2021.10.16
Ekaitzaren bezperako lasaitasun bisaia nabari zaie Jamixel Bereau, Bixente Etxegarai eta Xan Errotabehereri, Kalakan taldeko musikariei. Lehertzear dagoen ekaitzak, ordea, perkusio eta txalo hotsa du, trumoi burrunbaren ordez: Euskadiko Orkestrarekin aurkeztuko dute Kalakan eta Euskadiko Orkestra disko berria.
Astelehenean kaleratuko dute lan berria, ostean bost aurkezpen emanaldi egiteko: urriaren 20an, Iruñeko Baluarten; 21ean, Gasteizko Principal antzokian; 22an, Bilboko Arriagan; 23an, Donibane Lohizuneko Jai Alain; azaroaren 5ean, azkenik, Donostiko Kursaalen. Dezibel zurrunbiloaren aurreko isiltasunetik mintzo dira hiru taldekideak.
Nondik dator Euskadiko Orkestrarekin egin duzuen elkarlana?
Lehenik eta behin, aipatu behar da Euskadiko Orkestrarekin Gabriel Erkorekaren Zuhaitz obra interpretatu genuela, duela zenbait urte. Azken proiektuari dagokionez, jakin bagenekien Euskadiko Orkestrak egile batzuekin diskoak egin zituela, eta interesgarria iruditzen zitzaigun. Azken batean, gure erosotasun eremutik ateratzen gaituen proposamena da, eta horrek musikari gisa eboluzionatzera garamatza, alegia, ikastera.
Zer aurkituko du entzuleak lan berri horretan?
Eskaintza horrek gure hamar urteko musika ibilbidea laburbiltzen du. Jamixelek eta Jagoba Astiazaranek [orkestra konponketen arduradunak] zuzendu dute proiektua, xede argi batekin: Kalakanen ohiko errepertorioa sorpresa batzuekin uztarturik eskaintzea.
Zein motatako zailtasunekin egin duzue topo entseatzeko orduan?
Lanean hasteko, moldaketak jaso genituen; gero, grabatu aurretik, orkestrarekin entseatu genuen, partitura aldetik guztia txukun zegoela ziurtatzeko. Gainera, bai gu, bai orkestra norbere aldetik lanean ibili gara, dena ondo lotuta izateko. Zailtasunei dagokienez, ez dira asko izan: kontu teknikoak eta metodologia. Izan ere, orkestrak eta guk lanerako metodologia zinez desberdinak ditugu, eta molde horiek uztartzea konplexua da batzuetan. Dena dela, modu naturalean atera da dena.
Euskadiko Orkestrarekin Madrilen jo zenuten lehenengoz; orain, Hego Euskal Herriko hiriburuetan joko duzue. Esperientzia berbera al da zuentzat, ala desberdin bizi duzue?
Madrilekoa bizipen izugarria izan zen guretzat, ordura arte ezagutzen ez genuen maila batean. baina aitortu behar dugu Euskal Herrian estreinaldi hari ez zitzaiola jaramon handirik egin, eta Madrilen, berriz, uste baino esanguratsuagoa izan zela.
Juanjo Menaren orkestra zuzendaritzapean ibiltzen hasi, eta Juanjo Oconen zuzendaritzara pasatu zarete; zer azpimarratuko zenukete gidari horren inguruan?
Entsegu egunetan baino ez dugu ezagutu. Saio horietan profesional handia kausitu dugu: ontzi handi bat pilotatzearen ardura du, eta gu, aldiz, interpretatzaileak baino ez gara. Azken batean, 50-60 pertsonako lantaldea gidatzea zaila da; gainera, edonor ez da gai talde baten bertsioak hartzeko eta horrelako formatu erraldoi batean erreproduzitzeko. Beraz, entseguetako helburua batak bestea bilatzea izan da: guk orkestra eta haren zuzendaritza jarraitzen dugu, baina berak ere nora goazen jakin behar du. Adibidez, Jamixelek markatzen duen tempoa ondo ezagutu behar du, musikariak gidatu ahal izateko.
Nolako ezkontza egiten dute Kalakanen estiloak eta Euskadiko Orkestraren makroinstrumentazioak?
Puntu horretan, Jagoba Astiazaranen lan gogorra aipatu behar da: txistularia eta kantaria da, baina, batez ere, euskal kantutegi tradizionalaren egundoko kontzientzia du. Bere lana pasioz egin du, eta maitasunezko ofizio horrek emaitza txukuna ekarri duelakoan gaude. Haren moldaketak gako izan dira proiektuan, eta bi sonoritate motatik nolabaiteko musikaltasun komun bat sortzea erdietsi du.
Instrumentazio berezi edo berririk erabili duzue?
Ez. Orkestran bazen instrumentu nahikoa. Guk betidanik jo ditugun instrumentuak erabili ditugu: perkusioa, danborrak, txirula, alboka, txalaparta pixka bat eta gure ahotsak.
Zeren arabera eraiki duzue diskoko eta kontzertuetako abesti zerrenda? Orkestra moldagarritasunari erreparatu diozue?
Albumeko zerrenda Jagoba Astiazaranek josi zuen, guk baino irizpide osatuagoa baitu orkestrarekin uztartzeko materiari buruz. Hala ere, garrantzitsua da azaltzea diskoan eta zuzenekoan erabiltzen dugun zerrenda desberdina dela, musika kontsumitzeko egoera, bi kasuotan, bestelakoa delako. Kontzertuetan aintzat hartzen dugu sortu nahi ditugun sentsazioak nolakoak diren, ikuslearen interakzioa bilatzen dugun…
Nondik datorkizue kantagintza tradizionalarekiko motibazioa?
Bizi prozesu baten ondorioa da. Guretzat, tradizioa etxe zahar baten eraberritzearen moduko zerbait da: kulturaren etxeak badu itxura eta energia bat, eta barruan gauza zahar mordoa du. Kontua da etxe horrekin egin nahi duguna zehaztea. Dagoen bezala utz dezakegu, ikuspegi erromantiko batez; kanpoko egitura errespetatuz, barruko gauzak molda ditzakegu, egungo modara egokitzeko; edo etxea dagoen bezala mantendu dezakegu, erabilpen berriak emanez. Aukera asko daude. Guk etxea berritzea erabaki dugu, barruko elementuak aprobetxatuz: altzairu zaharrak biziberritu ditugu, eta eraikina gaurkotu.
Xalbadorren hitzak eta “Txoria txori”-ren bertsio bat ere baditu albumak.
Xalbador zutabe da guretzat: egia biribilak esan zituen, modu zeharo berezian. Gaude Xalbadorrek ez duela bere merezimenduaren neurriko onarpenik jaso. Odolaren mintzoa liburua irakurtzean konturatu ginen Xalbador ez genuela ia ezagutzen; egun, bertsolaritzaren mikrokosmosean entzutetsua da, baina handik at ez hainbeste. Bizi izan zen garaian oso eskasa zen sentsibilitatea zuen Xalbadorrek, eta, horri esker, bestelako ikuspuntua transmititzen zuen. Mundua bestelako argi batez ikusten zuen. “Txoria txori”-ri helduta, Ipar Euskal Herrian abesti horren esanahia eta sakontasuna distortsionatu egin dira: jai girora mugatu dute. Abesti hori aspalditik jo dugu, baina bere benetako zentzua aldarrikatzeko erabaki dugu grabatzea.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuez gain, Donibane Lohizune aukeratu duzue; zer dela eta?
Orkestra sartu ahal izateko, leku handia behar dugu, eta horrelako espazioak ez dira asko Euskal Herrian. Antolatzaileak ere oso ondo ezagutzen ditugu; ondorioz, badakigu soinu maila bikaina izango dela eta atrezzo zinez ederra prestatuko digutela.