere gizonen munduarekin, tradizioarekin, baserri giroarekin… lotzen den ala ikuspegia aldatu den. Trikitiaren inguruan dagoen egungo argazkia erakutsi nahi dut.

Gaur egun zein da egoera? Aldatu da ikuspuntu hori?

Oraindik ez naiz ikerketarekin hasi, baina susmo edo hipotesi nagusia hau da: azken urteotan trikitia asko hedatu bada ere, jendeak oraindik ere baserri giroarekin lotzen du.

Eta, pertsonalki, hautematen duzu hori?

Oxabi erromeria taldeko trikitilaria naiz, eta iruditzen zait erromeriak nahiko errotuta daudela euskal gizartean. Hala ere, sorkuntzaren ikuspegitik ere badu bere lekua trikitiak. Horren adibide dira Esne Beltza, Neomak, Joseba Tapia… Askotan esaten da trikitia gaur egun ez dagoela presente, baina ez da izango trikiti tradizionalak presentzia gutxiago duela edo beste era batera garatuz joan dela? Iruditzen zait trikitiaren errealitatea ez datorrela bat gizarteak irudikatzen duenarekin.

Trikitia asko zabaldu da azken urteotan. Beharrezkoa da tradiziotik aldentzea eta estilo berrietara zabaltzea?

Postmodernismoaren eraginez, zaila da tradizional edo moderno adierak definitzea; baina, zalantzarik gabe, tradizioarekin hautsi behar da. 1980ko eztandan, esaterako, oso berritzailea zen Laja eta Landakandak edo Maixa eta Ixiarrek egiten zutena, baina, gaur egun, doinu tradizional gisa hartzen dira horiek. Etengabe ari da garatzen trikitia, eta hori oso aberasgarria da.

Gazteek entzuten al dute trikitia?

Egon badaude trikiti taldeak, baina mundu globalizatu honetan, klik batera daude munduko musika guztiak. Agian ez da trikitiagatik soilik, euskal kulturarekin gertatzen den zerbait da, oro har.

Txiotesian parte hartu zenuenean, trikitia gaizki saltzen dela esan zenuen. Zergatik?

Komunikabideek rol garrantzitsua dute gizartean, eta iruditzen zait trikitiaren alderdi jakin bat baino ez dela erakusten horietan: baserri munduarekin lotura duen trikitia. Hortaz, gure pentsaera ere horretara bideratzen dute: trikitia berdin baserria. Ertz guztiak ikusarazi behar dira, funtsezkoa da beste errealitate batzuk erakustea, eta, hala, beste iruditeria bat eraikiko da.

ETIKETAK:Gontzal Carrasco